Ezinbizia “aiher” suerte bat bilakatzen delarik

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-11-25 11:08

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1764065587057

Azken batean

Lourdes Oñederra 

Erein, 2025

Hasiera batean

Ixa hil da (X). Pedro sortzez. Kepa bilakatua. Ixa ez da Azken batean nobelaren protagonista. Alta bada, bera hizpide izaki, bera da istorioari hasiera eta amaiera ematen dizkiona. Bera da nobelaren istorioa izekirik atxikitzen duena. Bera da nobelaren motorra. Ixa intelektuala da. ETAko kidea izan zen –hortik Ixa izengoitia– eta ezker abertzalearen ideologoa ondoren. Ixa izengoitia Elisak asmatua da, berak bakarrik darabil. Pedro-Kepa Elisaren koinatua eta Elixabeteren osaba da. Ixa funtsezkoa izanik ere, Elisa eta Elixabete dira nobelaren arima. Arima eta zioa. Ama eta alaba bikoa. Protagonistak. Pertsonaia nagusiak. Beraiek dira istorioaren eramaileak, istorioaren iruleak. "Hurbilak eta urrunak" aldi berean. Oroitzapenetan kateatuta. Lazgarria eta zoragarria den bizi-esperientziaren
–eta nobela honen– pertsonaia inspiratzaileak.

Moldeaz eta hizkuntzaz

Nobelaren egitura ez da lineala. Kontakizunak atzera-orainera egiten du jauzika eta aldika. Hasieran haria hartzea kostatuko zaizu. Ez idazlearen trebezia eskasa dela eta. Ez horixe! Generoak eskuarki eskatzen duen arreta exijitzen baitizu nobela honek ere. Kontakizuna eguneroko bizitzaren puskez eta pasartez osatuta dago: iraganekoak gehienak. Mingarriak gehienak. Atzera eta orainera egite horretan kokatzeko zure adimen eta arreta atezuan jarri beharko dituzu. Atezuan bizi direlako ere bai bi protagonistak: ama-alaba bikoa.
    Puzzle-osatze moduko bat hautemanen duzu istorioa garatzen den ahala. Lehen lau atalak iragan heinean aiseago mugituko zara iraganaren eta orainaren joan-etorrian. Boskarren atala berriz, geroaldian idatzita irakurriko duzu. Narrazioaren patxadak eta kadentziak –hasiera eta amaiera bitartean– istorioaren oreka gisako bat lortzen du. Idazleak nahi zuena erdietsi duelakoan nago. Hots, irakurlea istorioari atxikirik mantentzea. Kontakizuna erreusitua da.
    Idazketan eta hizkuntzan berezitasun zenbait kausituko dituzu. Elkarrizketak narrazioan integratuta daude. Salbuespenak salbuespen –amaren eta alabaren artekoak, eta Ixarekiko baten bat–. Elkarrizketak kakotx beharrik gabe gauzatuta daude. Ez da jardun berria nobelagintzan. Haatik, idazketa-ariketa hori gauzatzea ez da erraza. Elkarrizketak gipuzkeraz idatzita daudelako dituzu bereziak eta bereizgarriak. Batuak batu, idazleak lizentzia hori hartu du. Egokia ote den? Irakurle bidaide horrek, zuk zuek ebatziko duzu. Nork bere gustua.

Kokapenaz

Gipuzkoan zaude, irakurle hori. Donostian hain juxtu ere. Nobela hau, besteak beste, hiriburu horren idiosinkrasiaren isla da; iragan mende erdi luzeko jendartearena. Donostiako herritarren estetika burgesaren jitea oso agerikoa antzemanen duzu. Probintziako herritar arruntentzat: donostiarrismoaren irudipen moduko bat. Edo. Hor nonbait. Frankismoaren garaitik gure egunetara eboluzionatu duen jendarte baten gaineko introspekzioa. Bertako euskal familia katoliko-abertzale-nazionalista baten erretratua.
    AEBetako San Frantzisko hiriaren “paisaia” duzu halaber –paisaia urbanistikoa– nobelaren beste kokapen fisiko bat. Ez da bakarra. Espainia aldeko bertze hiri batzuk ere ageri dira. Granada da horietako bat. Doi-doia. Baita “gure” Ipar Euskal Herria amiñi bat agertu ere. Zuberoa tarteko. Nobelaren paisaia askotarikoak ederto islatzen du euskaldunon nondik norakoa, iragan mendeko –bi gizaldiko ere, naski– euskaldunaren izatasuna.
    Labur zurrean, hauxe: 1936ko Gerra Zibila, haren ondorengo diktadura frankista –frankismoa hitz batean–, haren nazional katolizismoa, euskal nazionalismoa eta haren ondorengo erakunde armatua (ETA) dira nobela zeharkatzen dituzten bektoreak. Horiek eragin duten herritarren “erbestea” duzu leitmotiva. Erbeste behartua(k). Ixarena, kasu. Baitezpadako “erbestea(k)”. Elixabeterena, kasu. Hau da, Ixaren ondorengo belaunaldiko jende askok, Elixabetek konparazioenera, bere burua “erbestera”-tu behar izan du.

Azken batean nobelak berezko karga literario eta musikala dauka. Horiek eskuarki idazlearena –haren bizitzarena– dira. Emmylou Harris musikariaren eta Matraka Begen idazlearen aldeko Elixabeteren atxikimendua dugu  horren laginetako bat. Leonard Cohen tarteko. Ez dira bakarrak. Iragan mende erdian jaiotako belaunaldi baten jaidura poetikoak eta musikalak girotzen dute istorioa. Nobelaren narratzailearen eta idazlearen arteko sinbiosia antzemanen duzu, agian. Nik halaxe antzeman diodalako diotsut.

Nobelaren idazlea jaio zen urtean jaio zen Elixabete. Urte berean sortu zen nobelaren kontakizuna ardatzen duen erakundea: ETA. Nobelaren trama eta drama –nobela tragikoa da oroz gainetik– Elisa-amaren eta Elixabete-alabaren oroitzapenetan sustengatzen da. Oroitzapen mingarriak. Bi familiaren arteko harremanek hariltzen dute istorioa: Joxean eta Elisa senar-emaztea eta hauen alaba Elixabete. Pedro-Kepa eta Elene senar-emaztea. Joxean eta Elene neba-arreba dira. Horiek dituzu belaunaldi horretako familia-nukleoaren partaideak.

Pertsonen arteko ezagutza –ezagutza konplexua– nerabe garaian hasten da. Pertsonen gaztetasunean izaten diren harremanak, hala “lorpenaz” nola “frustrazioez” markatuta izaten dira, baita horiek bizi osorako oroitzapenez zipriztinduta geratu ere. Komunzki, harreman zapuztuek eragina izugarria izaten dute familiako ondorengoengan. Halatsu nobelan ere bai. Pedro –Kepa– eta Elisaren arteko harreman zapuztuak marka sakona eragin zien bi pertsonaia horiei betirako, bai amari bai alabari. Nerabe-gaztetasun garaiko grinek eta desirek markatzen dute norbanakoaren bizitza, betirako markatu ere. Kepak Elisari eginiko sexu-urratze-bortxaketak, Elixabete ilobarekin ere errepikatuko dira. Errepikatuko ditu konatu-osabak. 

Identitatea(k), maitasuna(k), emozioa(k), arrazoia(k), bakartasuna(k)… Pluralean paratu ditut. Izan ere, horien bizipeni buruzko gure memoria “selektiboa” izaten da: nork bere memoria eraikitzen du. Herri baten identitatea, identitate anitzez osatuta dago, ordea. Maitasuna anitz dira, maitatzeko modu asko baitago. Emozioak –grinak eta desirak– arrazionaltasun ezaren espresioak dira. Bakardadea –bakartasuna edota inkomunikazioa– ez da molde bakarrekoa: bakardade behartu-agerikoak eta arrazoi-ezkutuzko bakardadeak daude. Bakardadeak “urrunketa” dakar. Bakartasunak “isiltasuna” dakar. Isiltzeak urruntzea. Elixabeterena, kasu.

Emakumea ama gisa. Emakumea emazte bezala. Emakumea alaba legetxe. Iraganean jasandako laidoen ondorioak gainditzeko beharrezkoa den ekimen-adoretsua da Elisa-amarena eta Elixabete-alabarena. Alabaina, iraganeko euren erruen eta frustrazioen sufrikarioak bizi dira orainean. Iraganean bizitakoari buruzko euren hausnarketak mingostasunak zipriztinduta daude. Pentsamendu logikoak. Pentsamolde arrazoituak bereak.

Azken batean nobela etsipenezko oihu bat da. Hala berean, etsipenaren aurkako oihu gisa hartu dezakezu. Elisa eta Elixabeteren oihuek isiltasunean hartzen dute babes, isiltasunean “errefuxiatu” egiten dira. Emakumea jendartean bigarren rol bat jokatzera behartua izan da, gizonak behartua. Euskal Herriaren aspaldiko iraganean hala nola iragan berrian emakumea zokoratua izan da, baita laidotua izan ere –tira, kontu unibertsala duzu–. Hartara, emakumeak barne “erbeste” batera eraman du bere burua. Inora erbesteratu beharrean, bere baitan erbesteratua “bizi” izan da. Fisikoki erbesteratu barik, gogo-aldartearen erbesteratzea “pairatu” du. Isiltasuna aterpe bihurtua den jendartean bizi behar izateak norbanakoa barne erbeste batera bultzatzen du. “Barne erbestea” eta “espetxea” sinonimoak dira. Azken batean, emakumea barne erbeste horretatik ateratzen laguntzeko nobela ondu du Lourdes Oñederra idazleak.

Azken batean (nobelak iradoki zipriztinak)

– Azken batean nobela euskal herriaren –minuskulaz– idiosinkrasiaren erretratua baino askoz gehiago duzu. Minuskulaz adierazi dut, herri txikia baita “gurea”. Anartean, maiuskulaz idaztera ez delako iritsi –errateko modu bat duzu hori ere–. Aberriaren aldeko jarduerak eta kontrakarreko aberrien jardunak herri horretako pertsonen izaerak –eta baloreak– aldrebestu izan ditu, baita jardun horiek ezkutatzera eta isiltzera “behartu” ere.

– Pertsonen “isiltasunak” eta elkarrengandiko “urruntzeak”Azken batean nobelan nola– jendearen eta jendarte horren idiosinkrasia areago konplikatu dute. Azken batean-en nabaria da oso euskaldunon aiurri zaildu hori. Herri honen historiaren bilakabideak –arrunt tragikoa– euskaldunon ageriko izaera hori eman digu.

– Zer izan garen oroitzea baitezpadakoa begitantzen zait. Nobelak ederki islatzen du hori, familia ertaineko baten izaera medio. Erran dezagun, familia burges baten jitearen bidez. Nago, euskaldun suerte hori ez ote den iraganekoa jada. Mende berrian, bestelako jendarte eta bestelako euskalduna “engendratu” da.

– Iraganeko jendarte horretako izaera bi ardatz nagusi izan ditu: nobelan, biak ala biak, Ixa pertsonaiaren ildoan eratuta daude. Identitatearen arazoa dela medio, bortxaren erabilpena sustatu izan du Ixak. Intelektualtasunetik sustatu eta justifikatu ere bai. Justifikazioak agortu ahala, "terrorismo"-ra lerratu izan zen jarduera. Hala berean, Ixa pertsonaia sexu-erasotzailea ere bada. Bien ala bien nahasketak nahasmendu izugarria ekarri zuen. Nahasmen lehergarria. 

– Ez naiz Pedro-Kepa pertsonaiaren izaera “posiblea” ukatzeko inor. Idazleak eginiko hautua da. Zilegia ez ezik, haizu ere bada. Hautu ausarta, hots. “Errealitateak fikzioa” gainditzen duela erran ohi dugu. Gertatzen da ere, askotan, “fikzioak errealitatea” aiseki gainditzea. Bestela erranik, idazleak ondu ohi duen fikzioa oso “selektiboa” izaten da. Istorio honetan hautu hori egin du idazleak. Bestelako bat ere egin zezakeen.

– Adibide bat paratuko dut: Fernando Aramburu donostiarraren Patria nobelako apaiza, abertzale-katoliko-erreakzionario bat da –ETAren sorrera garaian apaiza berealdiko militantea izan zen–. Aramburuk bestelako apaiz mota bat aukeratu izan zezakeen. Errate baterako, apaiz-langile-marxista bat. Biak ala biak, ETA fenomenoan eragile berebizikoak izan ziren.

– Literaturaren sortze eta emaitza orotan izaten dira airean geratzen diren pasarteak. Elipsiak dira batzuetan, irakurleak bere kautan, aliritzira, osatu behar dituen keinuak edota iradokizunak. Adibidez, Elixabeteren bikotekide Alex-en izaeraren gainean dagokeen sexu-indefinizioa duzu horietako bat.
    Beste bat, familiaren izena Araluze izatea. Nor izan zen Araluze?
    Elisak Pedro bilakaturiko Kepa, Ixa izendatu du. Iragan berriko gatazka odoltsuan X delakoak berezko konnotazioa izan zuen. Badauka orain ere.
    Azkeneko bat. Honako hau neure memoriaren manikeismoaren eraginekoa izan liteke. Bakardadeak “urrunketa” dakar. Bakartasunak “isiltasuna” dakar. Isiltzeak urruntzea. Imanol Larzabal kantari donostiarra heldu zait gogora.

– Nire interpretazio honi biper pixka bat jarri aldera: kristau-katolizismo-nazionalistaren abarora jaio –espainol nahiz euskalduna izan– eta marxista-leninista bilakatutako fenomenoa, fenomeno matxista-estalinista ere izan da, bada gaur egun ere. Biak ala biak, sexu-harrapakari totalitaristak.

– Idazleak manikeismo moduko bat erabili duela? Bai. Edo ez. Inor ez gara libratzen iragana eta historia aldatzeaz, oroitzapenen bidez aldatzeaz, areago, eguneroko bizitza estresatuaren eraginez aldatzeaz ere. Alegia, iragana berau aldatuz, nahastuz eta desitxuratuz eraiki izaten dugu oraina. Eta etorkizuna, hala berean, baita oroitzapen horien arabera eraiki ere.
    Gogoeta horren ondorioz hauxe: errealitatea ez dago istorio hori nobelan dagoelako –errealitatea objetiboki kontatzea ezinezkoa da eta–, errealitatea irakurleak eraikitzen du literaturaren bitartez. Errealitatea –fikzioa ezinbesteko ezaugarria izaki– irakurle norberak literaturaren gainean egiten duen interpretazioan dago. Azken batean, Azken batean nobela horren arabera baloratu izan nahi dut.

– Idazleak behin baino gehiagotan, Ixak eta bere ildo kideek egiten duten “oroitzapen selektiboa” salatzen du. Arrazoi du. Alta bada, aldi batez, aldi luze batez jendarte horrek berak "oroitzapen selektiboa" egin zuen. Erlijioak erlijio, ideologiak ideologia, biak ala biak fedearen eragileak izaki. Zorigaitzez, “giza” historian, hasierako objektiboak, ustezko objektibo selektiboak objektibo diskriminatzaileak bilakatu izaten dira.

– Fenomeno sozial-politiko-kultural-bortitzen gibelean, berau osatzen eta elikatzen dituen “beldurra” dago. Bortxaren monopolioa daukan estatuak eragiten duen “beldurra”, hasteko eta behin. Estatuak sustatzen duen “beldurra” errepikatu izaten du erantzuneko fenomenoak berak, fenomeno erreakzionarioak. Beldurra da norbanakoak bere burua isilpean aterpetzera bortxatzen duena. Giza-harremanak hurbilagoak izan beharrean, harreman hotzak sortarazten dituena. Monstru –Leviatan– handiaren aurkako borrokak monstru txikiak sorrarazi izan ditu historiaren bilakaeran. Ixa monstru handia edo txikia ote den? Monstruek ez dute izaririk. Denok monstru bilaka gaitezke. Ez gara horren libre, alafede. Dudarik gabe, nagusikiro, historiako monstruak gizonak eta arrak izan dira. Alafede, hori ere.

– Nobelaren azken orrialdean, honela diotso alabak amari: "Kalte handia egin digu gizon horrek".
   Ixa-z ari dira. Barre algarak entzuten dira hitz horien artean. Horrela izan dadin arrazoia eta beharra dauzkate ama-abala biek, noski.

– Azken batean, iragana garbitzea funtsezkoa dugu. Memoria etoia da, ordea. Oroitzapenak traditzen gaitu. Memoria egiteak ez du den-dena garbitzen. Beti geratzen da hasikin kaltegarri-mingarri bat gure ernamuinean.

Azken batean, labur esanda: liburuaren hasierako poemak ematen dio istorioari zentzua, baita nobelari zentzu eman ere. Poema desitxuratzeko arriskuan nago. Nire azken batean, hauxe: “Bizitako ia guztiak” berdin dio, “emandako minak eta hartutako oinazeak” izan ez ezik. 
    Alabaina edota haatik, ezinbiziak “aiher” suerte bat sorrarazten du gure baitan ezinbestean.


Utzi iruzkina: