“Bikain, Bikain!”

deustukoberbalaguna 1456131944501 Deustualdeko Berbalaguna | 2009-06-30 10:30

- Nola bukatu duzue ikasturte honetan berbalagunean?
- Bikain, bikain!

Hori erantzun zuen ostiralero ordubete euskaraz hitz egiteko elkartzen   den berbalagun taldeak. “Oso gustora gaude eta gero eta ausartagoak gabiltza gure euskararekin”, adierazi dute.

Taberna batean elkartu, kaña, freskagarri edota tea hartuta berbetan hasten dira emakumeak. Begoña, Beatriz, Carmen, Ainara eta Inma. Euren esanetan ondo etortzen zaie egitasmoan parte hartzea, “hasieran zaila edo lotsa ematen badu ere, gero gustora ematen duzu ordubetea euskaraz hitz egiten”, esaten du Beatrizek, “nere seme alabei euskaraz hitz egiten saiatzen naiz, horrela gehiago lantzen dut.”

Eurek oso garrantzitsu ikusten dute euskaraz hitz egitea, lana topatzeko, gustokoa dutelako, azterketaren bat gainditzeko… baina berbalagunean hasteko bakoitzaren arrazoiak ezberdinak dira.



Inmaren kasuan, bere seme - alabek esanda. Eta ikusita hizkera menperatu behar zuela, egitasmoan sartu, eta hasieran isilpean ibiltzen bazen ere, poliki - poliki taldearen erritmoa hartzen hasi zen “Elorrion lan egiten dut eta bertoko jendearekin ulertzeko beharrezkoa dut euskara, baina batzutan asko kostatzen zait. Lankide bati, esaterako, ezinezkoa zait ulertzea!”.

Ainara berriz, pozik dago azkenengo euskara azterketa gainditu duelako eta euskaltegian ez ezik ondo ikusten du egitasmoan parte hartzea. Gainera dio “nire aitite Mungiakoa zen eta bizkaieraz hitz egiten zuen. Zoritxarrez, nire amak ez zuen ikasi eta horregaitik hasi nintzen ni ikasten”.

Carmenek, bi urte ta erdi eman ditu euskararekin. Prest dago edozein egoerari aurre egiteko eta mintzatzen jarraitzeko, “etortzen den bezeroari euskaraz atendituko diot, bestela zertarako eman ditut bi urte ikasten? Ez nago prest orain arte lortutakoa galtzeko”. Berbalaguna oso ondo etorri zaiola esaten du ere.



Emakumeez osatutako taldea, “danak emakumeak gara ta gizonezkorik ez, bat etortzekoa zen, baina, zain gaude oraindik, kikildu ditugu” adierazi du umoretsu Begoñak.

Giro polita, euskalduna eta auzokoa. Eskerrik asko bostoi!

Ondo pasa oporrak berbalagunok eta aukerarik dagoenean, mintza!
Irailean berriro ikusiko dugu elkar!

 




Utzi iruzkina: