Margotzen ari nauzu eternitatera bidean!

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-09-30 09:21
1

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1601451028938

Margolaria

Mikel Urdangarin

Elkar, 2017

Margolaria ez da labetik ateratako disko berria, badakit. Entzun berri dut, musikari hau disko berri baten orea moldeatzen ari dela. Mikel Urdangarinen musikak “berant” oratu ninduen. Bizitza baina, eternitatekoa balitz legez bizitzea desio dudanez, edo bizitzeko garaira heldu naizenez gero, honatx, “kantuok entzun eta ostera margoketan hasi naiz ni ere”.

Margolaria diskoaren aireak –kanta bakoitzak transmititzen dizkidanak–, brotxa finez trazatuta daude. Paul Cézanne margolariaren pintzeladak lako, berbarako. Alta bada, diskoa eskuratu ondoren, eta kantaria laguntzen duten musikarien segimenduan barrena ibilitakoan, diskoa txuri-beltzean bizi izan dut. Nola gerta hala konda!

Nire hitzak brotxa lodiz trazatuta datoz, diskoek oro har eta Margolari honek orobat, bidean barrena noala, autoz noala alegia, transportatu nauen moldean kontatzera nator. Kantatzera nator esatea nahiago nuke, baina kantarako mugatua nauzue. Ea lerro artean zer transmititzen dizuedan.

Bihotz hilezkorra kantak eternitaterako pasea eman dit, bizitza den ekaitzaren baitan.

Zurea da kanta entzun ostean, sobera guztia banatzeko gertuago nauzue.

Itsasoan euria: nire berbak ez daitezen izan zuriak. Zureak nireak dituzu, Gerardo.

Libre, hala sentiarazi nauzu tokayo horrek.

Hiritik urrun, metropolian barna ibili nauzu. Iheslari betiere.

Orain, iraganetik ihes eta gerora joan gurarik ere ez! Margolaria, Paul Cezanne koloreak aireetan, Alain Urrutia-ren txuri-beltzez zipriztinduta.

Mendian gora, aire ezberdinez berbetan gorago. Ni joanago eta Xabier Amuriza gorago, osoago.

Kopla bihotzekuak, lasai ez noatzue kantatzera. Gizon librearen hotzak nauzue, eztarria urratuta.

Dena neure baitako, hau ere gaitza Markuleta. Ez nauzu gaixo ordea.

Hamarreko pedante samar, hain ziur, nirea. Ez naiz margolaria, ez musika epaitzeko jaioa. Nire motzean, hauxe esan dezaket: Mikel Urdangarinen notak, musikari bikainez inguratuta, Paul Cezannek pintzelkadak mihisean jotzen zituen nola halaxe aditzen ditudala diskoan hala nola zuzenean.

Mikelen notak eta aireak Alainen mihise txurian koloreztatu ditut nihaurk.

Mikel Urdangarini esker, Euskal Herriko ortzi hitsetatik Aix-en-Provence-ko zeru argitsura pasatzea legez irudikatzen dut nire burua bizitza eternalean.

Jinen da ere, artean orea den opil berria.


Utzi iruzkina: