Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusia - 2. jardunaldia, Zumarraga

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2010-02-11 13:20

Igande honetan bertan, hilak 14, inauteri igandea, jokatuko da Zumarragako Beloki pilotalekuan 2010eko Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusiko 2. jardunaldia. Goi-mailako lehiaketa hau antolatu ahal izateko, Kutxaz gain, ezinbestekoa izan zaigu, Alegia, Urretxu, Bergara eta Tolosakoarekin batera, Zumarragako udalaren babes eta laguntza, hasiera-hasieratik agertu duelako jardunaldi bat bertan antolatzeko asmoa.

Euskal Herri mailako ezker hormako emakume pilotarien txapelketa onentzat ezagutzen den hau lehenengoz helduko da Zumarragara. Noiz edo noiz erakustaldi partidaren bat jokatu bada ere, ez da goren mailako paletariak bertatik bertara ikusi eta hauen joko-mailaz gozatzeko aukerarik izan orain arte. Ez daude alperrik parte hartzaileen artean munduko 7 txapeldun eta 4 txapeldunorde. Igandean, beraz, aukera paregabea izango du bertaratzen denak, goiz pasa atsegina egiteaz gain, emakumeek ere ederki jokatzen dutela frogatzeko.

Beloki pilotalekuan jokatuko den jaialdia goizeko 11:00etan hasiko da. Hona hemen partidak: 

2010eko otsailak 14, ZUMARRAGA, 11:00

1

Housset-Manzisidor

Espinar-Bordagaray

 

Atsedena: Elguezabal-Ruiz De Larramendi

2

Muneta-Serre

Urkizu-Montes

 

Atsedena: Etchelecu-Arozena

Jaialdiko lehen neurketan A multzoko Housset-Manzisidor eta Espinar-Bordagaray bikoteak arituko dira aurrez aurre. Iragan igandean Alegian jokaturiko partida galduta kantxaratuko dira gorriak. Txapelketako aurreneko partida izango da urdinentzat. Housset eta Manzisidorrek ezinbestekoa dute garaipena finalerdietan izateko aukeraren batekin segi dezaten, nahiz eta, ondoren, ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldian, Elguezabal-Ruiz de Larramendi/Espinar-Bordagaray neurketan gertatuko denaren zain egotea tokatuko litzaieken. Espinar-Bordagaray bikoteak irabaziko balu finalerdietan izango lirateke, ligaxkako azken jardunaldian beste patxada batekin jokatzeko modua izanik.

Bigarren partidan B multzoko Muneta-Serre eta Urkizu-Montes jardungo dira nor baino nor. Kasu honetan ere ligaxkako bigarren eta azken norgehiagoka izango da Muneta-Serrentzat, eta, lehenenegoa, aldiz, Urkizu-Montesentzat. Muneta-Serre bikotea, ordea, Alegian garaipena eskuratuta dago dagoeneko, partida bikain bezain gogorra jokatu ostean, gainera. Urkizu-Montesentzat oso garrantzitsua izango da txapelketa irabaziz hastea, ligaxkako hirugarren jardunaldian, Etchelecu-Arozena bikotearen aurka, hil ala bizi jokatu beharrean izango badira ere, psikologikoki indartuta atera bailitezke.

Atsedena izango dute Etchelecu-Arozena (B multzoa) eta Elguezabal-Ruiz de Larramendi (A multzoa) bikoteek.   


Utzi iruzkina: