Altzako V. Euskaraz Bai futbol festa

bizarrain 1456131665085 Bizarrain | 2008-12-26 12:08

Bosgarren urtez jarraian, Bizarrain kultur elkarteak eta Herrerako Sporting kirol taldeak lankidetzan antolatu dugu joan diren abenduaren 27 eta 28an, Herrerako futbol zelaian, ospatu den jaia. Futbol festaren bidez adierazi nahi diegu gurasoei, haurrei, ikastetxeei eta kirol elkarteetako kide eta trebatzaileei euskarak kirola esparru naturaltzat duela.

Guztira berrehun ume inguru bildu ditu Altzako V. Euskaraz Bai futbol festak. Herrerako Sporting taldeaz gain, La Anunciata, La Asunción, Herri Ametsa, Altza, Herrera eta Oleta ikastetxeetako ikasleek hartu dute parte. Partidak infantil, alebin eta benjamin mailetan jokatu dituzte.

Kartela: irudiak eta leloak

Iaz bezala, Bizarrain elkarteak egitasmoko kartelaren eta lemaren lehiaketa antolatu du. Altzako ikastetxeetako 8 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzendutako lehiaketa izan da eta Herri Ametsa, Herrera eta La Asunción ikastetxeetako ikasleek hartu dute parte. 160 marrazki inguru jaso ditugu eta kartel ofiziala irabazle nagusiaren obrak eta ikastetxe bakoitzeko lan deigarrienek osatu dute. Herri Ametsa ikastolako Ander Delgado izan da irabazlea, bai irudiarekin eta baita leloarekin ere:


Geure jokoan euskara irabazle lema handi irakur daiteke. Bere irudiarekin batera honako haurrenak ere ageri dira:

  1. Maddi Arretxe, Ander Delgado, 8 urte, Herri Ametsa ikastola
  2. Catalina Sabrina Vasile Asofranie, 8 urte, Herrera ikastetxea
  3. Diego Pérez Trillo, Ander Delgado, 9 urte, Herri Ametsa ikastola
  4. Deniss Stoica, 9 urte, Herrera ikastetxea
  5. Laura Valentin, 5. maila, La Asunción ikastetxea
  6. Sabiñe Sahonero, 5. maila, La Asunción ikastetxea
  7. Lydia Aido Garmendia, 11 urte, Herri Ametsa ikastola
  8. Ixiar Atorrasagasti Diaz de Ilarraza, 11 urte, Herri Ametsa ikastola

Gainera, honako haurren leloak ere izan dira aukeratuak:

  1. Euskara gure taldea - June Iglesias Fernandez, 8 urte, Herri Ametsa ikastola
  2. Euskal futbola euskaraz - Andoni Pérez Bueno, 5. maila La Asunción ikastetxea
  3. Jo-jo eta gol - Ainara Bello Theys, 10 urte, Herrera ikastetxea
  4. Euskara mingainean eta baloia oinetan - Leire Etxebeste, 11 urte, Herri Ametsa ikastola
  5. Futbola eta euskara biak bat gara - Nagore del Pozo, 11 urte, Herri Ametsa ikastola

Zozketa eta sariak

Larunbatean euskarazko produktuak zozkatu ditugu Bizarrain kultur elkartekoek. Besteak beste, liburuak, komikiak, cd-ak, eta dvd-ak. Igandean, txapelketa bukatzearekin batera, haurrek euskararen aldeko pankarta atera dute eta Herrerako Sporting taldekoek domina eman diete partaide guztiei.  Klikatu hemen argazkiak ikusteko.



Utzi iruzkina: