Kantuzaleen txokoa martxan da

Nork ez ditu maite Etxahun Iruriren kantak? Ezagutzen badituzu gustura kantatzeko, eta ezagutzen ez badituzu poliki-poliki ikasten joateko, hau da zure txokoa. Iparragirre, Laboa, Lertxundi, Lete edo Valverderenak ere hautatutakoen artean dituzte Kantuzaleen Txokoko kideek eta noski, zuk ere eska dezakezu zure kanta gustokoena abestuenen sortan sartzea. Ikasturteari hasiera eman diote txokoan, eta astelehenero aurkituko duzu urtero handitzen doan lagun multzoa. Ez da koroa, eta ez dago zertan ondo abestu beharrik. Ez kezkatu beraz, desafinatzen dutenak ere erabat ongietorriak dira eta. Urtean hirutan gutxienez kalera irtetzen direnez (Santo Tomas egunean, Deustuko Jaietan eta Arangoitiko Euskararen Egunean) nahikoa denbora dago ordurako txukun-txukun kantak ikasteko. Hitzordua astelehenero 20:00etan Bidarte Auzo Etxean. Nahi duenak handik pasatu besterik ez du!


Utzi iruzkina: