Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusia. Finalerdietako kronika

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2010-03-02 10:45

Iragan igandean, hilak 28, jokatu ziren Bergarako udal pilotalekuan 2010eko Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusiko finalerdiak. Hona hemen emaitzak:

 

2010eko otsailak 28, BERGARA (Udal pilotalekua), 11:00

1

Elguezabal-Ruiz de Larramendi

25

Etchelecu-Arozena

30

2

Muneta-Serre

30

Espinar-Bordagaray

29

 

Elguezabal-Ruiz de Larramendi, 25 Etchelecu-Arozena, 30

 

Jaialdiari hasiera eman zion partida gogor, piloteatu eta erritmo handian jokaturikoa izan zen. Bi bikoteak zeukaten dena ematera atera ziren, Beotibarren finala jokatzeko asmo garbiarekin. Ordu eta laurden inguruko iraupena izan zuen eta lau pilotariek hartu zuten pasada ederra.

 

Bi atzelariek ezaugarri ezberdinak izanagatik ere, Maite Ruiz de Larramendiren joari Nagore Arozenaren jarraitasun eta segurtasunak, Amaia Etchelecuk ere laguntza bikaina eman zion, irabazi ziola esan genezake. Tanto oso luzeak jokatu zituzten, batez ere lautik hiru oso pilotari seguru eta iraupen luzekoak direlako. Maite Ruiz de Larramendiri eman beharraren eman beharraz pilotakada batzuk kanpora joan bazitzaizkion ere, honek ere oso partida txukuna jokatu zuen. Aurreko koadroetan ere nabarmen geratu zen dohai fisiko ezinhobeak dituela Amaia Etchelecuk, ia ezinezkoak ziruditen pilota bat baino gehiago itzuliz, eta baita Maika Elguezabalen buru-azkartasuna ere.

 

Amaieran, baina, norbaitek irabazi behar eta lehia bikain baten ostean Etcehelecu-Arozenak eskuratu zuten finalerako txartela.

 

Muneta-Serre, 30 – Espinar-Bordagaray, 29

 

Jaialdiko bigarren partidan, aurreikuspenak betez, lehenengoan baino huts dezente gehiago egin zituzten pilotariek. Batez ere bi atzelariek, pilota atzeratzeko kolpe bortitz bezain indartsuak jo nahian, goiko koltxoira bideratu baitzituzten hainbat kolpe.

 

Partidaren hasieratik aurretik izan zen bikote gorria markagailuan, batez ere bikote urdinaren opariei esker. 25-20 ere egon ziren, baina orduan heldu ziren urdinen erreakzioa eta gorrien huts egiterik nabarmenenak. Izan ere, 29-27 irabazten joatetik 29nako berdinketara igaro ziren. Azkenean, baina, Espinarren azken pilotakada, gutxigatik izan bazen ere, kontrakantxara joan zen eta horrek erabaki zuen finalistak nortzuk izango ziren: Muneta eta Serre.

 

Finala eta 3. eta 4. postuko norgehiagokak Tolosako Beotibarren jokatuko dira, larunbatean, martxoaren 6an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Hona hemen jaialdiaren berri:

 

2010eko martxoak 6, TOLOSA (Beotibar), 18:00

3-4

Elguezabal-Ruiz de Larramendi

Espinar-Bordagaray

Finala

Muneta-Serre

Etchelecu-Arozena

 


Utzi iruzkina: