Larunbatean, martxoak 6, jokatuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan 2010eko Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusiko 3.-4.postuak eta final nagusia. Tolosako udalak hasiera-hasieratik eskaini dio bere laguntza tapelketa honi. Besteak beste, goi-mailako lehiaketa hau antolatu den hiru edizioetan finala bertan jokatu da orain artean.
Goi-mailako sari hau martxan jarri zenetik hirugarrenez izango da Euskal Herriko (eta mundu mailako) pilotaririk onenak bertatik bertara jokatzen ikusteko aukera Tolosan. Ea aurreko bi finaletan bezala harmailak goraino betetzen diren etzidamu ere.
Beotibarreko jaialdian, ordea, edizio honetako bikote garaileaz gain, gainerako postuetan nortzuk sailkatuko diren ere erabakiko da. Izan ere, finalaren atariko partidan podiumeko koxkarik baxuenera nortzuk igoko diren ezagutuko dugu, 3. eta 4. postuak definitzeko partida izango baita.
Jaialdia arratsaldeko 18:00etan hasiko da. Hona hemen partidak:
2010eko martxoak 6, TOLOSA (Beotibar), 18:00 |
3-4. postua |
Espinar-Bordagaray |
Elguezabal-Ruiz de Larramendi |
Finala |
Muneta-Serre |
Etchelecu-Arozena |
3. eta 4. posturako norgehiagoka jokatuko duten pilotarien artean azpimarratzekoa da Maite Ruiz de Larramendi atzelari eulatearraren esperientzia. Izan ere, aurreko bi edizioetan finalaren atariko hau bera jokatu eta bietan eskuratu du hirugarren postua. Aurreko koadroetan kide izango duen Maika Elguezabalek bitik bi txapel ditu lortuak, baina aurten ezingo du balentria hori errepikatu. Bikote urdinari dagokionean, berriz, txapelketa ondo hasi bazuten ere azken bi jardunaldietan ez zaizkie gauzak nahi eta espero bezain ondo atera. Hori dela eta, arantza hori atera eta euren benetako joko-maila erakusteko gogo biziz kantxaratuko dira Patricia Espinar eta Claire Bordagaray. Atzelari behe-nafartarra iaz finalista izan zen Susana Munetarekin batera.
Finala izango da, ziurrenik, ikusleei zirrara eta urduritasunik handiena eragingo dizkien partida. Txapelketari ginda jartzeko itxaropena behintzat badago. Pilotari bakoitzak bere animatzaile taldetxoa eramango du, gainera. Beraz, giro ona behintzat ziurtatuta dago. Lehia bizian arituko diren lau pilotarietatik hirurentzat euren bigarren finala izango da. Amaia Serrek Itsaso Urkizurekin jokatu zuen lehen edizioan, Susana Munetak Claire Bordagarayrekin iaz eta Nagore Arozenak ere iaz jokatu zuen Maika Elguezabalekin. Gorriek aurrez jokaturiko finalak galdu egin zituzten eta Arozenak, berriz, garaipena lortu zuen iazko edizioan.
Txapelketari amaiera emango dion neurketa baliteke iazko finala bezain gogor, parekatu eta lehiatua izatea, orduko hark ordu eta laurdenetik gora iraun zuen, lau pilotarien ezaugarriak iazko protagonistenen antzekoak baitira. Hala ere, nahiz eta aurrekari bezala hartzea ez den oso gomendagarria, oroitu behar da ligaxkako lehen jardunaldian, otsailaren 7an, Alegian, elkarren aurka jokatu zutenean, Muneta-Serre bikoak aisa irabazi zuela, 30-20. Ordutik, ordea, hilabete igaro da eta bikote urdinak nabarmen egin du gora txapelketak aurrera egin ahala, batez ere elkarrekin egindako entrenamenduei eta Amaia Etchelecuren hobekuntzari esker. Honenbestez, pilotakada askoko partida gogor bezain luzea izatea espero da.
Beotibarrera inguratzen denak ez du damu izpirik izango, partida politak ikusiz gozatzeaz gain, goi-mailako paletariak etxe ondoan ikusteko hain aukera paregabea ez baita egunero izaten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: