Proposamena
Testu hau aurretik blog pertsonalegi batean idatzirik nuen, baina ez zuen erantzunik jaso; nire irakasle batek, Jeanne Fahnestock-ek esaten zidan testu bat ondo/txarto baino areago, entzuleria egoki/desegokira bidali egon ohi zela; beharbada, izan daiteke, izan daiteke... nik dakit ba.
Argi daukat ze zuen laguntza behar dudala hausnar narabilen asmo honek aurrera egingo badu. Kontua da ari naizela proiektu bat egin guran, eta behar dudala proiektua zehaztu, hain zuzen Bilborako. Hasiko naiz ba, ea eroapen nahikoa duzuen testuaren zatiren bat behintzat irakurtzeko eta, ahal dela, erantzunik jasotzen dudan:
Proposamena horixe da: etorkinak euskalduntzea, baina gaztelaniaz ez dakitenak nagusiki, hau da, tarteko hizkuntzak aurkitu, ingelesa, frantsesa, eta agian aurrerago, Hausa eta Bereberea.
Orain arterainokoa bi zatitan doakizue bananduta: lehenak ez du proposamen serioa egiten dudanerako balio, baina bai zuek ni kokatzeko; zelanbait esan, erraietakoak atera behar nituen, barrenak lasaitu, geroagogarrenean zerbait aseptikoagoa egite aldera. Bigarrenean jarriko ditut datu batzuk, eta estekak eta baliabideak eskegiten, eta hirugarrenera saiatuko naiz txosten formako zerbait egiten, baina azken hau heltzeke zuen laguntziorik gabe.
A) Motibazio pertsonalak
1) Holako proposamen baterako motibazio nagusia hauxe da: euskalduna naizela eta neure burua arriskuan ikusten dudala. Euskalduna diodanean esan gura dut erdaraz "vascófono", beste barik. Bueno, hau bera ere ez da gutxi, ea... hau da, komunitate txiki, sakabanatu eta ez aitortu bateko kidea naizela (ez nahastu athletic, erreala edo osasunarekin), eta nire komunitateko kideak ez dira "armairutik ateratzen" ausartzen, inguru "hetero"ra hezita daudelako. Beraz, komunitate bezala desagertzear gaude alderdi politiko edo futbol kluben trukean. Zelanbait esan, indibiduo kopuru bat gara, baina ez kolektibo bat. Kolektibo bezala ezagun izateko, lehenago beste baskoak kolektibo espainol bezala ezagutu behar dira, hartara bi kolektiboren esistentzia aitortuko bailitzateke, eta gizarte espainolekoek ez lukete euskal gizartea (inoiz izan badadi) definituko... aukera bat baino ez da, Estatu Batuetako afrikarrek egin zutena... eta nik amestu egiten dut euskaldunok ameriketatko afrikarrek duten mailara iristearekin (errazagoa da Estatu Batuetan euskalduna izatea Espainian baino, hori lehen eskutik dakit). Baina ez da kasua. Argi daukat, hori bai, nik euskal kolektiboa behar dudala, kolektibitatean dudalako garapenerako aukera bakarra.
2) Etorkin gero eta gehiago dago, eta argi dago integrazioak bizi-iraupenean baduela esku hartzerik lan hori samurtzen. Beraz, ahalegin handiak egiten dituzte bide horretan Gobernuz Kanpoko Erakundeek, baina, kontura gaitezen, lehen aipatu dudan "errealitate" horrek bultzatzen dituela erakundeok, gizalegea zio, etorkinak erdalduntzera (erdalduna = castellano parlante, testuinguru honetan). Haugatik guztiagatik, Euskadiko Komunitatean jasotzen ditugun etorkinak gizarte espainolean ari gara integratzen, haien hobe beharrez, eta ondo da. Gainera etorkinek behar dute tresneria, eta Europan hizkuntzak merkatuen arabera pertsonak baztertzeko erabili diren heinean, tresneria hori batez ere boterearen hizkuntza ezagutzean datza, berbarako, Osakidetzako langileek erabiltzen duten hizkuntza ezagutzean.
3) Hiru etorkin mota dagoela egingo nuke, beti ere oso kanpotik;
Asiatik etorririkoak, zeinen artean gizarte paraleloa sortzen den (apur bat gure aitita-amumen garaikoa): etxekoa vs. kanpokoa. Hemen Estatu Batuetan espainoldunen kasurako oso ondo ikertuta dagoen "ume itzultzaileen" fenomenoa suertatzen da -ni neu ere halakoxea izan naiz, euskal kasuan-, esaterako osagilearengana joaterako. Ume horiek Euskadiko hezkuntza sisteman txertatzen diren heinean etxetik ateranzko hizkuntzak ikasiko dituzte, euskara eta erdara, eta geroago garrenean, ikusirik zelan euskarak ez duen benetan balio, joango dira erdaldunbakartzen -nire belaunaldiko hainbati Gernika-Bermeo ingurukooi gertatu zaigun bezala, ikasketa “serioak” hots, botereak onartutakoak egingo bagenituen-, botereak, hemen inguruko botereak (Eusko Jaurlaritzako mesokraziak, adibidez baina ez bakarrik), erdaraz bakarrik egiten duela kontuan harturik.
Latin-amerikarrak. Horiek bestelako integrazio arazoak dituzte, ez hizkuntzarena, baizik eta hizkuntzaren baitan gertatzen diren hierarkiekikoa, ortofonia eta faszismoarekin loturik dagoena, holako eta halako egiturak erabiliz gero garbitzailea zara, bestela agian idazkaria... eta abar. Beraz, arin (eta txarto) esatearren, horiek ez dute integrazio arazorik, salbu eta, hain zuzen udaltzaingoaren aurrean korrika eta saltzaile ibiltzen diren ketxueradunak. Besteak etxeak garbitzen, etxe erdaldunetako umeak zaintzen (emakumezkoak) eta tabernari (gizonezkoak) ibiltzen dira. Antolatuta daude, irrati eta guzti, mundu anglosaxoiak eskaini dien identifikazio metafora eurena eginez... 40Latino eta abar, caliente!!! ummm. Gainera, 40Latino aipatzen dudala, esan dezakegu Euskal Komunitate Autonomoa Espainiaren barruan integratzeko/asimilatzeko (ia ia antena3 edo Calatrava zubiak bezain) indartsuak direla. Argibide xinpleegi baterako, Liverpool vs. Barça futbol matxean, Barça animatuko dute, Deustu batean, ulertzeke Bilboko tradizio britaniarra; apur bat Bilboko Artederretako Museoko ingelesezko testuetan, zeintzuetan ingelesez "Vizcaya" ageri den (con articulo y todo, ia giputzak ematen dute) tradizio ingeleseko "Biscay" alde batera utzita, lurbarruko gaztelaniadun elebakarrei ezezagun zaienez gero. Arazoa memoriaren galera da, ez bakarrik gulf edo Earl of Biscay-gatik, baizik eta ari direlako Euskalerria espainolaren iragazitik mundutaratzen, eta balidatzen. Oinarrizko testua seguruenez gaztelaniaz egonik, itzultzaile ingelestunak ez dira behar adina dokumentatu...
Marginalia edo bazterrekoak. Europako ekialdetarrez gain, Afrikarrak ditugu. Azken hauek ere bi multzotan sar daitezke; ipar-afrikarrak eta Sahara-azpikoak, baina oraingoz (zuen laguntzaren zain), nire diagnosi amateur honetan batera ekarriko ditugu. Euskararako interesgarrienak dira, imajinazio linguistiko zabalena dutenak direlako. Normalean, erromanikoekin, espainoldunak esan zein frantsestunak, ikastaroaren erdia xahutzen da beste bi kuestiook argitzen: a) ezagutzen dutene hizkuntzaz gain, beste hizkuntz estrategia batzuk ere badirela posible, eta b) gauza horiek berez ez direla ez zaharkitu, ez atzerakoi, ez gutxi eboluzionatu, ez enorantak. Hau da, euskarak bi harlauza ditu gainean jarrita: a) total da gaitza, b) ez du gauza handiegirako balio. Bi kontu hauek ez ditugu Afrikatikoekin eta Europako ekialdetikoekin lan egikeran. Afrikarrek usu euskaldunok jaso ditugun euskarari buruzko tentelkeria guztiak jaso dituzte eurek ere; areago, haien artean, ez da arraroa Europako hizkuntzen aldeko jarrera postkoloniala, euren hizkuntzak dialektoak direla esango dizute berehala. Hori guztia eta ere, behin euren burua babestu beharraz libraturik, hain zuzen euskararekiko parekotasunak eramango ditu euren hizkuntza propioak (ere) balioestera. Imajinazio linguistikoaz eta isuri afektiboaz gain, ez da arraroa tipologikoki euren ama hizkuntzatik parekotasun sinpleak egitea, edo bidezidorrak aurkitzea; hau da, egingo nuke errazagoa litzaiekeela euskara ikastea gaztelania baino. Adibidez, Niger eta Nigeriako Hausa hizkuntzak (zeinak BBCko edizio digital propioa daukan) oso euskal aditz sistematik gertuko tenpusaren banaketa daukala iruditzen zait.
B) Datuak (Ikuspegi-tik)
Kolonbiar batzuen zuku-denda batean nengoela, Borojó fruituaren eragin afrodisiakoez zerbait ikasten eta dastatzen, hara non ikusten dudan Nuevagente aldizkaria. Hor, “suplemento País Vasco”n irakurri nuen “II Congreso de Lenguas e Inmigración”. Ikuspegik eta Amaraunak (Unesco etxeak) antolatutako kongresu baten gaineko artikulua zetorren (2008-7: 49, 28)
Hortik abiatu naiz datu batzuk jasotzera.
Helburua Bilboko etorkin ez-gaztelaniadunak dira, edo gaztelaniaz oraindik gaitasun handirik gabeak; geografikoki ere zorrotzago jarriko nuke, Alde-Zaharra/ Bilbo Zaharra litzateke ekimenaren eremu naturala.
Horretarako bost lagin hartu ditut, konparazione baterako; zenbaki erlatiboei bizkaieradunok beldur itzela diegun arren (edo eduki beharko genieke), horiek erabili izan baitira ez bakarrik Bilboko erdalduntasuna bindikatzeko eta beraz Bilboko euskaldunak urteetan umezurtz uzteko, baizik eta bizkaieraren desagerpen indarrak sustatzeko guaismo ideologikoa zela merio, estandarraren barruan (ikusten duzuenez, borroka guztiak darabiltzagu beti soinean eta batera, beti borroka bat eta berbera baita). Baina konparazioak hasiera batean balioko digu zenbakiotarik esanguraren bat ateratzeko
Hautatutakoak hauexek izan dira: Bilbo, Markina, Bermeo, Ondarroa eta Erandio; zergatik? Erlatiboki etorkinen kopuru handiena Markinak daukalako. Ni Bermeotar familiakoa naiz (Bilbokoak ez dira bakarrik Burgosetikoak), eta han “etorkin” berba asmatu baino lehenago, euskara klaroan “trenak ekarririkoak” esaten zitzaien; hain zuzen trenez zetozelako; eta trenari leporatzen zion Sabinismoak erdalduntzea (eta ez gure kapitalisten interesei) Erraimun Argaratek Euzko Gogoako lehen alean "Iñaki" liluratu haren istorioarekin erakusten zigun legez. Poetak (Arestik) esaten zuen “Erandio, erdarak odola eran dio”. Beraz, Bilboko datuekin kontrastea bilatzeko, jarri ditut, alde batetik atzetik ere erdaldundutzat jo izan den eremu bat (Erandio); horrekin kontrastean ez-erdaldundutzat jo izan den beste inguru bat (Markina), eta tartean bi kostaldeko herri.
Horko gehienak ni inoiz bizi izan naizen inguruak dira: Erandioren ordez Leioa, eta susmoa da ezartze bideek badutela zerikusirik aurretik dagoen biztanleriarekin; hau da, susmoa da afrikarrak nahiago izaten dutela inguru euskaldunak, eta amerikarrek aldiz erdaldunak.
Azken oharra, Ikuspegik, izena gorabehera, erdaraz egiten du, eta
ez ditut tagg-ak itzuli nahi izan. Ikuspegik erdaraz egiteak
sospetxerian jartzen gaitu “extranjera”ren azpian zer
dagoen jakitean, ea Galizarrak edo Extremadurakoak ere "UE"
label horretan sartzen diren, ala “ez-espainolak” beste
barik esan gura duten, azken batez arrazakeria bakar hauxe zaigu
onargarri (eta bedeinkatu): boterearen metaforarekin bat egiten
duena. Esan nahi baita, ez dudala uste “ez-euskaldunak”
esan gura dutenik. (Grafikoak ez naiz gai igotzeko, ea biharko ikasten dudan!)
DATOS |
Erdia
baino gehiago Latin-Amerikarrak dira; hala ere Erandiorekin
konparatuta, asko dira Afrikarrak. Hau da, gure “merkatua”
3.403 biztanletik atera behar da.
DATOS |
Markinako biztanleriatik ia %10 etorkinak dira; etorkin horietan, 237 dira afrikarrak, Magrebiarrak gaina hartzen diete amerikarrei (begiratutakoen artean herri bakarra). Beraz, seguruenez bereber-euskara gramatika bat hemen hasi beharko zen idazten.
DATOS |
Bermeon aldiz, badirudi eslabiarrak direla amerikarrekin baterago datozenak. Hemen beraz errusieratik (demagun) euskararako bidea egiten hasi beharko zen.
DATOS |
Erandiok seguruenez markatzen du gainerakoen norabidea; amerikarrek bat egingo zuten erdaldunen euskararekiko joerekin.
DATOS |
Ondarroak ematen digu hein batean Markina eta Bermeorekiko kontrapuntua eta konparaburua; Markinan bezala afrikarrak nagusi, baina kasuan Sahara azpikoak. Itsasotik gara Afrika beltzarekin adiskide aspalditik. Hemen Hausa-Euskara, edo Yoruba-Euskara gramatikak egiten hasi beharko ziren idazten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: