Kontu hartze ez ezik, kontu eske daroa
…Nork gudura haroa?
Patziku Perurena
Hasmentan
Patziku Perurenaren …Nork gudura haroa? liburua komentatu behar dut, interpretatu nahi dut, eta hasmentatik beretik komeriak ageri. Azaldu beharrekoak azaltzeko endredatuta ari naiz, nahas-mahasean. Trantzean nago, hara. Alabaina, horiek horrela ere, aitzina.
Poeta gisara aspaldi isildu zitzaigun, baina poeta hizkuntzan dago, poesia zentzu hertsian izkiriatu gabe ere. Goizuetako leitzartua, poeta izanagatik ere, ez da egundo fikzioarekin ezkondu. Errealitateari horren atxikia bizitzeak ez dio horretarako abagunerik eman, nonbait. Erran nahi baitut, ipuinen eta nobelen ilusioak –ideia inozenteak– nekez kabitzen dira bere fantasian.
Deus aitzin, zer generotakoa dugu liburu hau? Erran dezadan saiakera dela. Saiakera, berez, ez duzu literatura. Alta bada, Patziku Perurenaren liburu guztietan literatura badago izan. Honako honetan, saiakera den aldetik, pentsamendua dago. Ikerketa dago. Historia dago. Eta, batez ere, funtsean, liburu honetan herriari kontu-hartze bat dago. Baita kontu-eske moduko bat ere. Euskal Herria edota Euskadi deritzogun horri, hots.
Izenburutik beretik
Izenburutik beretik hasten da liburu bat. …Nork gudura haroa? Horra harri bitxia. Bitxia eta ulergaitza. Behin eta hasteko, titulutik beretik, badugu non, zer eta nor arakatzerik –Perurena artxiboetan ari ohi izan den legetxe jardutea, alegia–. Tituluaren inguruko espoiler lana egin nezake. Bego.
Bego idatzi dut, alta bada, iruzkingileok hitzen traidoreak ez ezik gure jardunean motzak garen aldetik –edo neroni ustel samarra naizen aldetik–, hona titulua osatuta: Zital zirola, nork gudura haroa?
Ustelak ustel, idazleek ez dute espoiler hitza gogoko, jakina.
Izenburuaz harago
Kontu hartze ez ezik, saiakera honek kontu eske daroa. Urak dakarrena urak daroa, lurrak emandakoa lurrean gelditzen da. Patziku Perurenaren saiakeretan lurrak emandakoa eta humanook lurrean emandakoak eriden izaten ditugu. Kasuon, hasmentan, Akola izeneko iturriak emandako ur freskoak paratzen gaitu lurrean. Lehenbiziko pieza duzu, harribitxia doike.
Lurrak emandakoaz batera, giza-abereok lurraren emariei esker landutakoak ikergai eta agerkai dituzu segidan: palanka edota aizkora, kasu. Ofizio horien lanzaleak hala nola lan horien ariora sorturiko desafioak. Ofizioak ofizio, ardiaren edo astoaren bidetan urratutako historiaren ildoko istorioak ekarri ohi dizkigu saiogileak.
Horiek horrela, saiakera honetakoak lagin gisako batzuk besterik ez dituzu. Bide bazterrean utzitako pieza baliotsuak.
Borda edota etxea non, Patziku Perurena han. Ez dago euskalduna ezagutzea horiek eta horien ingurumariak hausnartu gabe. Horietan eriden dituzu herri baten aiurria, tokiko herritarren askazia. Lanak emanak horiek guztiak. Haatik, ez dago herri baten idiosinkrasia, festa ezagutu eta berau bizi gabe. Ez dago gizona ez andrea ezagutzerik –goizuetar eta leitzar– tokiko bizilagunen espa ezagutu barik. Liburu honetan –usaiakoa saiogilearen jardunean–, Erdi Arotik modernotasun osteko garai honetara bitarteko euskaldunaren eredu moduko bat aurkitu ahal duzu.
Antropologiaren erraietan
Patziku Perurenaren azken hiru hamarkadatako lanek, handi-handika erranik, leitzarren eta goizuetarren historia, arlo soziala eta kulturala eskaini dizkigute. Anartean, saiogileak politika bizitu eta pairatu badu ere, ez digu politikagintzaren inguruan –ez politika instituzionalizatuaren ez herrigintzaren– berak bizitakoa aditzera eman. Tira, noiz edo behin bere aburuen arrastoren bat eman digu, baina doi-doia baino ez. Ez digu eman alafede, saiakera honetan eman digun moduan. Bi hitzetan adierazirik: euskal gatazka delakoari buruzko bere aburua eman digu. Aburua, esperientzia eta eskarmentua.
Ez ditut saiogile honen saiakera guztiak ezagutzen, ezta urrik ere. Nago, honako hau ez ote den iraganean bildu eta egokitu gabe utzitako harribitxien zuriketa –zuriketa hitzaren adiera zure nahieran ulertu eta interpretatu–. Harriak harri, zuriketak zuriketa, giza heriotza bortitzek markatzen dute herri baten idiosinkrasia. Nago, …Nork gudura haroa?-ren genesia Hilen xarma saiakeran ote dagoen. Heriotzak herritaren oroimenean hartu izan duen leku bereziaz ohartarazi digu Perurenak. Hilen xarmaz ari zaigu saiogilea.
Hala berean, bide bazterrean utzitako ohiko piezez bertze, mahaiko tiraderan hautsa bildutako paperak –bestera erranik ere ordenagailuaren gatazka izeneko karpeta batean zeuden orriak– inarrosi eta biziarazi ditu. Orriak orri, paperak paper, euskal gatazkaren karietara bere-bereki emandako hilek xarmarik al dute? Bai ote?
…Nork gudura haroa? delako honetan, euskaldun suerte baten idiosinkrasiaz ari zaigu, baita haren metamorfosia ezagutarazi ere bai. Metamorfosi hori hagitz azkar eta molde berezian bizi izandu du euskaldunak XX. mendean barrena. Patziku Perurenak iragan mende erdian zeinu-politikoko heriotzei buruzko aburua eman digu aditzera, bide bazterrean utzitako harri-piezen artean hil-harriak paratu dizkigu. Ikusiezinak diren edo gure fantasiak ikusten uzten ez dizkigun hilarri horiei hautsa kendu –nahi izan– die.
Demetrio, Eskubi medikua, Jesus Perurena anaia, Erramona, Kornelio eta Batixta goizuetarrak tarteko, herrikideen heriotzak ditu hizpide. Alabaina, aizkora sinbolo gisa harturik, herriaren sinbolo izaeratik ETAk egikaritu zuen sinboloa gogoan, saiakera honek Joxe Jabier Mujika Astibiarengana garamatza, Euskal gatazka deitu dugun karietara hildako herrikide baten oroitza ekarri digu. Liburuan berean haren heriotza aipatu gabe ere.
Zuzen edo zeharka, gatazkaren zurrunbiloak inarrosi du Patziku Perurena. Izan ere, ba al dago gatazka armatu bortitzak inarrosi ez duen euskaldunik?
Euskalduna naiz, eta?
“Herria maiatzeko modu asko”, dio kanta zaharrak. “Euskalduna izateko modu asko dago”, diosku Patziku Perurenak. Euskadi maite gabe, euskalduna izan daitekeela erran ere. Aberria maitatzegatik kartzelara joan behar izateari aberrazio begitantzen zaio. Euskal Herritik Euskadira bidean biktima anitz eragin ostean, xarmarik gabeko hilketa horiek buruzagien nahi eta ezinen adimenaren hutsegite larria agertu dute.
Tiranoa bota ostean, botere absolutua eraisteko ekintzak, jokabide gaiztoak eta zitalak haizutzat jo dituztenak ituan hartu ditu saiogileak. Biktimak ahazteko eskubidea hala nola biktimak oroitzeko eskubidea, biak ala biak, osasungarriak direla gogorarazi digu, baita errespetagarriak izan ere. Euskal Herria amaigabeko doluan bizi den konstruktu bat da. Biktimen eta biktimismoaren gainean gauzatutako jendartea.
Ondorioa: oinazea dela bide ezinezkoa dugu zuzenbidezko jendarte bat eraikitzea.
Euskal Herria, ostera ere, iraganeko minen gainean deliberatzen ari da. Etorkizunaren nolakoa iraganeko eta oraineko oinazeen gainean ari gara zertzen, berriz ere. Euskaldunaren geroa, behin eta berriro, iraganeko oinazeen arabera egikaritzen denez gero, euskaldunon historia histeria kolektibo baten konstruktu bat bilakatu da. Hots, teoria, ideia eta ilusioetan eraikitako herri bat. Herri hau gehiegizko emozioen ondorioa da, bere aldarteei eusteko ezgai eta ez gauza.
Iraganeko minetan bizitzera kondenaturiko herria gara, oroimena findu eta arindu beharrean, oroimenean itota, bizikidetza osasuntsu samarra sustatzeko ahalmenaz gabetua. Sosegu ezak alaitasuna kamusten digu eta ozenki aldarrikatu ohi dugun askatasun endekatu baten biktimak bihurtu gara hala berean.
Post scriptum
Irakurle lagun hori, saiakera honen interpretazioa eginez herriminak jota amildu naiz bide bazterrean. Funtsean, ez niri kasu egin. Zuk liburuaren izenburu osoari erreparatu behar diozu: Zital zirola, nork gudura haroa? delakoari. Erran nahi baita, Patziku Perurenak euskaldunok –aldian zuzen, aldian zeharka– itaundu gaitu. Euskaldunok zital zirolak izaki, nork eta zerk garamatzan gudura entelegatzen laguntzen digu saiakera honen bidez.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: