Zerumugara ez dago heltzerik, eskerrak horri, eskerrak zuri

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2021-03-16 11:39

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1615891997808

Izurdeen lekuan

Mikel Urdangarin

*Zzart

Proemio:

MMXV diskoa entzun ostera arte, ez nuen Mikel Urdangarin kantariaz eta bere musikaz deus errana. Ez dut berriz ere disko horretaz idatzi nuena irakurri. Musika “kritikaria” izan gabe, erran dezaket diskoak bete ninduela, baita ene baitakoa arindu ere.

Mikel Urdangarin ez da nire belaunaldikoa, bistan da. Bera munduratu zen urtean, 13 urte nituen. Orduan deskubritu nuen musikarekiko jaidura, edota musikak niregan sortzen zuen lilura (ez nintzen rara avis, noski).

Musikari hau entzuten hasi nintzen, nire seme-alabek entzuten zuten heinean, baita Urdangarin eta berarekin batean, gaur egun 30 urteren ingurukoak liluratu zituzten musikariak ere. Buruz ari naiz, baina uste dut, Mikel aitzindari zela.

Zorrontzakoa entzuten nuen –eskualdean dioten legez, zornotzarrak Zorrontzakoak dira– irratian, telebistan, han eta hemen, baina ez bere disko bat hartu eta berean murgilduta osotara. MMXV diskoak zipriztindu izan ezik, blaitu ninduen, bere soiltasunean trenpatu nintzen. Margolaria diskoarekin berriz, Urdangarinen batailoia hartu nuen eta “Margotzen ari nauzu eternitatera bidean!” idatzi nuen.

Izurdeen lekua diskoa luzaz igurikatu nuen, eta aski luzaz joan zait honen bustialdia. Heldu naiz baina, ito barik. Nire arnasa eta izurdeena batera sentitu guran ibili naiz, Urdangarinen arnasarekin baltzuan kulunkatu nahiz ibili ere. Ez dakit lortu dudan, baina adi-adi jarri naiz, aldian etxeko lan aulkian, aldian autoko eserlekuan.

“Belarrira kantaukotzut zuk bakarrik entzun daizun”, erraten digu hastapenean, eta hara, niretzat bakarrik kantari ari zelakoan gidatu naute doinuok, kantariaren berbek eraman naute, etxeko egongelan zein bidean joanean.

Narratio

1. Izurdeen lekua: Eguneroko iratzartzea eta harritzea da bizitzea, horrela izan ezean, harritu ezean ,“hilik” garen seinalea dukezu. “Ezjakitun ziren, ezer ez zekiten gutaz…”. Eta guk apenas jakin ere haietaz, gure aurretikoez, haiek harritu eta gu ere. Itsasargiak, piratak, erraldoiak, baleak… Izurdeak... Ur azpian arnasketa eta belak airean, etxeko lehoitik beha nahiz autotik itsasora so: munduan barrena abiatzeko brankako kanta duzu Izurdeen lekua, bizitzea nabigatzea baita.

2. Enaz beldur. Mikelen pianoaren konpainian, maitale zaharren beroan barnebildu naiz. Sentitu dizut heriotza, mosuz mozu, lainoz laino, Orhitik Bikargiraino (Zorrontzara begira) belarria erne ukan dut, Bizkargin jezarri naiz eta bakar-bakarrik entzun zaitut. Enaz beldur, eniz lotsa.

3. Hiru ahizpatik bigarrena. Mikel da kantari, ez da dudarik, zentzuz eta artez, ohiko kadentziaz, haizearen xuxurlari. Berba ederrik ez dago, alta bada, doinuek eta xuxurlek kanta atxikitzen dute “Babeletik Zorrontzaraino…”. Migel, Kontxa… Miren Abasolo Iza oroit. Zure min eta bizipoz, nire nire nire, nire eta neurea… Neurea. Antzinakoen iturritik heldu den ur berria. Ur berria, doinu berria. Klasikoa jagoitik.

4. Argia. Hil kanpaiak sentitu ditut pianoaren teklen kolpetan, taupadetan. Tunel barrenean eraman nau ahots sarkorrak, ez nau engainatu horregatik. Latza duzu bidea. Erreinu opakuan zailki ageri duzu argia, alabaina, dena ikus dezakezu iluntasunean. Bizitzeak hiltzen du, bizitzerik ez dago heriorik barik. Gure azal doituan, negu gorriak gaina hartu duenean, min ematen du herriak. Herrimina. Jainkomina. Pertsona ez ote bada, maskara batez jantzitako izakia? Bizitzaren mentura Urdangarinek abestuta.

5. Azalaren azpian. Azalaren azpian nor ote? Nor ote norberaren baitan, ez bada, inoiz izan zenuen maisua? Bertsolari ausarta igarri zuen (zintuen) bertsolari maisuak. Baltza zenaren omenezko kanta. Bertsolari gazte ausarta, kantari xalo bilakatua. Aitortza isila egiteko orena heldu zaio (zaizu). Jonen berbak bizirik daude Mikelen baitan, Lopategi zenaren kantaria bere azal azpian baita. Bihotz-berotasunezko ereserkia.

6. Utziozu. Pianoren kulunka aski da, edo hala behar luke, nahikoa, mundua iraultzeko alegia. Alta bada, ez da bakarrik pianoak garamatzana, orkestra ederra bildu du bere inguruan, gibelean. Pianoa brankan paratua, istribor nahiz ababor, popan noa, letra laburrean musikaren emarian, kulunkan.

7. Ura dakartzut. Ura hartu dut. Eskuetan hartu ere, hatzen artean, goiti eraman eta erien artean jausten zait emaro. Alison Keableren ahotsa dantzut, Nika Bitchiashvilien biolina artean, eta Mikelena heldu da: pianoak “etxegabetuko” al nau? Basamortua dut oin azpian, ura goiti ari duzu berriz, izarrei begira noa, eternitatera bidean itsasontziko egoile. Gaineratiko musikariak ere zerutiarrak dira. Kanta sublimea.

8. Zaharra eta gaztea. Mikel da berriz ere, Urdangarin zaharra (edo gaztea) pianoak berritua. Mendian betirako gelditu ziren lagunekiko omena, Alberto Zerain eta Mariano Galvani oroit. Haiek joan ziren, baina musikariari ez zaie aldendu. Indarberritua ari da kantaria, bizitzaren bailararen infinitura eroan nau (nauzu), ibarra naiz luze-zabalean.

9. Oh. Egunero jaikitzen naiz eta ispiluan behatzen zaitut. Xume sublimea!

10. Eguna hasi da. Egunero hasten delako, zure kanten xuxurlek biziarazten nautelako, loa loa obabatxue. Alostorrera igoarazi nauzu, zure ahotsaren ederrak sorgindu nau, zure begiak nireak dira, nireak zeureak. Belarriak erne ditut haatik.

Peroratio

Entzun zaitut enegarrenez, entzun ditut izurdeen lengoaiaren oihartzunak, belarritara heldu zaizkit itsas kurkuiluen lantua eta izaki bizidunen aieru hilkorrak. Hitzez gutxi dakit eta doinuez areago nauzu mehe. Ez du axolarik! Aldian-aldian, etxeko salako leihoa nahiz autoko eserlekua abandonatzen ditut eta zure barkura igo ohi naiz: lemari tinko helduta, pianoaren notek naramate. Nora? Zer axola du? Zerumuga ez dago heltzerik. Eskerrak horri, eskerrak zuri.

Argumentatio

Erran dezaket, eta menturako nauzu. Ez naz beldur ez niz lotsa. Ez naiz aditua, aritua naiz eta aditzen dut. Mikelen gitarraren noten soiltasunak harrapatu ninduen, eta ez naiz askatu orduz geroztikan. Orain berriz ere, Urdangarinen pianoren notek itsas hondalera naramate. Izurdeen lekura abiatu naiz, haien txistuen adierara erne eta adi. Kantari musikari pirata honek xerka segitzen du eta nik haren lemari eusten diot barkuaren brankan paratuta. Menditik itsasora datorren ura legez, beti ibar berrien bila, etengabe berritzen den antzinako (h)ura legez.


Utzi iruzkina: