Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusia - Finalerdiak erabakita
Iragan igandean, hilak 21, jokatu zen Urretxuko Ederrena pilotalekuan 2010eko Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusiko ligaxkako 3. eta azken jardunaldia. Hona hemen emaitzak:
2010eko otsailak 21, URRETXU (Ederrena), 11:00 | ||
1 |
Urkizu-Montes 22 |
Etchelecu-Arozena 30 |
2 |
Espinar-Bordagaray 22 |
Elguezabal-Ruiz De Larramendi 30 |
Urkizu-Montes, 22 – Etchelecu-Arozena, 30
Jaialdiari hasiera eman zion partida gogor, orekatu bezain lehiatua izan zen. Bi bikoteak garaipena poltsikoratu beharrean kantxaratu ziren, finalerdietarako txartela ziurtatuko baitzuten horrela. Partida oso erritmo bizian eta ia atsedenaldirik gabe jokatua izan zen eta ordu eta hogei minututik gorako iraupena izan zuen. Partidaren amaieran ere pilotariek horixe bera azpimarratu zuten: partidaren gogortasuna.
Partidaren lehen herenean berdintasuna izan zen nagusi markagailuan, eta baita jokoan ere. Hortik aurrera, ordea, bikote urdinak aldetxoa eskuratu eta amaierara arte mantentzea lortu zuen. Tantoak oso luzeak izan ziren, oso gutxi amaitu ziren aurreko koadroetan, behin baino gehiagotan nekeak ere garrantzia izanik tantoa gorri ala urdin izateko kinka horretan.
Amaieran, beraz, B multzoko 2. lekua eskuratu eta Bergaran izango dira Amaia Etchelecu lohitzundarra eta Nagore Arozena lizartzarra.
Espinar-Bordagaray, 22 – Elguezabal-Ruiz de Larramendi, 30
Eguerdiko ordu batak laurden gutxietan eman zitzaion hasiera bigarren partidari. Bertan aurrez aurre bi jotzaile handi izan ziren atzeko koadroetan eta tantoa bukatzeko ahaleginean gogor saiatzen diren bi aurrelari aurrekoetan. Hasiera batean ikusgarritasuna eta oreka espero baldin baziren ere, aintzat hartuz bi bikoteak finaledietarako sailkapena ziurtatuta kantxaratu zirela, lau pilotariek ez zuten euren egunik onena izan eta huts asko egin zituzten. Tarteka pilotaka indartsu batzuk jo bazituzten ere, tantoek ez zuten pilotakada asko izan, jarraikortasun eta ikuskizunaren kaltetan.
Honenbestez, Bergarako udal pilotalekuan jokatuko dira finalerdiak igandean, otsailak 28, betiko orduan. Goizeko 11:00etan Elguezabal-Ruiz de Larramendi eta Etchelecu-Arozena arituko dira lehen finalerdian eta bigarrenean Muneta-Serre eta Espinar-Bordagaray.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: