Festa polita Zarautzen
Pasa den larunbatean, azaroaren 29an, eman zitzaion amaiera Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan ezker hormako III. Emakumea Pilotari txapelketari.
Hona hemen emaitzak:
1. taldea | 2. taldea | Kategoria | ||
D. Dominguez-L.Lucas | 30 | 12 | G.Tijero-N.Urbieta | 2.maila |
U.Fernandez-A. Montes | 30 | 24 | E.Pierola-O.Unanue | 1. maila |
Arratsaldeko 16:30ean hasi zen jaialdia, Zarauzko Nesken Paleta Eskolako ikasleen erakustaldi partidarekin. Ordu erdi pasatxoz aritu ziren nor baino nor Ainhoa-Ane eta Ainara-Malen bikoteak. Hasiberriak izanagatik ere jokatzeko gogoa eta borrokarako grina behintzat nabarmen erakutsi zituzten kantxan.
Arratsaldeko 17:30erako zegoen iragarrita 2. mailako finala. Pilotariak 17:00etarako bertaratu ziren pilotalekura, beroketa ariketak ahalik lasaien egin eta partidua hasterako puntu-puntuan egon zitezen. Erlojuan 17:30 ageri zirenean ekin zioten ustez parekatua izango zela zirudien partiduari, txapelaren bila.
Ez zen espero bezain final lehiatu eta parekatua izan, ezta ikusgarria ere. Hasiera-hasieratik huts asko egin zituzten urdinek eta konturatzerako gorriek 10 tantotik gorako zuloa zeukaten markagailuan (22-11). Beraz, tanto aldeak ematen duen lasaitasunaz oso ondo baliatuz heldu ziren 30. tantora Dominguez eta Lucas.
Ordubete beranduago, 18:30 inguruan, hasi zen 1. mailako finala. Beroketa ariketetarako behar beste denbora hartu zuten pilotariek, urduritasuna ere izerdiarekin batera kanporatzeko esperantzan.
Uxue Fernandez urretxuarra eta Ainhoa Montes astigarragarra aritu ziren gorriz. Urdinez, berriz, Estitxu Pierola donostiarra eta Oihana Unanue azpeitiarra.
Faborito argirik gabeko eta lehia estuko partida izango zela zioten aurreikuspenek, eta halaxe gertatu zen. Hasiera-hasieratik nabari zen tentsioa pilotariengan, tantoak galtzeko beldurra, baina baita bertaratutako 200 lagunen aurpegietan ere. Ia erabateko isiltasuna izaten zen tantoa apur bat luzatzen zen bakoitzean.
Markagailuan oso-oso paretsu aritu ziren, gorriak bat aurretik, berdinketa, berriro ere bat aurretik, 15. tanto ingurura arte. Markagailuan 15-13 galtzen egotetik 15-18 irabaztera igaro ziren Pierola eta Unanue, euren joko guztia atzean kargatuz, Ainhoa Montesen txakalaldi bat medio. Gorriek ez zuten etsi, ordea, eta 19-18 aurreratzea lortu zuten. Azken berdinketa 23-23nakoa izan zen. Azken txanpan erabaki zen partida, aurrelari gorriak tantoak amaitzeko erabakia hartu eta ondo irten zitzaionean, bizpahiru tanto lortuz. Urdinak urduritu egin ziren, finalak ihes egingo zien beldur, eta hiruzpalau pilotakada bidali zituzten kontrakantxara.
Azkenean, ordu eta hogei minutuz lehia bizian aritu ondoren, Uxue Fernandez eta Ainhoa Montesek etxeratu zituzten txapelak, 30-24 irabazita.
Amaiera biribila eman asmoz, txapelketan parte hartu eta finalak ikustera gerturatu ziren pilotari guztiek familia argazkia atera zuten, elkarrekin afaltzera joan aurretik.
Amaitzeko, aipatu eta eskertu beharrean gaude txapelketa honek azken bi asteotan hedabideetan izan duen jarraipena eta baita txapelketa osoan zehar herririk herri izan duen harrera ere.
Mila esker denoi eta hurrengo ediziora arte!!
Iruzkinak
2008-12-03 22:04 #1
<P>Emakume pilotariak zoriondu nahi ditut. Larunbatean Zarautzen izan nintzen, finaletan. Harmailetan ikusle ugari topatu nuen, neska pilotarien artean lagunarteko giroa, tanto onak... festa polit bat iruditu zitzaidan. </P>
<P>Pilotalekuetan zeozer ibiltzen naiz eta ez da erraza horrelako giroa aurkitzea. Beraz, animo, segi lanean eta eutsi goiari!</P>
<P>Ah! horrelako foro bat izatea, luxua da!</P>
<P>Mila esker</P>
Utzi iruzkina: