Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusia - 1.jardunaldia, Alegia
Atzo arratsean aurkeztu eta etzi, igandez, emango zaio hasiera 2010eko Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusiari. Goi-mailako lehiaketa hau antolatu ahal izateko, Kutxaz gain, ezinbestekoa izan zaigu bidaide ditugun udalen babes eta laguntza, hasiera-hasieratik agertu dutelako partidak bertan antolatzeko asmoa eta jarrera.
Alegiko udalak beso zabalik hartu zuen proposamena eta gogotsu eman zion baiezkoa Euskal Herriko maila goreneko emakume pilotarien txapelketa honen estreinako geltoki izateko erronkari. Inauterien usainean, konbinazio polit bezain erakargarria izan liteke larunbateko kaldereroen etorrera igandeko paletako partiden ikuskizunarekin uztartzea.
Alegiko udal pilotalekuan jokatuko den jaialdia goizeko 11:00etan hasiko da. Hona hemen partidak:
2010eko otsailak 7, ALEGIA, 11:00 | ||
1 |
Etchelecu-Arozena |
Muneta-Serre |
2 |
Elguezabal-Ruiz De Larramendi |
Housset-Manzisidor |
Txapelketari hasiera emango dion neurketan, B multzoko Etchelecu-Arozena eta Muneta-Serren bikoteak izango dira aurrez aurre. Arozena eta Muneta elkarren aurka neurtu ziren iazko finalean (orduan El Diario Vasco Saria izena zuen txapelketak), Elguezabal eta Bordagaray lagun zituztela, hurrenez hurren. Orduko hartan lizartzarrak lortu zuen garaipena, baina ez izerdirik isuri gabe. Beraz, norgehiagoka estu bezain parekatua izatea aurreikusten da.
Jaialdiko bigarren eta azken partidan Elguezabal-Ruiz de Larramendi eta Housset-Manzisidor bikoteak arituko dira nor baino nor. Aurreko bi edizioetako txapelak lortutako Elguezabalek Ruiz de Larramendi atzelari indartsua izango du lagun atzeko koadroetan. Aurkari, berriz, iaz amatasuna zela-eta parte hartzerik izan ez zuen Housset aurrelari bizi eta segurua eta Manzisidor hernaniarra. Bikoteen arteko elkar ulermen eta konpenetrazioa bezain garrantzitsua izango da erregulartasuna neurketa honetan ere.
Atsedena izango dute Urkizu-Montes (B multzoa) eta Espinar-Bordagaray (A multzoa) bikoteek.
Igandean elkar ikusiko dugulakoan, ondo izan!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: