Irribarrea da bi pertsonaren arteko distantzia laburrena
Alain Vigneau
Clown Esencial
Ediciones La Llave
“Alain Vigneau pailazoak terapia eta artea batzen ditu
bizitzaren barregarritasun-tragikoa ospatzeko;
umoretsua, zauriak sendatzeko tematua”.
Essentiel edota esencial, pailazoa edota kluna, denak daude Alain Vigneauren baitan. Drama irakaslea eta arteterapiaren maisua da. Clownaren esentzia azaleratu du bere liburuetan, clownaren bizitza esperimentatu ostean. Clown Esencial liburuaren tesia eginen dizut segidan:
“Jaio eta sei-zazpi urte bitartean bizi zenuena zurekin daramazu betiko. Zure etxea da. Funtsezkoa. Izan zinen haur hori hor bizi duzu, behar duzu eta behar zaitu. Zoriak eta penak aldizkatzen zaizkizu egunero. Bizitzen jarraitzeko egunero itzuli behar duzu etxera, baina horretarako, umore maitekorraren ildoan joatea baitezpadakoa duzu, esentziala. Zure barnean daramazun clowna biziarazi behar duzu, umore hori interpretatzen lagunduko dizun zure clowna”.
Tesiak tesi, etxerako xendra horretan, hainbat ikaspen:
“Nork bere buruaz barre egitea arte bat da. Gure buruaz irri egiten ikasi behar dugu, hots. Inoiz zauritu zitzaigun amodioa sendatuz gero, gainerakoa jarraian dator. Egunero ildo berri bat ireki behar dugu gure etxerako xendran. Clownaren “sudurra” ipini bisaian eta ekintza horrek erakutsiko digu bidea, baita egia ere.
Haatik, ez da egia maitasunak zoriontsu egiten gaituela. Inportantea ez da maitatuak izatea, baizik eta geure indar maitekorra higiaraztea galarazten diguten oztopoak ulertzea eta gainditzea. Ezin dugu gure burua maite ez badugu geure barneko haurra maite, gure barne animaliatxoa, haur horrek sena duen gure izakiaren psikea izaten jarraitzen baitu.
Clowna edota pailazoa ekimenez ari den poeta da. Kontua ez da, ez duguna bilatzea, sekula galdu ez genuena aurkitzea baizik. Irribarrea da bi pertsonaren arteko distantzia laburrena, haur eta heldu garen pertsonaren beraren artekoa”.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: