Gabon zaharrean be Busturian kontatu gugaz!
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak jasaten duen espetxe politika kriminala gainditzeko eta horrela Euskal Herrian irekiriko behin betiko aterabideetarako prozesuari ekarpena egin ahal izateko erakutsiriko ekimen eta determinazioa agurtu eta txalotu nahi du Ezker Abertzaleak.
Gure herrian irekiriko bake eta normalizazio politiko eta demokratikoko prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoa da Euskal Preso Politikoen Kolektiboari Estatu espainiar eta frantziarrak aplikatzen dioten espetxe politikarekin lehen bait lehen amaitzea. Espetxe politika hau eskubide urraketaren ikur nagusia dugu egun.
Estatu espainiar eta frantziarrak jarrera eraikitzailea eta konpromisoak hartzeko garaia da. Bada garaia Estatu espainiarrak eta frantziarrak Aieteko Adierazpena bere egin dezaten eta Euskal Herrian irekiriko bake eta normalizazio politiko prozesuari ekarpen eraikitzailea egin diezaioten. Horretarako ezinbestekoa izango herri mobilizazioa. Horregatik, konponbideen eta bakearen aldeko herritar guztiei deia luzatzen die Ezker Abertzaleak, datorren Abenduaren 31an Busturian eta urtarrilaren 7an “Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira” leloarekin Bilboko kaleak bete ditzaten.