Beranduegi?
Aldaketa klimatikoa jada errealitate bat da, hemen dugu, hasia da eta gure esku dago gelditzea. Azken bolada honetan guztion ahotan ibili den arazo honi, ordea, urrutitik begiratzen dio gizarteak.
Aldaketa klimatikoaren eragile bakarra gizakia da, gizakiak azkartu egin du prozesu hori. Errua beste bati egoztea oso erraza da baina hori egiteak gure kontzientzia baretzeko baino ez du balio.
Aski arrunta da entzutea aldaketa klimatikoaren eragilea kapitalismoa dela. Horrek erakusten dit gizakion zinizmoa eta faltsutasunak mugak zeharo gainditzen dituela. Kapitalismoa berez ez da ezer, baldin eta gizakiok bermatzen ez badugu. Beraz, kapitalismoa bermatzen jarraitzen dugunez, hori baita indarrean dagoen eredu ekonomiko nagusia, errua gurea da eta ez beste inorena.
Bi aurpegiko gizarte honek aldaketa klimatikoaren kontra egiten duela sinestarazi nahi du. Bai, guztiok gaude aldaketa klimatikoaren aurka, baina kotxez mugitzea nahiago dugu, dutxan minutu erdi egon beharrean hamar minutu egotea nahiago dugu, zaborra lurrera jaurtitzea errazago suertatzen zaigu, zabor guztia kontainer berera botatzea erosoago egiten zaigu...
Benetan gertatzen dena da aldaketa klimatikoa bost axola zaigula. Gizakiak indibidualistak eta berekoiak gara izatez. Hori dela eta, ondorioak guk geuk pairatu arte ez dugu neurri eraginkorrik hartzen.
Penagarriena da, ondorio horiek pairatzen dituzten lehenak, beti bezala, herrialde pobreenak direla eta gainera jasan behar dituzten ondorio horiek guk eragin ditugula, herrialde garatuek alegia. Baina guri, telebista itzaltzearekin aski zaigu horretaz ahazteko eta gure bizitza normaltasunez berrartzeko.
Egunen batean konturatuko gara zein ergelak izan garen aldaketa klimatikoa gelditzeko aukera alferrik galtzeagatik. Baina orduan beranduegi izango da.
Beharbada, besteei errua leporatzeari utzi eta arazoari irtenbide bat bilatzeari ekin beharko genioke. Guztiok gauza txikietan arreta jartzen badugu, arazo handi bati konponbidea emateko aukera dugu.
Esaten den bezala, ardi galdua antzeman daiteke, aldi galdua berriz ez.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: