Ezin final estuagoa Pauen
Eskuak izerditan, hankak dardarka, eztarriak urratzear, bihotzak irten beharrean,... Emozioak pil-pilean eta kirioak dantzan. Hori eta gehiago bizi izan genuen iragan larunbatean, hilak 9, Paueko trinketera Munduko Pilota Txapelketako gomazko paletako finala ikustera hurbildu ginenok. Edo, bai gutako batzuk bederen.
Bagenekien garaipena euskaldunentzat izango zela hasi aurretik, baina, azken tantoan erabaki zen urreak Hego ala Ipar Euskal Herrirako bidea hartuko zuen, ordubetetik gora eta 800 pilotakada inguru iraun zuen partida ezin estuagoan.
Txapelketa |
Gorria |
Emaitza |
Urdina | |
Munduko Pilota Txapelketa Gomazko paleta neskak |
I. Urkizu M. Ruiz de Larramendi H. Zamora N. Arozena |
30 |
29 |
S. Leiza M. Elguezabal A. Etchelecu S. Graciet |
Txapelketaren hasieratik (eta aurretiko entrenamendu hilabeteetan) pilatutako neke eta tentsioari egun munduan joka liteken mailarik goreneko hitzorduak berak dakarren presioa gehituz gero ez da zaila pilotarien urduritasun maila zenbatekoa zen imajinatzea. Partidaren hasiera ez zen bereziki ona izan, huts dezente izan ziren, baina, erditik aurrera, pilotariak pittin bat lasaitzen joan ahala, tantoen iraupen eta pilotakada kopuruak nabarmen egin zuten gora eta, ikusleak ere berotzen joan ziren, giro paregabea lortzeraino.
Markagailuan alde handi samarrak ireki zituzten Leiza eta Elguezabalek 6-6 egon ondoren (10-6, 17-11, 23-16), batez ere Maikaren partida bikain eta tanto amaiera eder pare bati esker. Hazi egin zen kanboarra eta bazirudien Itsaso eta Maitek uneren batean etsi egin zezaketela (17-25 galtzen ere joan ziren), baina, zorionez, hortzak estutu eta euren joko-mailarik onena eskainiz, berdinketa eskuratu zuten markagailuan, amaitzeko hiru tanto baino falta ez zirenean, 27-27. Hortik aurrera, zortea lagun, 28-28, 29-29 eta azken tantoa baino ez zen falta. Stephaniek zuen sakea eta isiltasunak salatzen zuen norainoko tentsioa zegoen trinketean. Azkenean, Maitek jotako pilota sarean sartu zen bote ondoren eta garaipenak hegoalderako bidea hartu zuen. Orduan azaleratu zituzten pilotariek euren emozioak, egindako lanaren ordaina jasotzeaz gain.
Eitb.com-eko bideoa ikusteko sakatu hemen
Galdu ala irabazteaz gain, ordea, benetan aipagarri, txalogarri eta eskergarria izan zen uneoro pilotariek elkarrenganako agertu zuten errespetua, tantoren bat berriz jokatzea tokatu zenean zein elkarri traba egitean barkamena eskatuz. Argi utzi zuten oso ongi moldatzen direla elkarrekin, lehia 30. tantoan amaituta. Gozamena izan zen han bertan egon eta partida hain hurbiletik bizi ahal izatea.
Zorionak denoi eta bejondeizuela!
Iruzkinak
Garbi 2010-10-12 20:33 #1
Kronika ona benetan....han bertan izan bagina bezelakoa.<br />Zorionak txapeldun eta txapeldunordeentzat. 800 pilotakada final batean ez da gutxi.<br />
Utzi iruzkina: