Hiriburu txikia, hiribururik ederrena

egunilun 1456132069370 egunilun | 2008-02-22 15:27

2007ko udan ezagutu nuen Donibane Garazi. Herri dotorea zinez eta gure lurraldeko hiribururik txikiena ere bai 1.400 biztanle xumerekin hain umila eta baketsua. Entzuna nuen oso herri polita zela baina bertara iritsitakoan mugimendu gehiegi ikusi nuen. Harritua gelditu nintzen kalean zebilen trafikoarekin: autoak batetik bestera, Frantziatik hurbildutako turista andana bat kaleetan, tren turistikoak hortik hara... eta lehendabiziko begiradan herriak ez ninduen hunkitu. Baina bestelako sentsazioak piztu zitzaizkidan harresiek babesten duten alde zaharrean sartu bezain pronto.

Egia esan Erdi Aroko kutsua alde guztietatik dario Donibane Garazi zaharrari eta alde zaharra eta honen harresiak dira horren adierazle. Espainiako karrika da sarbideetako bat eta hau da herriko salerosketa gune handiena bertan baitaude denda gehientsuak. Pixka bat aurrera jarraituz Andre Mariaren elizara iritsiko gara Errobi gaineko zubia iragan ondotik. Aipagarria da Garazik duen Nafar nortasuna, izan ere, elizako beiraduratan eta aldarean Navas de Tolosako batailaren ondorio izan ziren kateak ageri dira. Hortik aurrera jarraituz Zitadelako karrika malkartsura ailegatuko gara, askoren ustez, Euskal Herriko kalerik ederrenetarikora. Apezen presondegia delako ziega bisita daiteke hemen eta baita herriko herririk zaharrenetarikoa  1510ekoa alegia. Gorago joateko aukera badago ordea, eta aukera bat herriaren muino gainean kokatua dagoen gotorlekura jo daiteke. Igoera Zitadelako karrikatik edo elizaren atzetik abiatzen diren eskailera batzuetatik egin daiteke. Gaur egun, lizeo gisa funtzionatzen badu ere, iraganean helburu militarrekin bat egiten zuen.


Osteratxoa egin ondoren Donibane Garazik eskaintzen dituen ostatuetan hainbat atseden edo aperitifa egin daitezke; harresi barruan nahiz kanpoan. Adibide gisa Kalaka herriko ostatua  daukagu harresien kanpoaldean. Bertan biltzen da Garaziko gazteria euskalduna eta Baxenabarreko produktuez eginiko postreak dastatzeko aukera ematen dute tokiko garagardoak (Akerbeltz) eta plater konbinatuak emanez. Tamalez, ostatu hau afera politiko batez zipriztindua izan zen uda amaieran. Bertan polizia operazio bat gauzatu zen hainbat atxiloturekin.

Donibane Garazi zaharra mugaldea eta Nafarroako erreinurako Pirineoetako sarrera zaintzeko sortu zen XII. mendean eta mende asko iragan badira ere, ezinbesteko bidaia batean topaleku bilakatzen da. Hori bai iradokizun bat: xarmangarria da herria gauez bisitatzea harresiak eta alde zaharrak argiztatuta baitaude ere polit batean. Zaldun eta soldaduak irtengo zaizkigun sentsazioak areagotzen dizkigu honek.


Utzi iruzkina: