Orainarekin egin nahi dut topa

bewater 1456131582656 ZIRT EDO ZART | 2006-12-09 00:14
2

Tok, Tok, jo dut Iraganaren atea. Ez du aurpegi onik ipini, ez omen dago gustura berarekin izan dugun jarrerarekin. Ezkortasuna sumatu dut bere hitzetan eta gertatutako guztia kontatu dit, ez omen du ezer ezkutatzeko. Gertatutakoa gertatu dela jakinarazi eta Etorkizunari deitzeko esan dit.

 Ring, ring deitu diot Etorkizunari, baina ez dit sakelako telefonoa hartu. Badirudi ez didala gertatuko dena kontatu nahi. Bosgarren tonuan erantzungailu automatikoa atera da eta arazoren bat izanez gero Orainari galdetzeko esan dit, bera omen da Etorkizunaren idazkaria.

 Oraina nire alboan dago, beti bezala. Itzal baten modura portatzen da, ez nau sekula askatzen. Halere, bere lagunartea ez dudala behar bezala zaintzen esan dit, ez diodala behar adina galdetzen. Beti nire alboan dagoenez, askotan aspertu egiten nauela erantzun diot, baina ez zaio asko gustatu esandakoa.

 Berarekin gustura ez banago joateko prest dagoela esan dit burumakur, baina orduan izutu egin naiz. Oraina gabe ez dakidala bizitzen eta bera gabe ezingo diodala Etorkizunari deitu konturatu naiz.

 Barkamena eskatu eta zerbeza bat hartzera gonbidatu dut. Oraina oso pozik jarri da eta nik ere alaitasuna sentitu dut nire barrenean, azaldu ezin daitekeen alaitasuna.

 Bat-batean, tabernako leihotik begiratu dut eta urrunean Etorkizunaren irribarrea ikusi dut. Eskuarekin agur egin nahi izan diot, baina konturatzerako desagertu egin da, Orainari begiratu diot berriro eta pitxerra altxatu dut. Berak gauza bera egin du eta topa egin dugu.

ayla

ayla 2006-12-09 01:41 #1

Ikasbide bikaina!

indezent

indezent 2006-12-09 14:13 #2

<p>Poeta bat esnatu da, basapizti bat sortu. Referentzia literario bihurtu behar da blog hau. Nun zenituen ideia hauek sartuta? segi ateratzen gustora irakurtzen ditugu eta.</p>

<p>Hala ere, hirea grabea dek.Oainarekin eta guzti hartzen dituk zerbezak? Esto va a ser vicio e...</p>


Utzi iruzkina: