Han izanik hona naiz, lurra jo gabe zerua ukitu barik!
Literaturaz kanpokoak
Zergatik egon da Jokin Muñoz idazlea hamarkada batez publikatu gabe? Zergatik idatzi du orain gaztelaniaz/espainieraz? Berarentzat bertze, norentzat idatzi du? Sin tocar el suelo “euskal” literatura al da? Euskarazko literaturaren irakurleek eta bertze irakurleek –euskaraz ulertu barik, gaztelaniaz irakurri(ko) dutenek– berdin ulertu(ko) al dute nobela hau?
Literaturak galderak iradokitzen dizkigu. Hor goian dituzu bakar batzuk. Galderok estraliterarioak dira, stricto sensu harturik. Baliteke galdera horiei idazleak berak erantzun izana, eta artean, ni irakurri gabe egotea. Idazleak ez du noski, galderak zertan erantzun behar. Nik ez dut, iruzkin honen bitartez, galdera horiei arraposturik eman behar. Ez dira –niretzako– galderak. Alabaina…
Literaturaz barnakoak
Idazleek beti idazten dute liburua bera. Hala omen. Hala ei. Ez betiere. Alta bada, Jokin Muñozen kasuan premisa hori betetzen delakoan nago. Idazle nafar-donostiarraren literatura ezagutzen dudan heinean, diot. Sin tocar el suelo, euskal gatazka izendatu dugun fenomeno sozio-politikoaren errekreazio bat duzu. Iragan berriko gatazkaren alderdi bortitzaren erakusle edota isla.
Nobelaren armazoiaz
Luis Areta da eleberriko pertsonaia nagusia. Bigarren pertsonaia Leire Martinez da. Ana Mei, Tere eta Ines bigarren plano batean daude. Koldo Gartzia eta euskaltegiaren ingurukoak, bestalde. Luisen izebak dira: Conchita eta Asunción. Nafar Opus Deiren bizi-bizia. Leireren gurasoak ere badaude. Hiru belaunaldiko pertsonaiek osatzen dute istorioa. Istorioak euskal-nafar herritarron historia garaikidea –parte batez bederen– ederki erretratatzen du. “Erreala” hagitz ongi islatzen duen “fikzioa”. Denboraren joan-jinean eraikia. Hiru garaietako gizartearen –belaunaldikoen– lurra ukitu ez ezik, zorua jotzen duena. Nobelak San Sebastian –Donostia–, Pamplona –Iruñea– eta Madrilen jotzen du zorua oroz gain. Haratago ere badoa: Erresumaren erriberaraino –idazlearen haurtzaroaren lekua– zabaltzen da, baita Estatuaren hiriburuz harantz zabaldu ere, Extremaduraraino. Tira, dena esatera, Bordeleraino ere eramaten gaitu nobela honek, zelanbait.
Idazle honek eraikitzen d(it)uen geografia(k), osatzen dituen pertsonaiak, bateratzen dituen aldiak… Horiek denak orobat/berebat modu naturalean txertatu izaten ditu espazioan eta denboran. Nobelagilearen jaidura da. Bere dohaina. Honetan ere, nobela eraikitzeko moldea naturala izanagatik honen trama “kaos” batetik jalgia edo erauzia da. Trama txirikordatzen duten hariak mataza batetik deslotu ahala, kontakizunaren “nahaste-borraste eta korapiloak” laxatzen doaz apurka. “Iturri zaharretik heldu den ur berria” metafora Jokin Muñozenera ekarririk, hauxe: “Betiko estilotik jariatzen den molde berria”. Alabaina...
Alabaina, estiloa edota moldea direnak direla ere, hizkuntza ez da orain arteko bera. Castejonen sortutako idazlearen lengoaia literarioa –orain arte edo duela hamar urtera arte– euskara izan baita. Goian egindako galderei artean erantzun barik, hona labur zurrean beste galdera batzuk: euskal iturritik –besteak beste– edaten duen nobela den aldetik, erdarazko iturritik soilik elikatzen direnek ulertuko –harrapatuko– al dute nobela hau? Badakit jakin, edo jabetzen naiz, irakurleok idazlearen lanak –nobela edo poesia izan– ez garela inoiz oso-osorik ulertzera iristen. Halaz ere, Sin tocar el suelo nobelaren kasuan beste auzi bat ezbaian dago eta da: nobela hau ez al dago zuzenduta –euskaldunak edo euskal hiztunak izanda ere– euskarazko literatura jarraitzen –kontsumitzen– ez dutenentzat?
Nobelaren zioaz
Galdera horien harian, inork pentsa dezake: “Eta horrela bada, zer?”. Zer axola du? Nire motzean eta xumean, gogoetatxo hau: “Nobela honen kasua” ez da kasualitatea. Alegia, gaztelaniaz idatzita izatea ez da kasualitatea. Kausalitatea ba ote dagoen? Baietz erranen nuke. Kausak bat baino gehiago direla iruditzen zait. Gaztelaniaz idazteko idazleari dagozkionak hasteko eta behin. Bere-bereak. Nik ez ditut horiek zergatik “epaitu” behar.
Alta bada, euskal literaturaren egoerari atxikia den kausa ekarri nahi nuke. 40 urteko –“politikarako” ez ezik, literaturarako ere urte kopuru hori esanguratsua delakoan nago– iraganeko literaturaldi jariotsuaren ostean –euskaraz idatzitako literaturaz ari naiz preseski–, gaur egun euskal literaturak ez du berezko kalipurik molde autonomoan ibiltzeko –egundo ere ez da izan, prefosta–.
Euskal literatura Espainiako literaturaren subalternoa da, neurri –handi?– batean. Frantziako literatura osatzen/bizitzen eta kudeatzen dutenentzat, berriz, euskal literaturak ez du izaterik ere. Euskal literaturak ez baitu deusetarako kontatzen Hexagonoan. Bego! Iruzkin honen ura ez da aski bizia, ez behar beste indartsua, horren errota handiak mugiarazteko. Nobela hau “auzi” horren ingurumarira ekarri dut. Eta “auzi” horren gaineko ebazpenak gogoeta sakonak eta luzeak behar ditu.
Literaturarekikoak
Lurra ukitu barik, zorua jo gabe. Literatura hitzen malgutzea da, berben tolestea, eleen moldatzea… Hitzak munduan daude eta hitzetan mundua. Hitzak –literatoaren hitzak– etorkizunez kargaturiko armak izan omen ziren. Gaur egun, bai ote? Hala al da? Hara, armairuak bederen arimairuak balira! Armairuak gure arimaren/gogoaren gordegailuak balira, sikiera! Arestiko hitz horiek nobela honek iradokitzen digun metaliteraturaren ildoan ekarri ditut. Sin tocar el suelo nobelak literaturaren izateari ematen dion aitortzaren lekuko. Berebiziko ezaugarria nobela honetan. Nobelagileak islatu/ekarri/erretratu digun mundua entelegatzeko berealdikoa. Zorua jo gabe, lurra ukitu barik… Enarak hegaz legez, han izanik hona naiz. Txori hori Luis duzu, txoria ere Ana Mei izan daiteke. Halarik ere, euskara hizkuntza hila da. Literatura transmisioa da. Transmisiorako baliabidea. Bitartekoa. Zubieta! Nobela honek baina, euskara hizkuntza hila dela transmititu dit. Besteak beste, jakina. Dena dela –eta ez dena– ere, horixe nire atarramentua!
Pertsonaien gaineko zertzelada zenbait
Luis Areta edo Koldo Arenal. Izenak ez dakar ezinbestean izana. Luis hildako hizkuntza –lenguas muertas– honen eragilea/eramailea da. Eroalea. Hizkuntzengatiko “zoroa”. Euskarak etsia. Istorio honetako galtzailea. Historia errealera ekarrita, legenda bat. Morroi legendarioa. Liberty Valance Tirokatu Zuen Gizona/ The Man Who Shot Liberty Valance filma heldu zait gogora. Ransom Stoddard pertsonaiaren antzekoa edo parekoa da: pertsona jantzia. Ospe madarikatua pairatzera kondenatua. Egin ez zuen hilketa –moralki– baten pagaburua. Memoria ariketa sakona egin arren, gatazkak sortarazitako mina uxatu ezin duenaren paradigma bizitzera kondenatua dago nobelako pertsonaia nagusia. Minaren pairatzailea da. Horixe Luis Areta. Besteak beste, hori ere.
Leire Martinez. Koitadua. Luis koitadua da, baina, koitaduak eta koitaduak daude alajainkoa. Leire kanoi-bazka da. Edozein sistemak produzitzen duen izakaria. Nor izan nahian/bidean leherrarazia. Sistema edozein delarik, kontra-sisteman aritu izanagatik ere, pertsona bere bizitzaren pertsonaia izatera bideratuta/kondenatuta dago. Euskal kausaren aldeko bidean/borrokan, paradigma etsigarri bat. Horixe Leire. Besteak beste!
Koldo Garcia edo Gartzia. Pertsonaia hau pertsona errealena da jendartean gaur gaurkoz. Alegia, Luis eta Leire errealak dira, baina iraganeko errealitatearen parte dira jada, hein batean. Koldo orain oraineko jendartearen prototipoa/prototipikoa da: funtzionarioa. (Literatura) sistemaren funtzionamenduaren engranajearen eta katebegiaren alea. Kausa baten –euskal kausaren– kasu doilorra. Kausa komunitario baten kontura bere kausaren aldeko profitatzailea/profanatzailea. Gatazkaren paradigma izanik ere, gatazkak as(as)katzen dituen zorrietakoen paradigma. Adibide bat besterik ez da, bistan da. Ez da alabaina kontra-sistemakoek aldarrikatu ohi duten –“gora gu eta gutarrak” gaztetan oihukatzen zutenen– ezein jendarterako eredu/etsenplua. Horixe Koldo. Jendarte (h)onetan garaitu den morroi zorritsua! Besteak beste!
Ana Mei. Luzetsi gabe. Gurasoen belaunaldikoen hautu libertario baten hondakina. Mundu berez konplikatuan, bere identitatea –identitate gero eta lausoagoa duen jendarte batean “paratua”– eraikitzeko hamaika bataila/gatazka libratzeko munduratua. Luis –aitona– pertsonaiaren irudira eraikitzen doan pertsona. Luisi esker –transmisio suerte bat bermatzen diona– suerteko pertsona(ia). Nolabait hori ere, hor nonbait betiere. Ez dituzu pertsonaia bakarrak. Gaineratikoei zerorrek emanen diezu profila, iruzkin honen irakurle hori. Hala berean, nobela honen irakurle izatea desiratzen dudana.
Azkendu aldera
Badago nire uste zuloan, Jokin Muñozen literaturarenean, euskal jendartea deskribatzen duenean –hori da hobekien ezagutzen dudana– ezaugarri arrunt adierazgarri bat, eta da: festa. Pertsonaiak gerrari/gatazkari atxikiak izanagatik, heriotzari lotuta ezinbestean, festari emanak “bizi dira” bete-betean. Nobela honetan ere, euskal festa dago ezinbestez. Urtean barrenean buru-belarri festan dabilen jendartea, kasuon Sanferminetan goia jotzen duena. Orain eta hemen luze joko luke ezaugarri horretan sakontzea. Hau ez da kritika literarioa, ez sakona ez luzea, hau nobela honen iruzkina da. Errenditu dezadan esaldi soil labainkor batean: euskaldunok –euskaraz bizi nahi dugunok– historiaren bilakabidean menpekoak izatera kondenatuta –gurezko jiteak horretara ekarrita, akaso–, askatasunerako borrokak jariatzen digun kalipua/energia basoerdi batean itotzen dugu halabeharrez. Agidanez, halabeharrak eta destinoak ez digute itotzera garamatzan bidetik ihes egiteko bestelako zirrikitu zabaldurik laga.
Literaturara itzuliz, stricto sensu harturik hau ere. Arestian erran bezala, hitzak munduan daude eta hitzetan mundua. Ana Mei pertsonaiaren munduan legez, lengoaiak hizkuntzen konfluentzien ondorioak dira. Gurean, nagusiki gaztelania eta euskara konfluentzian dira, frantsesarekin ere neurri batean. Gero eta gehiago ingelesarekin ere bai. Horien artean edota haien bitartez eraikitzen dira identitateak, halaxe ere gaurko euskaldunona. Nobela hau horren adibidea duzu. Honaino etorri naiz, hauxe ere erraiteko: gatazkak gatazka, festarik festa, jan eta edanean… Horietan burutzen da gaur egungo euskaldunon izatearen adierazlerik nagusia. Tamalez? Ezinbestez?
Konparaziora: euskaldunon imajinarioan koloreak nahasten joan dira. “Gurean” klarete edo rosado eskatzeko gorria hitza erabiltzen da/dugu. Askotan, iragan berrian behintzat, gorria eskatu eta kamareroak –erdi-euskalduna-erdi-erdaldunak– beltza zerbitzatu ohi digu sarritan. “Euskaldunon imajinarioan koloreak nahasten joan dira” idatzi dut, apika, koloreak nahastu ez ezik, gogoen nahasketa gauzatu da “erdaldun-euskaldunongan”. Sin tocar el suelo nobelak erakutsi dizkidan paradigmen artean –denak ezin zerrendatu orriotan–, nobela gaztelaniaz idatzita egotearen zioa dagoke: euskaldunon –euskaraz bizi garenon– komunitatearen armairua hustu da. Armairu gabe, gurea almarioa da joan den aspaldian. Ez armairu izan ez arimairu izan ere. Euskal arima, erran dezadan hobeto, euskal hizkuntzaren gogoa hustuz doa –iraganean inoiz izan bazen, hori ere–. Edo hustu ote da jada? Galderak/itaunak betiere!
Han izanik hona naiz, lurra jo gabe zerua ukitu barik!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: