YAMILETH BERBALAGUNAREKIN SOLASEAN

Bi urte pasa dira Berbaizuk Berbalagun egitasmoa Deustun martxan jarri zuenetik. Gaur, egitasmo honetako partaide den Yamileth Acevedorekin hitz egin dugu. Jatorriz Panamakoa bada ere, 6 urte daramatza Deustun bizitzen. Euskalduna da eta ostiral goizero bere berbalagun taldearekin dauka hitzordua. Gaur, eta ezohiko orduan bada ere, berarekin elkartu gara kafetxo bat hartu eta elkarrizketa txiki hau egiteko asmoz.

Yami, zenbat urte daramazu euskara ikasten?

Nire harremana euskararekin nire senarra ezagutu nuenean hasi zen, orain dela 7 urte. Berak, euskalduna izanik, euskararekiko maitasuna transmititu zidan eta euskara ikastera animatu. Aurtengoa seigarren urtea da Hizkuntza Eskola Ofizialan euskara ikasten nagoena.

Nola ezagutu zenuen berbalagun proiektua?

Berbaizu Deustuko Ikastolara etorri zenean, gurasoei bideratutako berbalagun taldeak osatzeko proposamena luzatzera, orduan izan nuen lehenengo aldiz egitasmoaren berri.

Zenbateraino lagundu dizu berbalagunak euskara ikasten eta euskal komunitatean integratzen?

Asko. Hitz egiteko erraztasuna eta freskotasuna lortu dut egitasmoari esker. Izan ere, nahiz eta gramatika oso ondo jakin, niretzat zailena hitz egitea da.

Eta zure eguneroko bizitzan ze eragin izan du Berbalagunak? Aberasgarria izan da?

Bai. Gure taldean jendea oso jatorra da. Biltzen gara hitz egiteko baina harremana izateko ere bai eta oso ondo pasatzen dugu. Solasaldi ederrak izaten ditugu, hizkuntza eskolan baino erlajatuago.

Zein iritzi daukazu mota honetako programei buruz?

Proiektua oso ona iruditzen zait. Bilbon bizi garenok aukera gutxi ditugu euskaraz mintzatzeko eta hau aukera bat da.

Zer esan dezakezu zure berbalagun taldeari buruz?

Oso euskara maila ona dutela, batzuetan euren artean atzeratuta sentitzen naiz. Bestalde, pertsona helduak dira eta asuntua seriotasunez hartzen dute, hori gustatzen zait.

Datorren urtean proiektuan jarraitzeko asmorik bai?

Oraintxe bertan bai, baina gauzak edozein momentutan aldatu ahal dira.

Eskerrik asko Yami zure ekarpenagatik eta hurrengora arte.

Eskerrik asko zuei.

Ikusten duzuenez, Berbalagunak ez du mugarik. Zuk ere parte hartu nahi izanez gero dei iezaguzu 94 447 10 42 telefonora edo idatzi e-posta berbaizu@euskalnet.net helbidera eta berehala jarriko gara zurekin harremanetan. Euskaldun oso, gai, zahar, berri, erdizahar, tarteko, ikasle, irakasle, etorkizuneko, iraganeko... denok dugu lekua Berbalagunean.


Utzi iruzkina: