Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusia - Ligaxkako 3. eta azken jardunaldia Urretxun

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2010-02-19 09:25

Igandean, hilak 21, jokatuko da Urretxuko Ederrena pilotalekuan 2010eko Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusiko ligaxkako 3. eta azken jardunaldia. Goi-mailako lehiaketa hau antolatu ahal izateko, Kutxaz gain, ezinbestekoa izan zaigu Urretxuko udalaren babes eta laguntza ere, hasiera-hasieratik agertu zuelako jardunaldi bat bertan antolatzeko asmo irmoa. Urretxuren kasuan, gainera, goi-mailako txapelketa honen hiru edizioetan izan da egoitza, Tolosarekin batera.

Aurten ere Euskal Herriko pilotaririk onenak bertatik bertara jokatzen ikusiz gozatzeko parada ezinhobea izango du bertaratzen den orok. Gainera, bertan erabakiko da zein lau bikotek erabakiko duten astebete beranduago, hilaren 28an, Bergaran jokatuko diren finalerdietarako txartela. Beraz, ez da ikusmin eta tentsiorik faltako kantxan.

Ederrenako jaialdia goizeko 11:00etan hasiko da. Hona hemen partiden berri:

2010eko otsailak 21, URRETXU (Ederrena), 11:00

1

Urkizu-Montes

Etchelecu-Arozena

 

Atsedena: Muneta-Serre

2

Espinar-Bordagaray

Elguezabal-Ruiz De Larramendi

 

Atsedena: Housset-Manzisidor

Jaialdiko lehen neurketan finalerdietarako B multzoko bigarren txartela izango da jokoan, Urkizu-Montes eta Etchelecu-Arozenaren artean. Ligaxkan jokaturiko partida bakarrean Muneta-Serre biko sendo bezain indartsuaren aurka galduta daude bi bikoteak (25ean eta 22an hurrenez hurren). Honenbestez, Urretxun garaipena poltsikoratzen duenak aurrera egingo du, eta, galtzaileak, etxerako bidea.

Bigarren partidan A multzoko bi bikote sailkatuak arituko dira nor baino nor. Kasu honetan finalerdietan dira euren multzoko Housset-Manzisidorri irabazita ligaxkako aurreko jardunaldietan. Hala ere, multzoko lidertza izango dute jokoan eta, badu bere garrantzia, Munetaa-Serre bikotearen aurka jokatzea ekidingo baitu garaipena eskuratzen duenak.

Atsedena izango dute Muneta-Serre (B multzoa) eta Housset-Manzisidor (A multzoa) bikoteek.

Denok zaudete bertaratzera gonbidatuta!


Utzi iruzkina: