Finalerdietako kronika
Atzo arratsaldean, azaroak 24, jokatu ziren Zubietan ezker hormako II. Emakumea Pilotari txapelketako finalerdiak. Guztira lau partidu jokatu ziren, 2. mailako bi finalerdiak eta 1. mailako biak.
Neurketak oso garrantzitsu eta erabakiorrak ziren, irabazleek finalerako txartela eskuratu eta galtzaileek, berriz, txapelketari agur esango ziotelako. Nabari zen hori bai pilotalekuko giroan eta baita pilotarien urduritasun eta tentsio puntuan ere.
Hona hemen emaitzekin osaturiko taula:
ZABALA-ZABALA | 30 | 21 | TIJERO-LUJANBIO |
BAÑALES-GURRUTXAGA | 30 | 26 | JAUREGI-GOENAGA |
MANZISIDOR-ARGAIN | 15 | 30 | ETXEGIA-MENDIZABAL |
FERNANDEZ-AROZENA | 25 | 30 | URKIZU-UNANUE |
Arratsaldeko lehen norgehiagoka nahiko gorabeheratsua gertatu zen. Hasieran markagailua estu eta orekatua izan bazen ere, azken txanpan dezenteko nagusitasunez lortu zuten garaipena M.Zabala eta N. Zabalak, 30-21 irabazi baitzioten Tijero-Lujanbio bikoari.
Bigarren mailako bigarren bikote finalista erabakitzeko partidua, berriz, zirraragarri eta estuagoa gertatu zen. Tentsioa azken unera arte mantendu zen eta ikusleren batek baino gehiagok sufritu zuen. Hasiera batean bazirudien Bañales-Gurrutxaga bikoteak ez zuela arazo handiegirik izango txartela eskuratzeko, baina gerrarako prest joan ziren Jauregi eta Goenaga Zubietara. Horren erakuslerik garbiena markagailua bera izan liteke, azkenean 30-26 nagusitu baitziren, lan puska bat egin beharrean izan ziren Bañales-Gurrutxaga.
Honenbestez, lehen mailako partiduen txanda heldu zen. Partidu gogor eta luze xamarrak aurreikusten ziren, baina ustea erdi ustel gertatu zen hein handi batean. Lehen partiduan Etxegia-Mendizabal bikoteak 30-15 irabazi zion Manzisidor-Argainek osatutakoari. Partidua hasieran erritmo handikoa eta parekatua izan bazen ere, Maider Mendizabalek ez zuen larritasunik pasa nahi izan eta hasiera-hasieratik garbi ikusi zen partidua irabazteko asmoz kantxaratu zirela. Azkenean, beraz, Etxegia-Mendizabalek eskuratu zuten jokoan zen lehen txartela.
Arratsaldeko laugarren eta azken partiduan, azkenik, markagailuak buelta handi xamarra hartu zuen amaierarako. Fernandez-Arozena 9-1 joan ziren aurretik hasieran, baita 15-11 ere, baina hor etorri zen Urkizu-Unanue bikotearen erreakzioa. Hasieran egindako hutsak alboratu eta Itsaso Urkizu "esnatu" zenean airean ibili zituen Fernandez eta Arozena, ikusleei tanto polit askoak eskaini eta duen maila erakutsiz. 19-19 berdindu zuten neurketa (20-20 ere bai) eta hortik aurrera ia zulo handia ireki zuten Berastegikoak eta azpeitiarrak, 22-28 aurretik jarriz. Bikote gorriak etsipenetik oso gertu izan arren, azken ahaleginean 25-29 gerturatzea lortu zuen, baina ez zuten gehiagorako astirik izan. Azkenean, merezimendu osoz eskuratu zuten finalerako txartela Itsaso Urkizu eta Oihana Unanuek, 30-25 irabazita.
Finalak Hernaniko kiroldegiko pilotalekuan jokatuko dira datorren larunbatean, abenduak 1, arratsaldeko 17:30 inguruan hasita.
Iruzkinak
Uxue 2007-11-25 18:59 #1
Pena zan ba!! Hain gertu sentittu ta gero... Hernanin zuriz jantzitta jokatzeko ametsak beste batearte etxoin beharko do. Abestik dion bezelaxe, "hurrengoan izango da, honek bueltarik ez dauka". Aupa Nagore, animo!!!
Utzi iruzkina: