Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusia - Tolosako kronikak

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2010-03-08 11:22

Iragan larunbat arratsaldean jokatu ziren Tolosako Beotibar pilotalekuan 2010eko Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusiko finala eta 3-4.posturako norgehiagoka. 350 lagun inguru bertaratu ziren partidak jarraitzera eta oso gustura etxeratu ziren ikusitakoarekin.

 

Hona hemen emaitzak:

2010eko martxoak 6, TOLOSA (Beotibar), 18:00

3-4.postua

 

Espinar-Okariz

26

Elguezabal-Ruiz de Larramendi

30

Finala

 

Muneta-Serre

30

Etchelecu-Arozena

27

Espinar-Okariz, 26 Elguezabal-Ruiz de Larramendi, 30 

 

Jaialdiari hasiera eman zion partidan podiumeko koxkarik baxuena zegoen jokoan, 3.a.  Azken orduko baja bat izan zen eta, Claire Bordagaray pilotariaren ordez, Mirentxu Okarizek jokatu zuen Patricia Espinarrekin.

 

Ordezkapena zela-eta partida pixka bat aldatu eta erraztu bazitzaien urdinei ere, Mirentxu Okarizek oso ongi bete zuen Bordagarayren hutsunea, ahal izan zuen denetan Maite Ruiz de Larramendiren joari eutsiz eta, oso noizbehinka izan bazen ere, Maiteren pare emanaz. Bikote urdina izan zen nagusi hasiera-hasieratik jokoan eta markagailuan, atzelariaren kolpeari eta aurrelariaren segurtasunari esker hein handi batean, tanto aldea handia ez bazen ere uneoro ederki kudeatuz. Amaieran, beraz, Maika Elguezabal kanboarrak eta Maite Ruiz de Larramendi eulatearrak etxeratu zuten 3. postua. Azpimarragarria da Maitek goi-mailako txapelketa honen hiru edizioetan bukatu duela 3. postuan.

 

Muneta-Serre, 30 – Etchelecu-Arozena, 27

 

 

Jaialdiko bigarren partidan, aurreikuspenak betez, tanto luze bezain gogorrak jokatu zituzten lau pilotariek. Horren erakusgarririk garbiena da partidak ordu eta laurdenen bueltan iraun izana. 

 

Partidaren hasieratik berdintasuna izan zen nagusi markagailuan eta jokoan, batez ere bi bikoteek pilota zailak eraman eta huts gutxi egin zituztelako. Hala ere, partidaren erdialdera izan zen gorabeherarik. Etchelecu eta Arozena 21-16 aurretik egon ziren, baina gorriek partida 22na berdintzeko adorea eta jokoa erakutsi zituzten. 24nako berdinketaren ostean, 27-24 aurreratu ziren Muneta eta Serrre, baina, urdinek 27na berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera, baina, Muneta eta Serrek bata bestearen atzetik egin zituzten azken hiru tantoak eta eurentzat izan dira aurtengo txapelak.

 

Amaieran, sari-banaketa ekitaldia egin eta familia argazkia atera zuten parte hartzaile, babesle eta antolatzaileek.

 

 

ZORIONAK eta ea hurrengoan ere halako partidak antolatzerik dugun! 


Utzi iruzkina: