Non ezkutatzen dira amestutako hiriak?
Non ezkutatzen dira amestutako hiriak?
Amazigtarrek kontatzen dute. Yedad u ben Ad oroimenak gordetzen duen lehenengo erregea izan zen. Sekulako aberastasunak lortu zituen eta bere agintea zalantza gabea zen. Bere esaldirik gogokoena hauxe zen: "Ez naiz inoiz hilko". Baina honi ere heriotzaren ordua heldu zitzaion eta bere agindupean zeuden Yinek alde egin zuten hiri harrigarri hura basamortuak irentsi zuelarik. Denborak aurrera Salomon erregeak jakin zuen halako hiri bat zegoela nonbait. Jakin minak bultzatuta haren kokalekua non ote zegoen jakin nahian bere arranoa bidali zuen. Bere gudarostea bildurik eta arranoaren gidaritzapean Erregearen jauregia topatu. Tronoan zilarrezko xafla bat ahoan zuen estatua bat aurkitu zuten. Xaflan hau zegoen idatzirik:
Ni Yedad u ben Ad naiz,
Mila urte bizi izan naiz,
Mila hiri gobernatu eta
Mila zalditan ibili.
Mila gerlari akabatu nituen
Eta izandako mila emakumeetatik
Mila gizonezko sortu nituen.
Mila jakintsuen aholkuak nituen,
Eta, hala ere, ezin ihes egin
Herio Aingeruarengandik.
Ez nau inork aberastasunetan gailenduko
Ezta nilako boterea eskuratuko
Edo bizitako urtetan
Horregatik esan diezazuket:
Ez du ezertan balio Lur-gainean biltzeak,
Mundua lilura baino ez baita
Eta legea da bizi dena hiltzea.
Diote Salomon erregea berehala irten zela handik. Eta basamortuko hondarrek berriro ezkutatu zuten jauregi hura. Eta Lur gainean duen lekua gizonen oroimenean galdu zen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: