EAJk ikurrinaren omenezko ekitaldi zabala Bilbon egitea eragotzi dau

busturiaurrera 1456131761085 busturiaurrera | 2014-08-21 08:51

120 urte beteko dira aurten, ikurrina lehendabiziko aldiz Euskal Herrian zintzilikatu zela. Gertakari historiko hura Bilbon izan zen, Posta kalean hain zuzen.

EH Bildun uste dugu Ikurrina batzeko arrazoi izan behar dela, elkar bizitzarako sinbologia, eta inork ez lukeela berarentzat hartu behar. Ikurrinak euskaldunak identifikatu egiten gaituen sinboloa da, mundu osoan zehar. Horregatik, EAJri eskatzen diogu bi aldiz pentsatu dezala ikurrina banaketa eta tirabirarako erabili aurretik. Interes alderdikoietara erabiltzen duenean, Urkixo bezalako pertsonaiek dituzten obsesioak hauspotzen eta kobertura ematen die.

EH Bilduk helburu argia izan du hasieratik: uztailaren 14an, ikurrina aurrenekoz erakutsi zuteneko 120. urtemugan, ekitaldi bat egitea. Ekitaldi honek ardatz bi izan zitzan lan egin dugu: batetik, hala nahi zuen guztiarentzako irekia izango zen ospakizuna izatea eta instituzionala edota ofiziala izatearekin batera, ekitaldi herritarra ere izatea, bestetik.

Hala, ikurrinaren urtemuga ospatzeko eta berau sustatzeko helburuz, ekaineko udalbatzarrean aurkezteko mozio bat landu genuen. Mozio hori EAJrekin adosten saiatu ginen; areago, indar politiko biek elkarrekin aurkezteko aukera mahai gainean jarri genuen ere. Mozio horren edukia 1979ko udaleko indar politiko guztiek onarturiko berbera zen.

EAJk ez zuen onartu mozioa elkarrekin aurkezteko gonbita, eta gure kabuz aurkezteko proposatu zigun. Nolanahi ere, udalbatzarraren bezperan EAJk mozioaren edukia zapuzten zuen emendakina aurkeztu zuen. Baliatzen zituen terminoak onartezinak ziren goitik eta behera. Eta gutxi balitz, ez zuen inongo aipamenik egiten ekitaldi bat egiteaz, ezta plaka bat jartzeaz ere. Hau da, EH Bilduk eginiko proposamenak baztertu egiten zituen emendakin hark.

Ikurrina eztabaida eta borrokarako elementu bihur ez zedin, mozioa erretiratzea erabaki genuen udalbatzarraren egunean bertan, baina EAJri ekitaldi bat egiteko proposamena luzatu genion. Eta honek baztertu ere. Posta kaleko 1. zenbakian, 1894an ikurrina aurrenekoz erakutsi zen tokian alegia, Udalak plaka bat jarriko zuela esan ziguten. Hori baino ez. Instituziotik aparte ere, alderdi gisa ekimen bateraturen bat egiteko proposamena helarazi genion, halaber, EAJri. Baina horri ere ezetz erantzun zion.
Aldiz, harritzekoa da urtemuga hura gogoratzeko ospakizun sorta antolatu duela EAJk, eta ekitaldi nagusia bihar egingo du. Baina EAJk jakin badaki non sortu zen ikurrinaren 120. urtemuga ospatzeko ideia. Eta ez zen Sabin Etxean izan. Inondik inora.

Beraz, argi eta garbi esan dezakegu EAJren jokamolde alderdikoi eta interesatuak galarazi egin duela ikurrinaren omenezko ekitaldi zabal eta ireki bat egiteko aukera, euskaldun guztion nortasun ikur denaren 120. urtemuga seinalatu honetan.

Konfrontaziorako elementu gisa baliatu du ikurrina EAJk, ez du inongo zalantzarik izan hori egiteko, nahiz orain egingo dituen ospakizun ekitaldien leloa ‘Ikurrina. Guztiona’ izan. EAJk ez du borondaterik txikiena ere erakutsi benetan ikurrina guztiona balitz bezala omentzeko. Interes alderdikoi hutsei jarraituz jokatu du. Berea egin nahi izan du Ikurrina.

Gaur goizean Arriagako plazan egindako ekitaldian, ez dugu ahaztu Ikurrinak Nafarroan bizi duen egoera tristea. UPNk eta Nafarroako eskuin muturrak hala nahi eta erabaki ostean, eta Alderdi Popularraren eta sozialisten babesarekin ikurrina debekatu ostean, agerian geratzen da Nafarroako milaka eta milaka herritar politikoki baztertu gura dituztela. Gure nahia da batasunerako eta elkarbizitzarako sinbolo izatea, eta berarekin identifikatzen den pertsona orok erakutsi ahal izatea; izan ere, Euskal Herrikoa jendarte plurala da, eta pluraltasun horren seinale izatea nahi dugu ikurrina. Ez dugu onartuko berau inor kanpoan uzteko arrazoi bihurtzea edo interes alderdikoetarako erabiltzen den sinbolo bihurtzea.

Nolanahi ere, EH Bildutik gure prestasuna agertu nahi dugu gisa honetako gertakari tamalgarririk errepika ez dadin hurrengo urtean. Ikurrina munduaren luze-zabalean euskaldun guztiok identifikatzen eta batzen gaituen ikurra da. Eta ez da, inolaz ere, zatiketarako eta bereizkerietarako ikur, EAJk erabili duen bezala.

Zabaldu artikulua:  twitter   facebook   google+

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa 

EHBildu Bilbo