1. ASTEA: Bizileku berrira ohitzen

corkeriak 1456131863296 CORKERIAK | 2013-03-18 19:13

Kaixo lagunok!

Jakingo duzuen bezala, hurrengo hiru hilabeteetan Corken izango naiz praktikak egiten.

Cork (Corcaigh gaelikoz), Irlandar Errepublikako hegoaldean kokatzen da, itsasotik 20 km. ingurura. 200.00 biztanle izan arren, estatuko bigarren hiririk jendetsuena da, Dublinen ostean. Cork konderriko hiriburua da eta Munster probintziaren barruan dago. Hiria, Lee ibaiak zeharkatzen du bi kanalen bitartez, berau hiru zatitan banatuz. Erdian geratzen den zatia hiriaren erdigunea dela esan genezake. Cork, Irlanda hegoaldeko itsas sarrera nagusiena da eta bertan zein ondoko herrixka txikietan portu garrantzitsuak aurki ditzakegu.

Hiriaren azalpen motz honen ondoren, nire lehen asteko bizipenekin hornituko ditut hurrengo lerroak.

Nire bidaia, martxoaren 10an hasi zen, Elgoibar maitea agurtu eta Loiuko aeroportura abiatu nintzenean. Bertatik, Frankfurtera eta handik Dublinera. Dublinen autobus bat hartu eta lau orduren buruan hurrengo hiru hilabeteetan nire bizileku izango denera iritsi ginen. Ginen diot, Euskal Herriko 14 lagun elkartu baikara hemen. Taxi bat hartu eta Brookfield Village gunera eraman gintuzten, gure bizilekuak ezagutzera. Gure ezusterako bakoitza leku ezberdin batean banatu gintuzten. Niri ordea, apartamendua bi bilbotarrekin elkarbanatzea dagokit. Lehen egun hau bukatzeko, ia denak batera afaldu genuen hanburgesa bat, patata piloa eta guzti.

Behean, ezkerreko atean dago nire apartamendua

Hurrengo egunean, astelehenean jada, ingeleseko klaseekin hasi ginen. Lau orduz, astelehenetik ostiralera, Cork English Academy-n kurtsoa izango genuen. Lehen egunean, maila azterketa bat egin eta gela ezberdinetan banatu gintuzten. John irakaslearekin batera izango genituen klaseak taldeko gehienok. Klasearen ostean, bazkaldu eta hiria pixka bat ezagutzeri ekin genion. Egia esan, galtzeko arrisku gutxi duen hiria da, beraz, azkar kokatu ginen. Eguna bukatzeko English Market-en erosketa batzuk egin eta denok batera afaldu genuen gure apartamenduan.

Grand Parade

English Market

Asteartean berdintsu, ingeleseko klasea eta ondoren bazkaldu. Arratsalde hartan Celtic´s enpresara joan ginen, praktikak antolatzen dizkigun enpresara hain zuzen ere. Bertan gure praktikei buruzko xehetasun gehiago jaso genituen. Ondoren, hiria pixka bat gehiago ezagutu eta apartamendura.

Lee Ibaia

St. Patrick´s Street

Asteazkena, osteguna eta ostirala bide berberetik igaro ziren. Ingelesaren ondoren bazkaldu eta arratsaldea hiria sakonago ezagutzeko aprobetxatzen nuen. Hiri txikia izaki erraz ikusi daitezke bertako lekurik esanguratsuenak.

St. Finbarre´s Cathedral

Cork City Hall

Larunbatean, eguna aprobetxatuz, hiriko toki garrantzitsuenak eta orain arte ikusi gabe nituenak bisitatu genituen. Besteak beste hiriko lakua, Firtzgerald parkea, kartzela eta hainbat eliza eta katedral. St. Patrick´s bezpera izaki, kalea jendez beteta zegoen eta hainbat kontzertu ikusteko aukera zegoen. Hurrengo eguna gogorra izan zelakoan azkar oheratu nintzen.

Cork Lough

Fitzgerald Park

Cork City Gaol

St. Anne´s Curch

Kontzertua St. Patrick´s kalean

Igandea, martxoak 17, St Patrick´s eguna. Eguna ondo hasteko korrika saiotxo bat egin eta eguerdi aldera hiriko erdigunera abiatu ginen. Desfilea ikusi, nahiko aspergarria nire ustez eta alemaniar saltxitxa bat bazkaldu genuen. Bazkalostean Pub ezberdinak bisitatu genituen Pinta batzuez horniturik. Bertan, jendea jantzi berdeekin eta bertako musika bozgorailuetan, sarritan, musika ezagunagoarekin uztartuz. Pubetan jende asko baina uste nuena baino jaigiro gutxiago egon bazen ere gaua pixka bat luzatu eta ordu txikietan iritsi ginen etxera.

Gaur, astelehena, atseden hartzeko, arropak garbitu eta bi lagun agurtzeko eguna izan da, hemendik aurrera, Kinsale herrira joango baitira beraien praktikak burutzera.Gertu dago, beraz sarri ikusteko esperantza daukagu!

Honenbestez hemen amaitzen da nire lehen sarrera. Honaino iristeko ahalmena eta pazientzia izan duzuenoi eskerrik asko! Bloga astean behin eguneratzeko saiakera egingo dut, astearen laburpen txiki bat eginaz. Patrick´s deuna dela eta astelehenean argitaratu dut lehena baina gainontzekoak igandean aurkezten saiatuko naiz.

Besterik gabe, jaso besarkada bat irakurle eta hurrengo astera arte!


Utzi iruzkina: