Hamaika egun itsasoan
Istorio guztiak Senegalen hasten dira, edo Marokon, edo Tunisian... Arrazoiak desberdinak baina xedea bera, itsasoa zeharkatzea bizitza berri baten bila, aukera gehiago dituen bizitza baten bila.
Ianire Beriain, Paulo Elkoro, Oihane Beñaran / Eskoriatza
Itsasontzi bat Tenerifera iristen. / elmundo.es
Zerura iristeko infernutik igaro behar omen da. Gure bi Crusoe partikularrek, Sene eta Galek, haien bidaia kontatu digute eta gaur egun gure herrialdean bizi diren atzerritar askoren bidaiak nolakoak diren argitu digute.
Gaueko hamabiak ziren, eguraldia ona zen eta itsasoa bare zegoen. «Lortzea hainbeste kostatu zitzaigun dirua eskuan genuelarik, bidaia hasteko prest agertu ginen itsasertzean», dio Senek. Bizkarrean motxila, batzuk arropaz beteta, beste batzuk janariz, labanez... Denak batera, 172 pertsona, 172 amets, itsasontzi berean sartu ziren, itsasoan barrena, beste aldean zain zuten mundu berri horrek ongi etorria emateko irrikitan.
Bidaia latza
Kapitain batek gidatzen zuen itsasontzia, lau lagunekin batera. Bigarren egunean janaria bukatu zen, ura izanik bizirik jarraitzeko baliabide bakarra, eta hau ere amaitu egin zen. Itsasontzia estali gabea izatea ez zen batere lagungarria izan egiten zuen hotza jasateko, ezta euripean jarduteko ere. Lau egun iraun beharreko ametsa hamaika eguneko amets gaiztoa bihurtu zen; liskarrak hasi ziren bidaiarien artean. Norbaitek labanak zertarako hartu zituzten galdetu badio bere buruari, borroka haietan oso erabilgarriak izan zirela dio Galek. Hildakoak izan ziren. Itsasoan galdu ziren haien gorpuak, kapitainaren agindutan. Etsipena denon artean zabaltzen hasi zen gaixotasuna balitz bezala. «Gure inguruan kilometro eta kilometroko itsasoa besterik ez ikusteak izurritea eragin zuen», gogoratzen du Senek.
Lurra bistan!
Bat-batean irribarrea margotu zen haien aurpegietan. Hamaika egun itsasoan pasa ondoren, lurra ikusi baitzuten hodeiertzan. Kanarietan zeuden behingoz, baina berehala haien zirrara apaltzen hasi zen. Hasieran, Gurutze Gorriko pertsonalak arropa garbiak eta janaria eskeini zien. Gero, ordea, polizia agertu zen eta hiru egun eman zituzten komisaldegi batean. Handik terminalera eraman zituzten eta bertan egoera salatzeko aukera izan genuen. Hura izan zen askatasunaren hasiera.
Gurutze Gorriak laguntza ematen die iritsi berriei / eleconomista.es
Iruzkinak
Utzi iruzkina: