BWR: ALL THE TRUTH ABOUT... manifestazioa Washington DC-n (eta 3)
Hasi zen bada manifestazioa, eta BWRek ezin zuen ikusi ez hasiera ez amaiera. Egia esan, buruak baino ez zituen ikusten. Dio hurrengo egunean The New York Times-ek esan zuela 100.000 lagun batu zirela eta, enfin, inork ez liokeela The New York Times beneragarriari, bere jakintza dibinoan, sekula leporatuko bere bihotz gorriaren beroan egindako kalkulua handitu izana.
Manifestazioaren hasieran BWR bere taldearekin zihoan txintxo-txintxo, Brooklyn Parents for Peace-kin. Baina (eta hementxe deskubritzen da zernolako pertsona dagoen bere jaka eta gonaren azpian), dio oso lightak iruditu zitzaizkiola, hots, bihotz oneko demokratak, baina demokrategiak (Alderdi Demokratakoak, esan nahi baita). Hau da, oso pozik ei zeuden azaroko hauteskundeak irabazi zituztelako, baina, Lost Hawkek oso ondo dakienez, ez da elefante memoria eduki behar gogoratzeko 99ko Gabonetan Clintonek Lybia bonbardatu zuela Eguberri opari moduan, eta gaur egungo hautagai demokrata, Clinton andrea, ez zela batere kontra azaldu. BWRen taldeko neska batek pankarta bat egin zuen honakoa zekarrena: "Geuk, herriak, dugu erabakia!". Beste neska batek esan zion doinu triunfalaz: "Bai, jakina, eta holaxe erakutsi genuen azaroan!". Baina, dio BWRek apur bat filosofo jarriz, hemen eztabaidagaia baldin bada gerraren (in)moralitatea, hori ezin daiteke erabakiaren menpe jarri. Hau da, inbasioa ez da txarra jendeak erabaki duelako ez duela nahi, hauteskundeetan Alderdi Demokratari botoa emanez (eta BWR eta biok zalantza handiak ditugu demokratak hain kontra daudena, edo printzipioz bederen). Zer gertatzen da orduan erabakitzen badu jendeak eurek, herriak, erasoa gura dutela? Hitlerrek hauteskundeak irabazi zituen, kontua baldin bada "herriak" zer erabakitzen duen.
Bestalde, demokratei errepublikanoek aurpegiratzen diete antipatriotikoak direla ez dituztelako babesten Iraken hainbeste sufritzen dauden soldadu amerikar gizajoak. Hori dela eta, demokratek behartuta ikusten dute euren burua asko azpimarratzera onena gura dutela "gure soldaduentzat" eta horrexegatik ekarri gura dituztela bueltan, gehiago ez hiltzeko. Gauzak horrela, BWRek esan zidan autobusean pin batzuk banatuak zizkietela, handi-handiak, honakoa zekartenak: "Gure soldaduen alde gaudelako, tropak etxera!". BWRek ez zuen jarri. Gero bueltan niri eman zidan, baina nik ere ez dut ipini. Oso gogorra egiten zait, inoren herria okupatzera joan diren "gure tropak" defendatzea.
Esaten zuen bada BWRek liberal lightak iruditzen zitzaizkiola bere kideak, baina dio jende atsegina zela benetan eta beharbada arinegi epaitu dituela. Beste gauza bat ere kontatu zidan. Metrotik atera zirenean DCn manifestazioaren lekura joateko, bere taldeko neska bat beragana joan zen, guztiz jota. Zioenez, metroan 9/11ko konspirazioaren teoriaren bultzatzaile batzuen alboan tokatu ei zitzaion (lehen aipatu ditudanak, uste dutenak CIA dagoela inplikatuta 9/11n). Gauza da neskak esan ei ziela berak ez zuela konspirazio teoria horretan sinesten eta, neskak zioenez, jauzi egin ziotela gainera zarataka. Neskak esan ei zien bera kazetaria zela, eta antza gora-goraka hasi zitzaizkion, orduan ulertzen zela, prentsa salduta dagoela etab. etab (barka biezat Ibon Sarasolak baina nahiago dut etab idatzi. Eta gogoak ematen badit, eta abar luzea ere idatziko dut, oso metafora ederra iruditzen zaidalako. Eta abar luze bat. Hala).
Neskak esan zion BWRi bera bakarrik etorri zela manifestaziora eta oso txarto pasatu zuela trenean, oso agresibo jarri zirela besteakb erari aldarrika, bihotza ahotik urteteko moduan zegoela. BWRek esan zion printzipioz ez zuela konspirazioaren aukera baztertzen, ez zela batere harrituko hori hala izateaz, baina inork ez zeukala eskubiderik bere argumentuak erasoka defendatzeko eta lagun hurkoa txarto tratatzen ibiltzeko, eta damu zuela gertatutakoa. Esan zion bera ere bakarrik etorri zela manifestaziora eta lasaitzeko, ahazteko tragu txar hori, teorian denak zeudela kausa beraren alde eta horri eutsi behar zitzaiola (BWRek esan zidan hor itzelezko deja vu-a eduki zuela). Neskak galdetu zion BWRi ea hori bere lehen manifestazioa zen Estatu Batuetan eta BWRek esan zion ezetz, abenduan Sean Bellen hilketa salatzeko manifestazioan egon zela (horra ere bidali nuen, adiskide onek ez daukate preziorik). Gero neskak galdetu ei zion ea zelan eduki zuen manifestazio honen berri, eta BWRek, egia osoa ez kontatu arren, esan zion ZMagazine-ren bidez jakin zuela. Hemen beharbada komeni da argitzea ZMagazine joera libertarioko argitalpena dela. BWRek ez daki kasualitatea izan zen edo hiru xehetasun horien eragina izan zen (hau da, konspirazioaren teoria txorradatzat ez jotzea, abenduan Sean Bellen manifestazioan egon izana edo ZMagazine-ren aipamena), baina kontua da neska aldendu egin zela eta BWRek ez zuela gehiago ikusi egun osoan.
Bai ikusi zuena, aldiz, autobusean bere alboan etorritako mutila izan zen. Pankarta bat zeukan zabalik: Gerra ez da erantzuna, uso zuri eta guzti. "Puaj!" esan zidan BWRek, "gero eta nazka handiagoa ematen didate halako esloganek. Uste dut iparra erabat galtzea dela. Erantzuna? Zeren erantzuna, ein? Ea: zeren erantzuna da Iraken inbasioa eta okupazioa? Ez da erantzun bat, petrolio kontu bat baino! Beste talde bateko neskak zeukan pankartak askoz hobeto adierazten zuen: Zelan heldu da GURE petrolioa euren hare azpira?
Komentario sutsu hori egin eta gero, baina, irribarre maltzur bat hasi zen marrazten BWRen ezpainetan. "Baina ezetz jakin! Halako batean konturatu nintzen mutilak, uso zuridun pankarta hori eroateaz gainera, zeozer zeukala zintzilik idunetik... argazki bat edo... ez, irudi bat... Ez duzu asmatuko! Jesusito zen, Jesusito de Mi Vida! Kas-kas-kas-kas!!". BWRek esku biak zeuzkan sabelean ipinita, esteek ihes egingo zioten beldurrez bezala. "Aizu, BWR", esan nion. "Oso txarto iruditzen zait zure jarrera hori, arrogantziaz betea, barkatzen badidazu esatea. Mutil hori bere lider espiritualaren irakaspenei jarraiki joan zen manifestaziora, eta haren arrazoiak beste edonorenak bezain errespetagarriak dira. Berdin egingo zenuen barre Che Guevararen kamiseta bat eduki balu?" Barreak zertxobait baretu zituenean, BWRek erantzun zidan ezetz, berarentzat konnotazio desberdinak dituztelako batak eta besteak. Jesusen Bihotzaren irudia berak kursileria, nonokeria edo ultraeskuinarekin lotzen zuela, agian bere hezkuntza eta bizipenengatik. Hortik eztabaida bizi batean sartu ginen biok, hainbat argumentu tomateak bezala boteaz elkarri: gauza bat figura enblematikoak direla eta beste bat euren manipulazioa, baietz baina ezetz, Jesusen irudia gurean erakutsi izan dutenek euren esku izan dituztela boterearen mekanismo guztiak (eskola eta hedabideetatik hasita) euren sistema inposatzeko eta jendea beldurraren bidez menperatzeko, eta ez, berriz, Guevararen irudia erakutsi dutenek, horiek klandestinoak izan baitira gurean luzaroan, Guevararen irudia erakutsi duten askok gutxi dutela Guevaratik, bai baina hori beti gertatzen da etab etab etab. Eta abar luze bat, hobeto esanda.
"Badakizu zer uste dudan?" esan nion BWRi. "Zuri
zizt egin dizuna izan dela autobuseko abade bakarraren alboan
tokatzea, orain dagoen bokazio eskasiarekin gainera. Tira, jarraitu
kontatzen".
Muturra apur bat okertuta, BWR bere kontakizunari lotu zitzaion.
Hasieran Brooklyn Parents for Peace-koekin zihoan, ezta? baina laster
ohartu ei zen askoz gehiago erakartzen zuela atzean zeukan talde
batek, The Answer Coalition-ek (http://www.internationalanswer.org).
"Zelako martxa, eta zelako eslogan onak", zioen BWRek begi
ameslariez. Beste talde batzuk ere oso koloretsuak ei ziren:
anarkistak, beltzez jantzita detaile gorriren batekin eta neska-mutil
gaiztoen itxuraz, batzuk gangar kilometrikoekin, Londresen Sex
Pistolsen sasoian ikusten ei zirenak bezalakoak. Eta sozialista
iraultzaileak, euren beroki eta kapela sovietarrekin. Eta, onenak,
Amumatxu Amorratuak (The Raging Grannies), lorez apaindutako hegal
zabaleko kapela zuriak zeramatzatenak, eta oso kopla barregarriak
kantatzen zituztenak Bush, Cheney eta Rumsfelden kontra, doinu
amerikar tradizional batez. Ah, eta hippiak. Baina benetakoak. Hau
da, 60 eta 70 urtekoak. BWRek ziurtatzen dit honelakoak entzun
zizkiela: "Gogoratzen naiz, bai, Vietnamgo gerraren kontrako
manifestaziora etorri ginenean honaxe...", "ah, bai, eta ni
gurasoekin etorri nintzenean Martin Luther Kingen manifestaziora,
eskubide zibilen alde. Gogoratzen naiz urmaelean bainatu ginela,
Reflecting Pool-en...". Mundialak ei ziren, eta garai hartan
legetxe ei zeuden jantzita: gona indioak, trentzak... Onenetako beste
bat izan ei zen neska bat, bere pankartan azaltzen zuena bera oso
patriota zela eta horregatik azkeneraino sakrifikatzeko prest zegoela
bere herriaren alde. Hori dela eta, prest ei zegoen Bushi txirula
xurgatzeko, kontuan hartuta, Lewinsky kasuaren argitan, hori zela
modu bakarra Estatu Batuetan presidente bat kargutik kentzen
saiatzeko.
Kontua da BWR urruntzen eta urruntzen joan zela
bere taldetik, eta azkenean Answerrekin joan zela:
From Iran to Palestine, occupation is a crime!
Money for jobs and education, not for war and occupation!
Fight, fight, figth, Palestine fight!
Hip hop, not war!
Hey, Latino, Arab, Asian and White! No more, no more racist war, defend our civil rights!
El que no brinque yankee!
Azken esaldi horrena oso barregarria izan ei zen, BWRek diostanez. Antza, megafonoa zeukanak esaldia esan eta lau katuk baino ez zuten salto egin, gaztelaniaz esan zuelako. Orduan ingelesez azaldu behar izan zuen, esanez yankeek amerikar inperialista esan nahi duela, eta hori entzunda salto egiten ez zutenak amerikar inperialista zikin batzuk zirela, gringoak. Orduan berriz ere esan ei zuen esaldia eta jende guztia hasi ei zen saltoka.
Hasieran manifestarien asmoa Kapitolioraino joatea ei zen, baina poliziak hurbiltzen uzten ez zuenez, ezkerretara egin behar izan zuten inguruetara heldu bezain laster. Eta hara non BWRek eta bere lagunek ustekabe galanta aurkitu zuten jira hori egitean, ze hantxe ei zeuden beste adiskide batzuk kontramanifestazioa egiten (kontra konzentrazioa, hobeto esanda), patxada ederrean, hesi baten atzean. Gutxi ei ziren, baina, BWRek diostanez, oso dibertidoak. "Pankarta handiak zeuzkaten", esan zidan BWRek, "leku asko behar omen zutelako hau dena azaltzeko: gure mutilak txarto pasatzen dauden bitartean eta sufritzen gure askatasunaren alde eta guztia gugatik ematen, hortxe geundela lixtook, trankil asko eta goxo-goxo, zer-eta manifa bat egiten, beste zeregin hoberik ezean. Ez ginela batere patrikotikoak, areago, traidore hutsak ginela. Tira, amerikarrak ere ez ginela. Ah, eta Bin Laden eta gu, kolega totalak". "Bueno", jarraitu zuen BWRek, "hori pankarta explikatiboenak. Beste batzuk harira zihoazen: Hippiek hatsa daukate. Liburuak bonbetarako, ez liburuetarako. Zertarako ibili itzulinguruetan. Nire taldea (hau da, Answer Coalition, ez Brooklyn Parents for Peace)", gehitu zuen BWRek, "aurrez aurre plantatu zitzaien, konkretuan Daviden izar erraldoi bat zeukaten sionista batzuen aurrean, eta han hasi ziren --tira, hasi ginen, hobeto esanda--:
Fight, fight, fight, Palestine fight! Viva, viva Palestina, viva, viva Palestina!!.
Interesgarriena zen", jarraitu zuen BWRek, "gure aldean juduen bikote bat zegoela, baliente-baliente, "Jews for Peace" zioen pankarta bati eutsita, beste aldekoen aurrez aurre".
"Tira, BWR, ikusten dut guztiz sutsu jarri zinela, benetan sartu zinela manifestazioan", esan nion. "Ez zenuen zertan, nire ordez bidali zintudanean ez nuen hainbesterainokorik eskatzen".
"Bai, baina hor nire ekimenez nengoen. Egia esan ni neu nintzen, inoiz baino gehiago. Esan nahi dut... zera, badakizu, ezin izan niola eutsi eta... Badakizu, bilauak ikusten ditudanean, ezin dut... Telefono kabina batera joan, jakako botoiak askatu eta badakizu arroparen azpian daukadan S-dun beste traje hori...".
"BWR!! Zer esan nahi duzu, zure botereak erabili zenituela?"
"Bai, badiotsut, ezin izan nion eutsi. Sena bezalako gauza bat da, eroan egiten nau. Bilau zitalak ikusi eta...".
"Eta zer egin zenuen?"
"Ba, badakizu. Begietako izpi berde horiek...".
"Alderantzizkatzaileak? Izpi alderantzizkatzaileez ari zara?"
"Bai".
"Orduan?"
"Libertario. Libertario bihurtu nituen denak segituan. Pankartak bota eta asanblada bat egitera joan ziren orduantxe bertan".
"Ene bada, BWR!! Ederra egin zenuen!", esan nion, ahoa eskuaz tapatzen nuela, sustoaren sustoaz. "Inor jabetu zen zure identitateaz?"
"Ez, ez, nire mega-abiadura supersonikoaz ostera ere trajea jantzi eta Union Stationera joan nintzen Marylanderako metroa hartzera. Baina, trenera joan aurretik, nire ekintza subersiboa biribildu nuen. Union Stationeko kafetegi xarmangarri hartara joan nintzen, badakizu, "Smith's", eta kafesnea hartu nuen benetako kikara eta koilaraz. Portzelana eta metala, esan nahi dut. Harcorea, hardcorea".
"BWR: nire miresmen osoa duzu. Benetan bete duzu egitekoa. Nire eskerrona adierazteko, euskal pastela prestatuko dizut. Ez dakizu zuk nik zernolako euskal pastel onak egiten ditudan".
"Uste osoa daukat zugan", erantzun zidan, eskua nire sorbaldan ipinita "Ez ieazadazu huts egin".
Eta lagunak egindako balentria merezi zuen moduan saritzeko asmoaz, pastela egiteko plana eta materialak pretatzera joan nintzen. Baina hori beste istorio bat da, tolestura askokoa, to be told some other day, while we are Basquing in the sun.
Iruzkinak
Lost Hawk 2007-02-13 11:56 #1
"Honen inguruan" ataltxoan jar zenitzake agian esteka batzuk (ZMag Chomskyren ingurukoa den bezala, Lakoffen ingurukoa alternet da). <br />Uste dut (eufemismo bat da) Clintonek Bagdad bonbardatu zuela 98-99ko gabonetan, gau bakar batean 1000 hildako sorraraziz (11/9-ren erdia), bonbardaketak lau hilabete iraun zuen, britaniarrek VI mendeko monastegi kristau bat suntsitu zuteneean enteratu ginen, apirilean; Clintonen softporn arazoek Somalia bonbardatzera eraman zuten (eta Ibn Laddin-en garaian --Al-laddin-en semea?-- aitzakia bilatzen ari ziren hara sartzeko ostera ere). Efektibamente, Demokratak amerikako PSOE-a dira, ze pena Almodovar eta ez zirela konturatu _Hay motivos_ idatzi zutenean, zuk zeuk gogorarazi zenion legez! Aznar saiatu zen PP amerikartzen, hau da, desmonarkizatzen (ABC-tik LaRazonera esango bagenu bezala), baina hori bakarrik izan zen posible Felipismoren jakobinismoari esker.<br />Eskerrik asko emoiozuz BRW-i nire partez... Smith-en beltzen kapela dotoreen artean oraindik erre ote daiteke? "evil, evil..."<br />
Utzi iruzkina: