Unamuno eta Euskara

denetik 1456131883257 denetik - borthuzai | 2006-08-21 20:53

Ez nator ni Unamuno eta Euskararen arteko erlazioaren inguruan ezer berririk kontatzera, pare bat tokitan aurkitu ditudan eta harritu nauten kontutxo batzu ekartzera baizik.

Izan ere, "armiarma" webguneko bilatzailean (http://andima.armiarma.com/bila.htm) "unamuno" ipinita, berak euskaraz idatzitako lan batzuekin egin dut topo ustekabean (abertzaleak gainera!!!)

Horrez gain, www.klasikoak.com -en Unamunoren "Bizitzaren sentimendu tragikoaz" -a dagoela ikusi dut edonork bere ordenagailura jaisteko moduan, eta bertan, Xabier Insaustiren sarrera. Hemen, Unamuno eta euskararen inguruan mintzo da azken puntuan, honela dio:

"Beste puntu bat ere ukitu nahi nuke, laburki bederen. Unamunoren obran euskarak izandako lekua, gai eztabaidagarri bezain korapilatsua berau. Arazo hau bere fase positibistari erabat loturik dago. Unamunok doktorego-tesia positibista baten, Antonio Sánchez Moguelen zuzendaritzapean egin zuen. Haren tesian bi eskema eboluzionista tartekatzen dira. Bata soziologikoa, Spencerrena; eta bestea linguistikoa, Schleicherrena. Lehenaren arabera, gizarte guztiak hiru fasetatik iragaten da: horda, gizarte militar eta industri gizartetik alegia. Bigarrenaren arauz, hizkuntzek ere hiru fase gainditu behar dituzte: silabikoa, eranskaria eta flexiboa. Unamunok eskema biak elkarren gain jarri zituen, eta gizarte mota  bakoitzari hizkuntza fase bana esleitzen zion, iragaten ari den mailaren arabera. Euskara baina, bigarren fase horretakoa omen zen, eta eskema horrekin ez luke balioko hirugarrenerako, euskal gizartea jadanik erdiesten ari zenerako. Eta horrexegatik desagertzen zen, Unamunoren ustez..."

Oso interesgarria benetan. Honela amaitzen du berriz Xabierrek bere sarrera:

"Unamunoren obra haren bizitzaren kronika da, hau da, haren egiazko ni-aren bilaketa; haren garaiaren kronika izaten amaitzen –edo hasten-- dena, hura trinkotasun osoaz bizi eta beste inork bezala islatzen duena: erlijioso, marxista, ateista, intelektuala, politikaria, poeta, ernegatua, europazalea, espainola edo euskalduna: baina beti Unamuno."

"Jakin"-en webgunean ere Xabier Kintanak idatziriko "Unamuno eta Eusakara" ere aurkitu dut (www.jakingunea.com/50urte/pdf/
Jakin00_121/Jakin00_121_065.pdf ) bainan oraindik ez dut irakurri.

Erlazio korapilatsua ezbairik gabe Unamuno-Euskara bikotearena.

Ai! Unamuno!


Utzi iruzkina: