Gaur egungo Errealismoa (V. Erice, A. López eta R. Mueck)

denetik 1456131883257 denetik - borthuzai | 2007-03-14 19:15

Ez dakit zergatik, baina printzipioz, arte kontuetan beti gustatu izan zait gehiago abstrakzioa figurazioa baino, XX. mendetik honako artea aurrekoa baino. (mesedez, ulertu esaldi hau komila askoren artean (ipini ez baditut ere), araua hausten dituzten eszepzioak araua bera osatzen dituztenak baino gehiago izateko asko ere ez delako falta. Parentesi arteko argibide esaldi hau, goiko esaldi bera baino luzeagoa den bezalaxe :-)

Baina berriki, Victor Erice zinegile euskaldunaren filmak ikusi ditut eta ikaragarri hunkitu naute, “El sol del membrillo”k batez ere. Hauek noski XX. mendekoak, baina abstrakzioarekin zerikusi gutxi dutenak.



Filma hau, Antonio López margolariarekin batera egindako sasi-dokumentala da. Erice-k kamara ipintzen du, López-ek bere etxeko atarian dagoen irasagar-arbola bat margotzeari ekiten, eta listo. Ez dago besterik. Hori bakarrik. Hori guztia.

Victor Erice euskal zine zuzendaririk garrantzitsu eta ezagunenetakoa dugu ezbairik gabe. Bere biografian ikusiko duzuen lez pelikula asko errodatu ez arren, “Ten minutes older” saiorako hautatua izan zela esatearekin nahikoa da, Spike Lee, Win Wenders, Aki Kaurismaki, Bertolucci, Godard, Werner Herzog eta beste hainbat zuzendarirekin batera.

Antonio López berriz hiperrealismo mugimenduko margolaria dugu wikipediaren arabera, berak termino hori oso gustoko ez duen arren 60. hamarkadako mugimendu estatubatuar bat definitzeko aproposagoa delakoan. Ez dakit nik.



Baina argi dago biek errealitatea dutela beraien artelanen abiapuntu. Hankak lurrean dituztela. Eta begiak zeruari begira.

Argi dago biek ala biek ERRALITATEA MAITE DUTELA, akatsak dituela jakin arren noski. Eta maitasun hori, ene ustez, agerikoa da.



Bestalde, zuei ere niri bezalaxe Ron Mueck-en pps bat iritsiko zitzaizuen ziurrenik mail bidez. Ron Mueck gaur egungo hiperrealismoaren ikur dugu, zinemagintzan erabiltzen zituen materialen bitartez egiten dituen eskultura kasi errealen bidez. Nork ez ditu bere ondorengo lan hauek ezagutzen?



Ez dago zalantzarik. Errealitatea da Ron Mueck-en oinarri. Baina egia esan, ez dut gustuko. Ez zait gustatzen. Mindu egiten naute. Eta ez irudi gogorrak direlako (ados, “Dead father” bai, baina beste asko ez) emakume haurdunetan alaitasunik ez dudalako ikusten baizik, haur bat izan berri duen aman ez dudalako maitasun izpirik antzematen, 5 metroko goiko irudia groteskoa iruditzen zaidalako.

Ez dakit, baina nire ustez Ron Mueck-ek ez du errealitatea maite.

Honek guztiak beste behin, lehen aurkeztu dudan eta barnean bizi nuen dikotomia gainditzen lagundu dit. Kontua Abstrakzioa-Figurazioa dualismoa ez dela konturatu naiz. Abstrakzio guztiak berdinak ez diren bezalaxe Figurazio guztiak ere ez direla berdinak. Errealitatea ez dela denentzat berdina.

Denak dira postmodernoak. Modernotasunaren lilura idealistarik ez dute. Errealitatetik abiatzen dira. Baina ez da berdina. Batak Maria Valverdek bezala, goizetan kiwi bat moztu eta flipatu egiten du. Besteak berriz, Antonioniren "Desierto Rojo"ko Monica Vitti dakarkit gogora.



Berak bezalatxu errealitatea hurrun ikusten du, arrotza egiten zaio, ez du berarekiko inongo sentipenik eta "osea, que tengo que pensar, que todo lo que me pasa, es mi vida" dioela dirudi errealitate gordina asimilatu ezinik. Beno, ez dakit, ez niri kaso gehiegi ere egin. Benetan.

Ez dakit, zuek agian Ron Mueck gustoko izango duzue. Ba kasu hortan sentitzen dut txapa guzti hau eta irakurri kritika positibo hau.


Utzi iruzkina: