Mikel Buesari Katedra erregalatu egiten ote diote?
Pentsatzen dut denentzat ezaguna dela Mikel Buesa Jauna. Madrideko Universidad Complutenseko Katedraduna da eta bere momentuan ETAk koldarki erahildako Fernando Buesa sozialistaren anaia.
Utz dezagun garbi aurretik, ulertzekoa dela bere anaiaren hilketak berarengan gorrotoa eta ezinegona sortu izatea. Eta zilegi dela ere, euskal abertzaletasunaren kontra egotea. Baina honek ez dio arrazoia eta gizartea ergeltzat hartzeko eskubidea ematen, eta hau da bere azken urteetako ibilbide eta idatziekin erakusten duena.
Lehendabizi Katedradun eta bortxakeriaren biktima moduan jardun zen hizketan, geroxeago Ermuako Foroaren bozeramaile gisa eta azkenik politikan sartu da, beraz bere biktima egoera gaindituz, kritikagarriak izan litezken esparrutan sartua dabil aspaldi.
Beraz ekin diezaiogun kritika xumeari.
Orain dela urte batzuk “El precio de la secesión. Mikel Buesa 2002”, delako liburua argitaratu zuen eta gero ainbat artikulu idatzi, adibidez honako hau “La secesión y los costes de la No-España" , non bere ustez Euskal Herriaren independentziak bertako gizartearen ekonomian izango zituen eragin gaitzak aztertzen zituen, aukera honen kontrako iritziak babesteko asmoz.
Artikuluan ainbat tontakeri aipatzen ditu, Euskal Estatu independente batek sortu beharko lituzken koste altuko egitura eta zerbitzu berriak aipatuz, ala nola txanpona (zergatik ezingo luke euroa erabili?), enbaxada eta enbaxadore sarea (gaur egun ere munduan zehar ordezkaritza badaukala ahaztuta), gudarostea (zertarako? Akaso gu berriz inbaditzeko asmoak ahal dituzte bestela?), justizia sarea (gaur egun zeinek ordaintzen du ba?), banku sistema ikuskapen zerbitzua (???), e.a.Baina badirudi ez gaitula aurrekoekin konbentzitu eta oraingoan berriro dator beste honelako artikulu apokaliptiko batekin, oraingoan “Macroeconomía de la República de Navarra” izenekoa.
Honi buruz bi aipamen. Zoriontzekoa da berak ere etorkizuneko Euskal Herria errepublika bezala aurreikustea eta gainera gure Estatu historiko bakarra izan den Nafarroaren izen erabiltzen duena.
Nafarroako Errepublika-Republica de Navarra-Republique de Navarre. Ez da izen txarra. Eskerrik asko gure poza pizteagatik.
Baina buelta gaitezen kritikara. Berriro ere tontakeri pila biltzen ditu. Oraingoan gure Barne Produktu Gordina denetara 45,7a jeitsiko litzatekeela justifikatzeko ainbat gaitz aipatzen ditu:
- Euskal Herritik 697.000 pertsonak alde egingo lukete dirudienez eta honek ekonomi beherakada ekarriko luke. Etorri berriz, inor ez litzateke etorriko. Ze kuriosoa.
- Europatik kanpo geratuko ginateke eta “behin baldintza demokratikoak betetzen direnean” sartzeko esakera egin beharko genukeen. Bere ustez ez ginateke hasieratik demokratikoak izango eta beraz berziklai prozesu bat beharko genuke. Ikusiko dugu Egin, Egunkaria eta Batasuna auziak Estrasburgoko Auzitegian ikusten direnean zein den baldintza demokratikoak betetzen ez dituena.
- Muga berriak ezartzeak zerga eta garraio arazoak erakarriko dizkigu produktuak europan saltzeko garaian. Alderantziz ez ote da gertatuko eta beraiek hemen nahi dutena saldu ahal izango dute inongo eragozpenik gabe. Hau bai balantze komertzialak egiteko modu xelebrea.
- Enpresa ertain eta haundi askok alde egingo lukete guretik. Eta historikoki erakutsi duenaren kontra, euskal administrazioak paralisiak jota, ezingo luke inongo politika aktiborik ezarri. Edo ez luke jakingo. Edo ez luke nahiko. Edo tralari, tralara.
- BPGren jeitsiera kanpo adibideekin eusteko asmoz Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunetik zortutako Estatu independenteen adibidea jartzen du (Letonia, Lituania, Bielorrusia, …), bertan ekonomiak kristoren beharakada izan zuelako, %35 eta %68 artekoa. Hau bai konparaketa polita, mendebaldeko ekonomia garatuenetako bat, komunismo garaitik zetozen ekonomia planifikatuekin alderatzea. Honetaz gain, galde diezaiela herri horietakoei independentzia lortu izanaz damutzen ote diren. Eta erantzuna publikatu dezala baita ere ABCen.
Bukatzeko, norbaitek delako Universidad Complutensera ikasketak burutzera joateko asmorik baldin badauka, kontuz ibili dadila. Hau bezalako katedradun objetibo eta jakitunak baldin badira katedra guztietan, ikustekoa izango da ikasleen maila.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: