Hitz eta pitz

egal 1456132053662 Egal | 2009-05-08 22:38

I eta M ezizeneko bi Senegaldarrekin egin dugu hitz itsasontzitik atera eta Bergarara iristeraino egindako bidaiaren inguruan. Hauxe da kontatu digutena:

Nola sortu zen hona etortzeko ideia?

I: Lagunak ditugu Europan, haiengandik kontakizunak iristen zaizkigu Afrikaraino: nola etorri, nora...

Zer sartu zenuten motxilan hona etortzean?

M: Motxilan itsasontzia ordaintzeko familiaren artean bildutako dirua eta arropa pixka bat eramaten zuen jendeak. Nik ez nuen motxilarik ekarri, prakak eta jaka soilik.

I: Nik arropaz bete nuen motxila, 10 kilo baino gehiago zuen. Denek esaten zidaten zoratuta nengoela. Beste batzuek janaria sartu zuten, baina baziren matxeteak edo labanak sartzen zituztenak ere, ontzian edozer gerta baitaiteke. Izan ere, batzuetan liskarrak sortzen dira, eta jendea hil eta itsasora bota behar izaten dira.

Hona heltzean zer egin zenuten lehenengo egunetan?

I: Lurrera iristean Espainiako marinak harrapatu gintuen. Gurutze Gorriak harrera egin zigun eta ondoren polizia-etxe batean pasa genituen hiru egun, polizia, interprete eta abokatu batzuekin. Salaketaren bat egin nahi genuen galdetu ziguten, ontzia konfiskatzearen inguruan, esaterako.

Azaldu pixka bat zein izan den zuen ibilbidea, zenbat lan izan dituzuen...

M: Kanarietatik Malagara bidali ninduen poliziak, eta Gurutze Gorriak 200-300 euroko billete bat eman zidan nahi nuen tokira joateko. Almeriara joan nintzen eta bertan eman nituen 3 aste lanik gabe. Horregatik Madrilera joan nintzen eta ospitale batean egin nuen lan publizitatea banatzen, baina poliziak harrapatu ninduen eta lana uztera behartu. Ondoren Valentziara joan nintzen eta elektrizitatearen munduan ibili nintzen. Poliziak berriz arazoak sortu zizkidan eta utzi behar izan nuen. Elche, Zaragoza, Sevilla, Huelva… bizitzen egondako beste toki batzuk dira.

I: Niri, berriz, Madrilgo harrera-zentro batetara bidali ninduen poliziak hona iritsi bezain laster. Bertan nire anaiarekin kontaktuan jarri ninduten eta Almeriarako billetea ordaindu zidaten berarekin joateko. Han berotegi batzuetan egin nuen lan. Alacantera joan nintzen ondoren, baina Almeriara itzuli nintzen laster anaia faltan botatzen nuelako. Beste leku askotan izan ondoren, nire lehengusuak hona, Bergarara, etortzeko eskaini zidan; eta hala egin nuen.

Hau al zen espero zenutena?

M: Ez. Jakin izan banu honelako sufrimendua jasango nuela, ez nintzateke etorriko. Senegalen gauza asko ez banituen ere, ondo bizi nintzen. Lan on bat nuen; josteko makinak konpontzen egiten nuen lan. Orain hemen eutsi beharra daukat paperak lortu arte. Denbora gutxi falta zait jada.


OHARRA: Elkarrizketatuen identitatea ezagutzera eraman ez dadin, ez dugu haien argazkirik ezarriko.


Utzi iruzkina: