Izan edo izanaren irudia eman. Itxurak egin!

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2021-07-27 18:11

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1627403930417

Alain Vigneau

La vida de Clown (La tragicomedia del ser)

Ediciones La Llave

Marcelo Galvãoren Colegas filmetik:
“Egindako ametsak ikusi nahi dituenak,
lehenengo esnatu egin behar du”.

 

“Irribarrea da bi pertsonaren arteko distantzia laburrena”. Horixe idatzi nuen, Alain Vigneau Clown Esencial liburuaren karietara. Lerroburu hori ez da nirea. Vigneaurena ote den ez dakit ere. Edonola dela ere, bere bizitza (bizitzaren hainbat pasarte) jasotzen duen liburu hau irakurri aurretik –bigarrena, hirugarren bat ere lantzen ari da– lehenbizikoa irakurtzea gomendatzen dizut.

Liburu honen izenburu nagusiak Clownen bizitza dio, alabaina, Vigneauk pailazo bizitzaz haragoko bizipen mardulez idatzi du. Clown Esencial liburuan pailazoa agertokian jarri zuen, eta honetan, pailazo izatera iristeko urratutako bidea kontatu digu. Arestian erran gisan, funtsean bere “izateaz” ari da. Bere Izana (Ser) agertu digu, eta pailazoaren sudurra jantzi aurretiko bere izakiaz (Ser) ere idatzi digu.

Lehenik izakia da edota dago. Ondoren gizakia (emakumea nahiz gizona). Pertsona eraikitzen dugu gero, baita jende bihurtu ere. Badago adiera gehiago ere, hala nola, gizabanakoa, indibiduoa, alegia. Tira, aurreko lerro hauek Izan (Ser) hori agertzeko nire modua izan da. Funtsean, Izan horren bizitza (denon bizitza) tragikomediakoa dela adierazteko modua.

Bizitzak badu alde tragiko bat eta badu ere komikoa. Izatera iristeko bidean, harri koskorrak topatzen ditugu, handiak eta txikiak, hamaika koska, baita aldapak, maldak eta pattarrak ere. Ordeka ere badago bidean, bistan da. Edonola ere, bizitzaren bidea ez da lineala. Bizitza ez da linealtasunean osatzen den esperientzia bat. Eta halaxe bada, “hilik” zaren seinalea da. Bide antzeko asko izan daiteke, alta bada, bidea urratzeko moduak egiten du bizitza “benetakoa”. Benetakoa, erran nahi baita, berezko esperientziak osatua izatea. Nork berea dauka. Pertsonala. Besteei eramanezina da. Hots, transferiezina da. Hala izanez ere, pertsona (jende edota gizakia) artearen bidez hori transmititzen saiatzen da. Alainek urte askoan hori egin du pailazo lanetan. Orain berriz, bizitzak eskaini diona –bere esperientzia– helarazi digu idazketaren bidez.

Literatura bizitzaren esperientzia agertzeko bitarteko bat da. Literatura hamaika generoren bitartez espresatzen da. Vigneauren liburu hau autobiografikoa da. Bi ezaugarri ditu: bat, bizitakoa bere-berezkoa izatea. Berea ez da esperientzia arrunta. Bi, hori adierazteko idazkera, hau da, idazteko ahalmena izatea, idazten jakitea (idaztearen artea, lantzearen poderioz lortzen da). Francis Elizaldek prologoan dioenez, liburu hau irakurtzeaz batera, bizitza entzuten eta ikusten da.

Alain Vigneauren bizitza, askorena legez, tormentua izan da. Haurtzaroko bizipen larri batek eramangaitza bihurtu zion bizitza. Hots, artean, umea zen izaki hori gaitz batek jo zuen. Bizitza berarentzat jasanezina bihurtu zen, eraman ezina. Bi aukera baino ez zuen ukan: bizitzea edo hiltzea. Lehenaren alde egin zuen tinko, baita horretarako nortasun edo izan sendoa eraiki ere. Bere izatea bizitzarako markatuta geratu zen, bestela erranik, bere izan horrek baldintzatuta bizi –izan– da betiko.

Umorea da ume horren etorkizuneko “arma”. Bizitza bolboraz beteriko arma da, ordea. Bizitza sutautsa da. “Bizirik” bizitzeko arma hori erabiltzen ikasi behar du ume-helduak. Gogoak (suak, karrak eta berotasunak) aldika pizten duena eta etsipenak aldika amatatzen duena. Kontua da, arma hori kargatzea eta deskargatzea eskuetan lehertu gabe. Izan edo ez izan, hortxe dago koska.

Pailazoaren umorea –komedia– bizitzarako arma da –edo bilaka daiteke–. Denok daramagu pailazo bat gure baitan. Gure izate minberari irri egiten ikasi behar duena. Umorea da sutautsa, eta nork bere sua izekirik atxiki behar du, biziko bada. Alain Vigneauren hitzetan, gure izate hori umorez bizirik atxiki dezakeen bakarra maitasuna da. Hala berean, niri maitasuna ulertzeko manera funtsezkoa begitantzen zait. Izan ere, maitasuna izekirik atxikitzeko umorea egunero umotu behar da.

Ondorioa: Alain Vigneauk azaldu digun izate horrek (pertsona horrek) ezin izan dio bizitzaren alderdi tragikoari (zoritxarrekoari) aitzi egin, ez bada, bizitza umorez bizitzen –ikasten– baino. Horretan datza izatearen tragikomedia (La tragicomedia del ser). Bizitzaren tragikoak hiltzera pusatzen gaitu, komediak berriz, bizitzera.

Pare bat hitz gehiago amaitu aitzin. Liburua gaztelaniaz idatzita dago, ondo idatzita alafede. Hona berau ulertzeko hitz gako bi, gako edo pìsta: Ser eta Parecer. Bizitzaren zirkura eraman zaitzakeen pista bat duzu. Jakin ezazu, halaber, bizitzaren zirkuak hamaika pista dituela. Zure aukera da: izan edo izan horren irudia eman. Itxurak egin!

Beste pista bat, idazki honen sarrerako aipu gisa paratua jada. Marcelo Galvãoren Colegas filmetik jasoa: “Egindako ametsak ikusi nahi dituenak, lehenengo esnatu egin behar du”. Iratzar zaitez! Hilik ez zauden seinalea dukezu.


Utzi iruzkina: