What's in a name?

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-06-18 06:09
1

Horixe galdetzen dio Julietak bere buruari bere izena eta Romeorena daramatzan tragedia famatuan. Zer axola dio Montague edo Capulet izateak? Larrosak larrosa izena ez balu, utziko al zion larrosa izateari etab etab etab? (abar luze honetan esaldi horren haritik idatzitako milioika orriak, filosofikoak nahiz metaliterarioak, biltzen direlarik). Orain dela astebete Julietaren ezpainetatik bertatik entzun nuen galdera famatua. Udan New York jolasparke erraldoi bihurtzen da, mega jolastordu antzekoa, eta zaila izaten da erabakitzea zein barrakatan montatu. Aurreko domekan Central Parkeko Shakespeare festibalean montatu nintzen, eta hantxe isuri nituen malkoak, ilargipean, Veronako maitale patu txarrekoen kariaz. Indarra dauka Xespir delako horrek. Uste dut karrera ona egin lezakeela zineman.

Astebetegarrenean ostera egin dut topo delako galdera horrekin: What's in a name? Eta badirudi, Julietak eta Romeok ondo asko frogatu zuten moduan, asko jokatzen dela izen batean, kontrakoa argudiatzen dutenek ere euren ekintzez erakusten dutenez.

Barikuan ekitaldi politiko bat egon zen Harlemen, Mumia Abu-Jamal-en inguruan. Interes handia neukan joateko, baina lantokian halakorik egiten uzten ez didatenez, ostera eskatu behar izan nion Basque Woman Reporterri nire ordez joatea eta gero hango berri zehatza ematea.

Mumia Abu Jamal-en izenak berak dio izenarena ez dela nolanahiko kontua. Hasteko eta bat, berak, beste afroamerikar askok bezala (Malcom X edo Mohamed Alik, adibidez) bataioan emandakoa aldatu zuen aspaldi, bere identitatearen ikur eta aldarrikapen gisa. Eta orain dela urtebete gertatutako beste jazaoera batek ostera jarri zuen agerian izan ala ez izan bezain esanguratsua dela izen ala ez izen delakoa. Izan ere, Pariseko Saint Dennis barrutian kale bati jarri zioten Mumia Abu-Jamal-en izena, eta krisi diplomatiko bat sortu zen Frantziako eta Estatu Batuetako gobernuen artean, azken honek hori galarazteko eskatu baitzion Frantziakori. Frantziak Pariseko udalaren erabakimena errespetatu zuen eta kalea -txikia eta meharra, Bilboko Esperantza kalea bezala- Mumia Abu-Jamalen izenarekin geratu zen. EABko kongresuak gaitzetsi egin zuen Parisen jokaera adierazpen airatu baten bidez, eta Alderdi Errepublikanoak auzitara eraman du Pariseko Saint Dennis barrutia.

Mumia Abu-Jamal Philadelphiako kazetari eta Black Panther Partyko kide ohia da. Gazte gaztetatik aktibista politikoa izan zen eta asko nabarmendu zen poliziaren basakeria eta arrazakeria salatzen. 1982an (ordurako 10 urte ziren pantera beltza ez zela) polizia-kontrol batean istilua sortu zen Daniel Faulkner polizia zuriaren eta Abu Jamal-en anaiaren artean. Tiroketa egon zen eta Faulkner hil eta Abu-Jamal tiroz zaurituta geratu zen. Abu-Jamali Faulknerren hilketa leporatu zioten, epaitu eta heriotza zigorra ezarri zioten. Harrez gero herio korridorean dago.

Abu-Jamalen epaiketak irregularitate izugarriak eduki zituen: ez zen balen frogarik egin egiaztatzeko nondik atera zen Faulkner hil zuen bala; lekuko batzuek adierazi dute poliziak behartu egin zituela Abu-Jamal inkulpatzen zuten deklarazioak egitera, edo dirua eskain zietela; epailearen arrazakeria eta zigortzaletasuna ezagunak ziren: zinpekoen epaimahairako proposatutako afromerikarren %74 baztertu zituen eta zurien %5 bakarrik; bera da Estatu Batuetan heriotza zigorra gehien eman dituen epailea; bestalde, epaiketan akusazioak esan zuen Mumia Abu-Jamalek ospitalean zegoenean aitortu egin zuela hil egin zuela Faulkner, baina poliziak ez zuen aitorpen berri horren eman bi hilabete pasatu arte, hori entzun omen zuen poliziari ez ei zitzaiolako "inportantea" iruditu (hau da: ospitaleko egonaldiaz txostena egin zuen poliziak ez zuen halakorik aipatu txostenean; bi hilabetegarrenean, berriz, gogoratu egin zen Abu-Jamalek esan omen zuela ospitalean: "bai, neuk egin nion tiro, eta espero dut putakume hori hiltzea"). Oraingo maiatzean apelazio saio bat egon da Philadelphian eta Abu-Jamalen abokatuek ebidentzia berriak aurkeztu dituzte: polizia frogak manipulatzen erakusten omen duten argazkiak (Faulknerren kapela lekuz mugitzen hilketaren lekuan, eta Abu-Jamalen automobila zegoen lekutik hurbilago jartzen...).

Irregularitate hauek oso erakunde eta pertsona izentsuek salatu dituzte, hala nola Amnesty Internationalek, Human Rights Watchek, NAACPk, The National Lawyer Guildek, Europako Legebiltzarrak, Estatu Batuetako zenbait sindikatuk (adibidez postarienak!), Nelson Mandela, Susan Sarandon, Cornell West, Harry Belafonte, Danielle Mitterrand, Imamu Amiri Barakak; San Francisco, Santa Cruz eta Detroiteko Udalek... Abu-Jamal seme kutuna da Parisen, Venezian eta Copenhagen, besteak beste. Bestalde, kartzelan eman dituen 27 urte honetan hainbat liburu idatzi ditu eta Estatu Batuetako hainbat unibertsitatek gonbidatu dute ikasturte hasierako hitzaldiak ematera (hitzaldi grabatuak, jakina).

Izen batek pisua dauka, nahiz eta kale batena izan, gorago azaldutakoak erakusten duenez. Garrantzitsua ez bada, zergatik sortu zen halako iskanbila Saint Denisekoaren kontura? Horretaz jabeturik, New Yorkeko "Free Mumia Abu-Jamal Coalition" delakoak kanpaina bat abiarazi du Harlemeko kale bati Abu-Jamalen izena jartzeko. Proposamenak urduritasun nabarmenetik haserre bizira doan emozioen sorta eragin omen ditu New Yorkeko udalean. Horren inguruan antolatu zen ostiraleko ekitaldia Harlemen.

Jakinminez erreta, hango berri eskatu nion Basque Woman Reporterri.

"Zer moduz Harlemen?" esan nion.

"Barkatu, Basque Woman in the Sun: ez da ahoskatzen Harlem, Harl'm baino, edo, zuri erraztearren, "Harlom". Horrela ahoskatzen dugu Harl'm ber-bertatik ezagutzen dugunok".

Ezikusia egin behar izan nion WBRen betiko joera snob eta harroxkoari. Hika-mika hasiz gero, ezinezkoa izango zen ezer garbirik ateratzea.

"Oso ondo ba. Zer moduz Harl'm-en? Zer ikasi duzu?"

"Gauza asko, BWS", erantzun zidan bere atzazal pintatu berriei satisfazioz begiratuz. "Ikusi:" Eta, lekutik zutunduz, ukabila bildu eta honela ekin zion:

"Black Power! What do we want? Free Mumia!! When do we want it? Now!! Viva la Revolusion! How's Harl'm? Proud and strong! Power to the people! Black is beautiful! Each one teach one!"

"Ejem, oso ondo, BWR, baina, zeozer gehiago? Horiek Fermin Muguruzaren diskoetatik ere bagenekizkien...".

"Fermin Mug...?" BWR begira geratu zitzaidan beso luzatua airean izozturik, Libertyren emulo zertxobait diskoloa.

"Ez zaizkizu ezagun egiten adibidez, Basque Power, Euskalduna naiz eta harro nago, Beltza zoragarria da, Hitza zabaldu, Mumia askatu...?"

"Ez ba. Zer da hori?"

"BWR, profesioaren desgrazia zara. Tira, egidazu, mesedez, barikukoaren kronikatxo bat. Kontu serioa da".

"Horixe dela serioa", erantzun zidan betozkoa jarrita, berriro jesarri eta bere oharrak antolatzen hasten zen bitartean. "Gauza interesgarri asko dauzkat kontatzeko. Hasteko, lekuarena. Ekitaldia eliza batean izan zen..."

(to be continued)

Lost Hawk

Lost Hawk 2007-06-20 15:43 #1

Barakak erakutsi eustan,
zer diren makinak
zer diren katedralak
zer zen gizakiaren arima
arima hain beltz
horren beltza
non afrikarra zen
haraxe gura dau-ta txoriak.

Imamu deitzen neutson nik,
"titulua dok hori!"
esan eustan Marthe Jones-ek.

Saxophoiaren bila dihardut oraindik
bizitza trantsitibo honetan
popertza

Utzi iruzkina: