Folklorea: pertsonen bizipenen bizimina
Goizuetako folkloreaz / Bertako hizkeran
Zenbait kontu sarreran
…Nork gudura haroa? kari, berriki, saiogilea kontu hartze ez ezik, kontu eske etorria zela adierazi nizuen, Goizueta-Leitzatik etorri ere. Euskal Herriak bizi eta pairatzen duen gatazka politikoari buruzko aburua eman duela erran ere. Oraingoan, Goizuetatik eta Goizuetaz ari zaigu. Bagajea eskerga darama edota dakar, puskaz beterikoa. Bertatik bertarako bidaia duzu berea; joan-etorrikoa. Ganbaran pilatutako –metaforan bere burua ere sartzen da, noski– bere sorterriaren antropologia-piezak atera ditu, berauek findu eta (i)lustratu. Goizuetako folkloreaz. Bertako hizkeran dio pasaia-txartelak.
Patziku Perurenak, berriz ere, ganbara hustuketa egin du. Kasu, ez hartu ekimen hori nire aldetiko jarduera-izendapen gutxiesgarritzat, aitzitik. Bere bagajean bildutako piezak pisuzkoak izan ez ezik, ugariak eta askotarikoak direla konstatatu ahal izan dugu. Liburua 2015ean eginiko elkarrizketez osatuta dago, eta udal artxibo lana berriz 2008koa. Herrian barrena ibilki den bizilagun-bidaiari nekaezinaren lana duzu.
Goizuetako folkloreaz. Bertako hizkeran delako honetan ahozko testigantzak jaso, transkribatu eta solaskideek emaniko hizkeran eskaini dizkigu. Iragan mendeko goizuetarren hizkera jasotzeko ahalegina, bere horretan jasotzea, ez da lan samurra, ez horixe! Perurenak lan gaitza zertu digu, berriz ere.
Elkarrizketatuak XX. mendeko herritarrak dituzu. Herritar horiek bizitu eta birbizitutako musiken eta dantzen nondik norakoak jasoak dituzu liburuan: 1547tik 1976ra bitartean herritar berauek jotakoak eta berauek dantzarazitakoak. Alegia, deus ez. 1547ko Goizuetako San Joan dantzen ordenantzak taxutzen hasi eta 1968tik 1976 urtera bitartean plazetan eta dantzalekuetan jardun zuen Tifanitxo musika-talde modernoaren berri eman digu ezagutzera. Lan eskerga honen hastapenak eta amaierakoak dituzu. Segidan, elkarrizketa andana duzu, saiakera hau testigantza-liburua izatea egiten duena.
Erdi Arotik Aro Modernoaren ostera bitartean, Sanjoan dantzarekin hasita, alardea, ezpata-dantza, San Migel dantza, axeri-dantza, ingurutxoa edota zahagi-dantzaren iturriak ezagutu ahal ditugu, bertzeak bertze. Hala berean, dantza eta musika horien transmisioa aitzina eramateko baitezpadakoak izan diren dantzarien, dantza-maisuen eta musikarien aburuez eta bizipenez osatuta dago saiakera-liburu hau. Erran nahi baita, herri baten idiosinkrasia moldatuta aurkitu dugula berean.
Herri baten folklorea edota folklorekeria-folklorismoa
Folklore hitzak kirrinka egiten digu belarrian, orgaren kirrinka nola heltzen zaigu gogora. Alabaina, ez gaude osotoro ziur, folkloreak kirrinka egiten digun edo folklorekeriak. Folklorea herri-jakintza da. Folklorekeria, berriz,
–folklorismoa– herri tradizio baten erabilera edo manipulazioa da. Hau da, mendez mendeko folklorea testuingurutik kanpo gauzatutakoa litzateke folklorismoa. Folklorekeria, hots.
Iragan mendeko erdialdetik aurrera, folklorea folklorekeria bilakatzen hasi zen; 60ko hamarkadaren hasieran, hor nonbait. Turismoaren industria dela medio folklorearen izendapena aldatzen hasi zen, baita ezari-ezarian haren funtsa aldarazi ere. Folklorean oinarritutako arteek –musikak eta dantzak, kasu– jite profesional gisako bat hartu zuten. Hedabideek –gaizki izendatutako komunikabideek– maitagarrien ipuinetako pertsonaiak izaki folklorikoak bihurrarazi zituzten, baita ikasketa akademikoek folklorea folklorekeria-folklorismoa bihurrarazi ere.
Ur handietan sartu naiz. Edonola ere, liburuaren kontrazalean idatzita ageri den dilemari atxikitzen natzaio. Saiakera hau, folklorearen iraultza ttipia duzu. Liburu erren gisara ekarria da, haatik. Izan ere, ontsa ulertu badut, folklorea eta folklorekeria –folklorismoa– ez dira erraz bereizten. Folklorea bi hitzek osatua da: “Folk” herria, jendea, arraza da –edo zen–. "Lore", berriz, jakintza da, zientzia. Bi hitzen erroak hartu ditugu, eta horien eratorriak aintzat hartuz, folklorea herri-jakintza bezala definitu nolabait.
XX. mendera arte, erdialdera arte, folklorea definitzea errazagoa zen egungo folklorea definitzea baino. Gero eta zailagoa da herri baten idiosinkrasia bizirik eta bereizirik atxikitzea. XXI. gizaldiaren abiaburuan Euskal Herriaren edo euskal kolektibitatearen berezko izaerak eta haren pertsonen aiurriak, bereizgarriek edota ezaugarriek beren idiosinkrasia osatzen dutela adieraztea gero eta nekeza zaigu. Erran nahi baitut, gaur egungo folklorea pertsonen bizipenen bizimina dela pentsatzea sinesgaitza da. Sinesgaitza zait.
Joseba Tapia trikitilariaren eta Pello Lizarralde idazlearen hitzek –kontrazalean paratu hitzez ari naiz– ondo baino hobeto adierazten dute gure herriak bizi duen aiurri-ahitzea. Lehenak gure aurrekoek folklorizatu gabeko folka egin zutela diosku. Ideologiek eta merkatuak gure folklorea folklorismoa bihurtu dute eta ustez herrigintzan ari garelakoan Merchandisina sustatzen ari gara. Pentsa, Tapia trikitilaria dugu eta berak dioenez “triki” hitza, hitz berria da, erdaldunek asmatua.
Idazleak berriz, herri ttipien galera du gogoan, eta galera horretan nostalgia. Gurean, euskal herrietan, herri-mina gailendu bide da. Min horri aitzi egitea ez da aise. Izan ere, aidanez, bizitza modu sinbolikoan eta folklorikoan gauzatzen baitugu. Hor nonbait hori ere.
Beno, “nire” hitz horiek lagun horien hitzen interpretazioa duzu, ez hartu hartara, guztiz aintzakotzat. Demagun, halaz ere, saiakera-liburu honek herri baten aiurri-ahitzeak sorrarazten duen mina daramala eta dakarkigula. Patziku Perurenaren bizipen askoren bizimin sorta bat. Min askoren pieza sorta. Jakin-mina sorrarazten digun bere obra eskergaren beste pieza bat. Bertze bat.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: