Jende ona eta putakumeak: és tot tan absurd…

Hainbat kontu abiatzeko
Jokin Muñoz euskal idazlearen ibilbide literarioaren gaineko pare bat zertzelada: 1995ean plazaraturik, hamarkada luze batez euskaraz idatzi zuen; narrazio-ipuinak eta eleberriak. Euskadi Literatura sariak irabazi zituen, baita Espainiako kritikaren saria ere. Idazle arrakastatsua izan zen. Hots, irakurria. Haren hurrengo hamarkadan isildu eta 2022an Sin tocar el suelo nobelarekin itzuli zen. 2024ko urrian, Quiero ver, honako hau, argitaratu zuen. Beraz, euskaraz eta gaztelaniaz idazten du.
Sin tocar el suelo delakoa iruzkindu nuen. Gorde dudan inpresioetako bat: euskarazko gaitasuna bera du gaztelaniaz. Jokin Muñozen gaiak, gogoratu aldera, Espainiako gerra zibila –Nafarroaz eta bertatik kontatua, nafarra baita– eta euskal gatazka delakoa dira, handi-handika erranik. Quiero ver eleberria, hain juxtu ere, nafar lurretan gertatzen da. Nafarroa arre eta berdean, erdal eta euskal nabarrean.
Nobelaren inguruan
1. Quiero ver bi ataletan zertua dago: París eta Nueva York izenekoak. Egiari zor, egia ez dela mundu honetakoa gogoratu aldera, nobela Salamancan hasten da. Nafarroan gauzatzen da nagusiki, erran bezala. Aragoin ere errekreatzen da –zati luze batean–, Belchite herriaren ingurumarietan hain zuzen ere.
2. “Kontuz eleberriak iruzkintzean!”, adierazi zidak (nire) aingeruak. Artean, ez dakit ona edo gaiztoa izan ote den. Alegia, kontuz spoilerrekin. Spoiler tipi-tipi bat eginen dut, haatik: París eta Nueva York atalen izenak ez datoz bat errealitaterekin. Lizentzia literarioaren seinale bat duzue, hala nola nik eginiko spoiler tipia hau ere bai.
3. Geografiak geografia, orografiak orografia, Belchite herria existitzen da. Espainiako Gerra Zibileko batailetako bat bertan libratu zen, arras arrunt zeharo odoltsua. Bataila horrek espazio luzea hartzen du eleberrian, nire gusturako luzeegia. Bertze bi herrixkek berebiziko tokia dute nobelan: Izúrquiz eta Ceruondo. Biak ala biak fikziozkoak.
4. Pertsonaiak ez dira gutti. Nagusia Pablo Gil da. Pertsonaia gehiagoren izena emateak buruko nahasmenak baino ez dizkizue eraginen, beraz, bego. Beno, nobelaren trama lotzen duen izena azalduko dizuet: Martin edota Mattin. Pertsonaia bera duzue. Alta bada, izen bera daukaten bi pertsonaia daude nobelan. Bertze bat, nobelaren espirituan funtsezkoa baita: Ignacio edo Inazio.
5. Espainiako gerra zibilaz ari zaizue nobela. Garaia hartako ideologiei dagokienez hauexek: karlistak, falangistak eta erreketeak dituzue nagusi. Errepublikarrei eta komunistei buruzko erreferentziak ugari dira. Erlijio katolikoak, bistan da, berezko eta berealdiko tokia du nobelan.
Nobelaren gainean
1. Nobela hau, idazlearen familiako memoriari lotua dago hein batean. Tira, nire aburua duzue. Liburuaren azalean berean –garai bateko ohiko irudia, are gehiago gerra unetan; Iván Landaren ilustrazioa– agertzen diren lau gizonezko gazteetako baten bisaia Muñoz Trigoren bati dagokio: txapelik gabekoa. Nobela Chari Trigori eskainia dago. “Charik dena ikusten zuen”, diosku idazleak. Jokinen izeba, naski? Amatxi ote?
2. Chari Trigok dena ikusten zuen, baita Jokin Muñozek ikusi nahi ere. Idazleak, hala erranen nuke, (bere) historia kontatu nahi du, baita idatzita ikusi ere. Quiero ver premisa horrekin idatzita (bide) dago.
3. Areago, nago, París delako atalaren hasierako Saulo, saulo, ¿por qué me persigues? aipuari kasu egitera –Bibliako pasartea–, nobelako gaia jazartzen zaio eleberrigileari, alegia, gerrak jarraitzen dio. Gatazka da idazle honen leitmotiva. Ausaz, hobeto erranik, gatazkek elikatzen dute Erriberako idazle nafarra.
4. Nueva York ataleko aipua, honako hauxe duzue: Izan zirelako, gara; garelako, izango dira (Joxe Migel Barandiaran). Ez alferrik, aldez edo moldez, bi aipuak erlijioari dagozkio. Bigarren hau, euskal antropologiari. Bai erlijioa bai antropologia dituzue nobelako berebiziko gai eragileak.
5. Izan zirelako gara, garelako izango dira. Maxima apartakoa da. Euskaldunon kasuan zalantzazkoa. Nobelak horixe berretsi dit. Luze joko lidake aburu horren hitsa argudiatzeak. Argi-inar bat eman aldera: etorkizuneko gizakiok aurrekoak izan eta gaurkoak garelako izanen dira, jakina, baina ez horregatik euskaldun.
Nobelari buruz
1. Nobela ongixko eraikita dago. Ez dut txit ongi idatzi. Izan ere, hasiera eta amaiera loturak istorioaren taxua bikain bermatzen badu ere, Belchiteko batailaren gainean birsortua luzeegi egin zait. Gerra bezain astuna. Horrexek berpiztu dit irakurtzen segitzeko duda-muda aldian behin.
2. Areago, gerra-pasarte horien idazmoldearen mailak zalantzan jarri dit Jokin Muñozen gaztelaniazko dohaina. Fernando Arambururen Patria nobela etorri zait akordura. Ez Patrian euskal gatazka tratatua den moduarengatik, Aramburuk erabilitako hizkuntza mailarengatik baizik. “Hori bada Espainiako letren maila…”, pentsatu nuen orduan.
3. Alegia, Jokin Muñozen idazmoldeak ez dit barrua izeki orrialde horietan,
ez leitzeko motiborik eman ere –gaztelaniazko nire maila literarioa eskasa dela onarturik–.
4. Alabaina, gerraren kontakizuna amaitzen den unetik beretik –París atalaren azken zatiaz geroztik– aldatzen da nobelaren maila, aldatu idazmoldea, hasten da goititzen narratzailearen ahotsaren tonua. Hartara, mintzoen nolakotasuna igo ahala kontakizunaren funtsak irabazten du.
5. Konparaziorako, arrazoiak arrazoi –idazlearenak, prefosta–, bigarren ataleko pertsonaiak –euren errekreazioa– lehen atalekoen gainetik daude. Nire ikuspegia da, noski. Nueva York atalak maila duin-dohain batean ipini du Quiero ver delako hau.
Nobelaz landa: historiaren istorioz haratago eta honatago
1. Belchiteko batailaren pasadizoak irakurri artean, adjektibo hau esleitu nion nobelari: iniziatikoa. Berau bukatu ostean ere, ez naiz gauza iritzi berau burutik ezabatzeko. Iniziatikoak ez du zertan gutxiesgarritzat jo behar, noski.
2. Aurki, mende bat beteko da –arranopola!– 1936ko Espainiako Altxamendu Nazionala izan zela. Galdera: nola ikusten dute gaurko gazteek gure historiaren parte hori? –30-40 urte bitartekoek, errate baterako–. Ezagutzen dute historiako parte hori? Nobela honek zerbai sorrarazi edota eraginen die?
3. Hots, –Lepantoko batailak berak piztu dezake egungo belaunaldi irakurlearen gogoa, batez ere ongi kontatua bada–, baina nago, "iraganeko gure batailek" ez dutela interesik gurean. Ausaz, Espainiako beste territoriotan bai! Gurean ez. Gaztelaniaz? Areago, nago, nobela honek gure –idazlearen– belaunaldiko literatura zaleen artean ez duela arreta jaso(ko) –oxala oker banengo–.
4. Badaezpada, porsiacaso eta enkaxka ere: ez naiz idazlearen hizkuntza hautuaz inolako balorazio moralik egiten ari. Nork bere etika. Arras errespetagarria.
5. Nago, hala ere, Quiero ver nobela gaztelaniaz kontatua –erdaraz, alegia– eta euskaraz kontatua (demagun, Ikusi nahi dut) istorio ezberdinak liratekeela. Portzierto, ez nekien –nobelan ikasia– erdara euskararen erdia denik: medio idioma. Bidenabar errateko, hurrengo nobela Quiero ver beharrean Quiero vivir idaztera gonbidatzen dut idazlea. Areago –nire atrebentzia lotsagabean–, ongi etorri ere Bizi nahi dut bada.
Nobelaren barrena: barrenean barrena lihoa iruten
1. Moralaren esparruan sartu naiz, beraz, lerratzeko proportzioa handitu ere, gerran hala nola gerraz ari garenez gero. “Jende ona eta putakumeak” lema duzue nobela honen tesiari eusten diona. Erranairu horren arau eraiki dugu gure imajinarioa. Eiki, imajinarioa. Imajinario kolektiboa batez ere. Nork bere pentsamendua eraiki beharrean, eraiki ezinean, imajinario kolektiboari atxikia bizi da gizabanakoa, baita berari esker iraun ere.
2. Deigarria eta aztoragarria egin zait, artean ere, aurki mende bat eta gero, idazle honek irakurle potentzial/balizko horri ohartarazi behar izan baitio
–ohartarazi digunean– denok izan gaitezkeela jende ona hala nola jende putakumea. Aldi berean ez bada, aldizka. Ingurumariak –zirkunstantziek– baldintzatuta. Areago, ingurumarian gerra edo gatazka-armatua indarrean dagoenean.
3. Izan ere, ikaragarria da dugu eta duzue, historiaren barreneko
–antzinakoarena nola berriarena– erlijioaren eta ideologiaren ondoriozko moralaren arrastoak horren barneratuta egotea gaur egungo jendartean, beraz jendearengan.
4. Baliteke hurrengo nire hau interpretazio okerra izatea, nago baina, nobelaren harian eta ariora, kultura eta jakintza kontzeptuak ez ote diren oraindik ere –gaur egun ere– bereizten. Nire aburuan betiere, kasurako eta berbarako: Mattin haurraren kultura eta Mattin helduaren kultura “maila” berekoak dira. Jakintza da, printzipioz, pertsonaia biak ala biak ezberdintzen dituena.
5. Dena erran aldera, baita kontrobertsia okerrak uxatu aldera ere
–kontrobertsiak berez posizio kontrajarriak dira–: Quiero ver nobela duina da. Egungo jendeon mundu-ezagutza eta jakintza “maila” gerra zibil hura pairatu zutenen gainetik badaude ere, nago –arras oker egon naitekeela kontziente izaki– euskara baizik ez zekiten haiek eta erdara –euskararen erdia– mintzo zuten haien “duintasuna” egungo gizabanakoona baino gradu bat gorago zegoen.
Jende ona eta putakumeak. És tot tan absurd…
Post Scriptum
1. Ezin burutazioak –buruaren akzioak– eta burutapenak –buruaren penak–, guztiak alegia, testu nagusian sartu. Hau malura!
2. Munduan eta bizitzan, ez bat ez bi, anitz dira nobelako Inazio. Anitz ere Pablo. Aingeru gaiztoa baina aingeru onari gailendu izaten zaio.
3. Paradoxikoki –inozente eta ezjakina naizen honentzat bederen–, bizitzan eta munduan, aingeru gaiztoak aingeru onaren larrua ederki jantzi ohi du. Badakit larruaz bertze egiten. Aingeru onak berriz –ona baino onagoa izanagatik–, ez daki aingeru gaiztoaz beste egiten. Ez daki aingeru (h)onaz bertze egiten. Horixe jendeon malura!
Oharra: ez da aise onaren eta gaiztoaren arteko paradigma/paradoxa ebaztea, jende ona eta jende putakumearen dilema ebaztea zaila baita.
4. Hara, onaz eta gaizkiaz haratago kokatu eta jokatu behar dugula dioen iruzkingile/iruzurgile hau ez da, bada, moralaren amaraunean jautsi?
5. Ez da aise ez, jendartearen morala eta norberaren etika ehuntzea, ez hitzen lihoa –lío edo anabasa– finki irutea. Ezta Joxe Migel Barandiaran izan zenaren –nobelako beste leitmotivari– lemari eta nahikariari taxuz heltzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: