EHZ 2.006

Aurten ere Euskal Herria Zuzenean festibalean izan gara dozena bat berbaizukide inguru. Aurten ere saiatu gara gure xiberuera aditzeko gaitasuna hobetzen, aurten ere ibili gara halamoduzko egun bateko frantsesa erabiltzen. Beste behin ere euskara beharrezko eta erabilgarri bihurtu dugu iparraldeko gazte askorentzat, txosnan eskatzeko besterik ez bada ere. Euskara Elkarteen Topagunetik guztira 60 bat lagun hurbildu gara bertara eta iaz baino gutxiago izan arren, beti bezain gogotsu aritu gara.

Badirudi balorazio onegia ez dutela egin antolatzaileek, eta giroa berriz ere indartu den arren jende kopuru aldetik ez omen da hazi. Kostaldetik urrun xamar egotea aipatu dute Arrosarekiko diferentzia nagusien artean, hango publiko arrakasta ez baita errepikatu handik mugitu zirenetik. Horrek diru galera dakar eta festibalaren helburu nagusietako bat beste proiektu batzuk finantzatzea izaki, datorren urtearen gaineko zalantzak agertzea guztiz lojikoa da. EHZko antolakuntzak erabakitzen duena erabakita, gu prest datorren uda hasieran asteburu pasa ederra emateko Xiberuko bortuen arteko paraje haietan. Edo beste nonbaiten, zergatik ez.


Utzi iruzkina: