Hasiera dotorea izan du Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusiak

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2010-02-08 11:38

Atzo, hilak 7, hasi zen 2010eko Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusia, Alegiko udal pilotalekuan.

Goizeko 11:00etan eman zitzaion hasiera jaialdiari. Hona hemen emaitzak:

2010eko otsailak 7, ALEGIA, 11:00

1

Etchelecu-Arozena

22

Muneta-Serre

30

2

Elguezabal-Ruiz De Larramendi

30

Housset-Manzisidor

20

 

Etchelecu-Arozena, 22 - Muneta-Serre, 30

Lehen partida gogorra bezain bizia izan zen, erritmo izugarrian jokaturikoa. Ordubetetik gorakoa izan zen iraupena, baina, hala ere, ez zituzten pilotariek hiruzpalau atsedenaldi labur baino hartu. Ikusleek gozatu ederra hartu zuten lau pilotariek emaniko ikuskizunarekin.

Hasierako tantoetatik nabarmen geratu zen inork ez zuela oparirik egingo, batez ere atzeko koadroetan pilatu baitzitzaien lana. Aurrelariek, ordea, beharrezkoa zen guztietan atera eta arnasalditxoa ematen zieten euren kideei, airez pilota txar ugari kenduz. Alderik nabarmenena tantoak amaitzeko orduan izan zen, Susana Muneta eta Amaya Serrek euren aukerak aprobetxatu zituzten bitartean, Amaia Etchelecu eta Nagore Arozenak, pilota gutxi galdu arren, ez baitzuten hainbeste aukera sortu. Sorturiko zenbaitetan ere atzera jokatu zuten, aurrean tantoa amaitzeko zer edo zer falta ote zaien irudipena eraginez bat baino gehiagori. 

Nabarmentzekoa izan zen Amaia Etchelecuren gaitasun fisikoen erakustaldia, beste edonorentzat ezinezkoak liratekeen hormabikoak bueltatu baitzituen bai bere burua lurrera botata eta baita esprint ikusgarriak eginez ere. Amaya Serrek ere fisikoki oso ongi eutsi zion erritmoari, gehienetan bizkarra erakutsi zion Nagore Arozenari, honek pilota zail askori erantzun ona eman zien, eta, lan bikaina egin zuen Susana Munetak ere tanto amaieretan zein kideari laguntzerako orduan.

Elguezabal-Ruiz De Larramendi,30 - Housset-Manzisidor,20

Partidaren hastapenean harturiko aldeari esker (10-1), lasaitasun apur batekin jokatzeko moduan izan zen bikote gorria neurketa osoan zehar. Maita Ruiz De Larramendik bere pilotakada bortitz bezain indartsuen bidez mendean hartuta izan zuen Goiatz Manzisidor hasiera-hasieratik. Hala ere, azken honek, beldurra eta urduritasuna aldentzea lortu zuenean, oso partida txukuna osatu zuen, pilotakada askotan eutsi eta erantzunez Maiteren joari. Maila ona eman zuen partidaren bigarren zatian, konfiantza apur batekin jokatzen hasi zenean. Maika Elguezabalek ere lan bikaina egin zuen, atzelariari laguntzeaz gain aurrean ere tanto polit askoak lortuz. Maritxu Houssetek lehen edizioan jokatu zuenetik denbora pasa bada ere, iaz ez zuen parte hartu amatasuna zela medio, jokatzen badakiela erakutsi zuen, tartean-tartean pilota zailak bueltatu eta aurkariak behartuz.  

Amaieran, beraz, garaipen garrantzitsua lortu zuten datorren asteburuan atsedena izango duten Elguezabal eta Ruiz de Larramendik, finalerdietarako euren hautagaitza plazaratuz.

Bigarren jardunaldia Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko da inauteri igandean, hilak 14, hau ere goizeko 11:00etatik aurrera.


Utzi iruzkina: