Kutxabanken izaera publiko eta demokratikorako Herri Akordiorako eskaintza
ERDERAZ:
Jakina den bezala, pasa den abenduan PP eta PNV-k fundazio legearen inguruko akordio bat erdietsi zuten eta ondorioz, Madrileko kongresuak aipatu legea onartu zuen. Lege horren arabera tamaina batetik aurrera kutxak desagertu behar dute banku-fundazio pribatu bihurtzeko eta era berean, pribatizazioaren ateak parez pare irekitzen dira.
EHBilduk banku-fundazio pribatu bihurtzeak esan nahi duena agerian jarri nahi du, Kutxak desagertu eta fundazioak sortzen badira, betirako kutxetan egon den kontrol sozial eta publikoa desagertu baitaiteke. Gaur egungo hauteskunde prozesuak, batzarrak eta administrazio kontseiluak behin betirako amaitu eta hamabost kidek osatutako patronatu itxi eta ilun baten esku geldituko litzateke jarduera osoa. Betirako eta atzera bueltarik gabe. Horrela, noski, pribatizazioa helburu dutenei bidea zeharo erraztuko litzaieke.
Legeak berak bi epe ezartzen zituen. Batetik, oinarrizko lege horren baitan lege autonomikoen aldaketak burutzeko sei hilabeteko epea finkatzen zuen, hau da, ekainaren 30a bitartean, Erkidego bakoitzak legea moldatzeko aukera du. Bestalde, kutxak bertan behera utzi eta fundazio bihurtzeko urte beteko epea ezartzen zuen.
Lehenik eta behin salatu behar duguna da Urkulluren gobernuaren borondate eza lege propioa egiteko eta gai honen aurrean erakusten ari den utzikeria. Sei hilabete zituen legea egiteko eta lege-proiekturik ere ez da aurkeztu, ezta jada espero ere. Ondorioz, eskuduntza propioak, teorian EAEren eskutan badaude ere, horri uko egin eta lege propio bati egiteko aukerari muzin eginez, gainerako erkidegoen pare ezartzen gaitu.
Bestetik, eta larriena, EHBilduk jendarteari jakinarazi nahi dio PNV-PP-PSEren asmoak ekainean bertan kutxak desagerrarazi eta aipatu banku-fundazio pribatu bihurtzea direla. Azken egunetan euren arteko bilkurak burutu dituzte modu ezkutuan eta inongo eztabaidarik gabe banku-fundazioaren estatutuak adostu eta karguak banatzeko.
EHBilduk denbora darama, eztabaida politiko eta sozial bat ireki behar dela proposatuz eta pribatizazioari ateak itxi behar zaizkiola esanez. Korrika eta presaka, inongo eztabaidarik gabe, aurrera urratsak eman eta kutxen ondare sozial eta ekonomikoarekin amaitu dezakeen urratsa ematera doaz.
EHBilduk ordea, ez du kritikan gelditu nahi. Gaurko egunean, Kutxabanken sorreran lortu genuen akordioarekin erakutsi nahi izan genuen bezala, ardurarekin jokatzera gatoz.
Lehen aipatu dugun bezala, abenduak 31 bitarteko epea dago PP-k eta PNV-k adostu zuten legeak esaten duena bideratu ahal izateko. Guk, jakina da, ez ditugu lege eta urrats horiek partekatzen baina badirudi urrats hori ematera doazenak "legeak agintzen duelako" egitera doazela. Edo hori esaten dute bederen.
Ondorioz, eta urrats hori emateak izango lituzkeen ondorio larriak ikusirik, EHBildutik eskaintza bat egitera gatoz: EHBildu prest dago eta ondorioz proposamena luzatzen du hiru herrialdeetako eragile sozial, sindikal eta politikoen artean kutxen eta Kutxabanken izaera soziala eta publikoa bermatuko duen herri akordioa egiteko.
Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen arteko herri akordio honen edukiak gure ustez hauek izan daitezke:
- Abenduaren 31 arteko epea dagoenez, ekainean kutxak desagerrarazi eta fundazioak sortzeko dagoen asmoa bertan behera uztea, honek jada bere horretan akordio eta konponbide bat erdiesteko sei hilabeteko epea ematen digulako.
- Azterketa juridiko sendo eta konpartitu bat burutzea, egon daitezkeen aukera ezberdinak aztertu eta denen artean gure helburuetarako egokiena zein izan daitekeen erabaki tresna juridikoa/k definitu ahal izateko.
- Edozein tresna juridiko erabakitzen dugularik, bai kutxen edota bankuaren kontrol publiko eta demokratikorako bitartekoak bermatuko dira:
Zuzendaritza anitzak eta proportzionalak: instituzio, alderdi politiko, sindikatu, eragile sozial eta bezeroen parte-hartzea ahalbideratu.
Batzarrak: zuzendaritzen kontrol publiko eta soziala bermatzeko tresna nagusia dira eta bertan, aipatu eragile berdinen bidez, izaera anitza eta proportzionala bermatuko da.
Aipatu organoak prozedura demokratikoen bitartez hautatuak izateko prozesuak zehaztuko dira.
- Kutxak eta Kutxabank gure herrian jaio eta bertako herritarrak eta bertako ekonomia babesteko sortuak direnez, herri akordioak bere baitan Kutxabanken kapital pribatua sartzearen aurkako jarrera irmo eta publikoa izango du.
- Une zehatz batean, legeak hala aginduta, akzioen ehuneko zehatz bat saltzera behartuko balu, Kutxabanken sorrerako integrazio kontratuak aurreikusten dituen neurriak erabiltzeko konpromisoa hartuko litzateke, hala nola kutxen arteko salmenta burutzea edota "auto-kartera" deritzon sistemaren bitartez. Aipatu aukerak ezinezkoak balira, akzio horiek erosiko lituzkeen sozietate publikoa sortzeko konpromisoa hartuko da.
- Helburua, eta era berean marra gorria, kapital pribatuari akzio bat bera ere ez saltzea izango da. Kapital pribatuari ateak itxi eta kontrol publiko eta soziala bermatzea.
- Kapital publikoa eta kontrol publiko, sozial eta demokratiko hori Kutxabank norabide berri batean jartzeko konpromisoa hartuko da:
Bertako herritar eta ekonomiari begirako finantza-erakundea behar du izan.
Ekonomia erreala bultzatzeko benetako inbertsio eta finantziazio ahalegina egin behar du.
Herrietan eta eskualdeetan txertatua. Tokiko garapen eta beharrei lotuta.
Herriz herri eta herritarrentzat kalitatezko finantza zerbitzua bermatu behar du.
Euskararen alorrean ematen ari diren atzera urratsak gelditu eta euskalduntze prozesuari bultzada emanez
Kalitatezko zerbitzua eskainiko du eta horretarako langileen lan baldintzak ere kontutan hartuko dira.
Beste eredu ekonomiko eta sozial baterantz tresna lagungarria behar du izan.
Bertako enpresari txiki, kooperatiba eta autonomoei behar duten finantziazioa eskaini behar die.
Etxe-kaleratzeak erabat baztertu eta gelditu behar ditu, irtenbideak bilatu eta egun eskura dituen etxebizitzak alokairuan merkaturatzeko proposamena landuko da.
Bezeroei iruzur egitea suposatzen duten finantza produktu zein interes tipoak desagerraraziko dira, IRPHaren desagerpena horren baitan kokatzen dugularik.
Gizartekintzaren alorrean azken urteotan hartu diren konpromisoak beteko dira eta era berean XXI. mendean Kutxen gizartekintzaren helburuen inguruko herrialde mailako eztabaida soziala eta politikoa martxan jarriko da.
- Planteatzen dugun akordio guztia publikoa behar du izan eta berau sinatuko luketen eragile politiko eta sozialek akordioaren garapenerako gune edo bitarteko zehatzak adostuko dituzte.
- Hauxe da gure borondatea, akordiorako borondatea. Kutxen eta Kutxabanken izaera publiko eta soziala bermatzeko akordioa da proposatzen duguna, denon artean egin beharrekoa, euskal herritar guztientzat. Norabide horretan, hurrengo orduotan eragile ezberdinengana zuzenduko gara gure akordiorako eskaintza helarazteko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: