BWR: ARGAZKIAK BUKAERAN!!! (2)
Esandako moduan, ibiltoki hori izugarri luze eta zabala da. Hor egiten diren manifestazioetan ideia da hor batzen joatea herri guztitik etorritako alderdi eta elkarte guztiak eta, zelanbat esateko, manifa aurreko "berotze ariketak" egitea. Talde bakoitza heltzen da, hasten da antolatzen, bere pankartak zabaltzen, alderdi eta elkarteek euren mahaitxoak ipintzen dituzte, euren panfletoak banatzen dizkiote jendeari iraultza sozialista egiteko, kapitalismoa suntsitzeko, 9/11n benetan gertatutakoa ikertzeko (talde batek dio CIAk antolatu zuela)... Ehundaka talde eta taldexka (Brianen bizitza pelikula gogorarazten zion BWRi apur bat), ehundaka mezu eta proposamen. Taldeak elkartu bitartean, hor altxatuta dagoen mintzatokian hizlariak azaltzen dira, bakoitza bere hitzaldia egiten (itzelezko megafoniarekin!). Hau da, ekitaldi politikoa ez da amaieran, hasieran baino. Dio BWRek jende askok hitz egin zuela, tartean Jesse Jacksonek. Feministak, internazionalistak, berdeak, beteranoak... Bai, ze horiek aparteko taldea osatzen dute: gerraren kontrako mobidan talde esanguratsu bat gerrako beteranoak dira, Vietnam edo Korean egondakoak adibidez, eta gerraren (gerra honen, gerra guztien?) aurka daudenak. Hizlarietako bat, bide batez esanda, Wataga tenientearen aita izan ei zen. Wataga hori Estatu Batuetako armadako militar bat da, kontzientzia eragozpena jarri ziona Irakeko gerrari. Uko egin zionez joateari, otsailaren hasieran gerra kontseilua dauka, eta badirudi gartzelara joango dela.
Oso interesgarria iruditu zitzaidan beteranoen kontu hori, eta xehetasun gehiago eskatu nizkion BWRi. Bere buruari inportantzia eman gura dion guztietan bezala, bere koadernoa atera eta oharrak errepasatu ondoren, esan zidan bi kontu iruditzen zaizkiola batez ere nabarmentzekoak: armadaren erreklutamendu prozesua eta gerra beteranoen etxeratzearen arazoa. Esan zidan armadak pisu handiko kaptazio kanpainak egiten dituela institutuetan, batez ere, toki deprimitu xamarretan. Han, 16 urte inguruko gaztetxoei hiru goxoki eskaintzen dizkietela: bata, unibertsitateko ikasketak ordaintzea (Estatu Batuetan ikaragarri garestia da unibertsitatea, eta familia askok ametsetan ere ezin dute egin seme-alabak goi mailako ikasketak egitera bidaltzea); bigarrena, bizimodu diziplinatuak ematen duen ordena eta antolamendua; hirugarrena, helburu noble baten alde jardutea (aberriaren alde, askatasunaren eta demokraziaren alde, alegia) eta horrek dakarren estimazio soziala. "Esaiozu hori Bronxeko latino edo afromerikar pobre bati. Esaiozu hori familia desintegratu batean alkohol edo biolentziaren pean bizi den umeari. Esaiozu hori zulotik ateratzeko inongo esperantzarik ez duen eta autoestima antipodetan daukan neskato/mutikoari. Esaiozu hori bizitza osoan 2. mailako amerikartzat tratatua izan denari, benetako herritarrekiko homologazioaz amets egiten duen amerikar baztertuari", esan zidan BWRk boligrafoarekin tas tas eginez mahai gainean.
Gaineratu zuenez, Brooklynetik DCrako autobusak antolatu zituen erakunde horrek, Brooklyn Parents for Peace delakoak alegia, bere zereginen arteko bat zera du: militarrak institutuetara erreklutamendu kanpainak egitera doazen bakoitzean, euren ordezkaritza bat bertara bidaltzea, neska-mutilei armadaren alternatiben berri ematera (bekak, laguntza taldeak, ikasteko maileguak...). Ekimen horren izena ei da Hey, recruiters, leave the kids alone!, Pink Floyden "The Wall" famatua parafraseatuz.
Gauzak horrela, oraintxe bertan Iraken dauden soldaduetako asko 19 edo 20 urteko gazteak dira, asko eta asko latino, beltz edo bestelako minorietakoak, heriotza makineriaren engranaje bihurtu direnak askotan presio handiaren pean hartutako erabaki batengatik...
"Eta bestea? Beteranoen etxeratzea, zer?" galdetu nion BWRi. "Ba, begira. Dirudienez, armadak gloria handia agintzen die balizko militar estatubatuarrei, baina hori, gloria baino ez. Ejertzitoa uzten dutenean (ezindurik geratu direlako edo erretiroa hartzea egokitu zaielako) kale gorrian geratzen ei dira, pentsio negargarriekin eta osasun asegururik gabe. Diote Estatu Batuetako hiriburuetako kaleak populatzen dituzten homelessetako asko gerrako beteranoak direla, giza hondakinak".
Bi faktore horiek direla eta, BWRek esan zidanez, armada orainaldi hutsean bizi da, unean unean dauzkan andra-gizonekin: ume moko direla xurgatzen ditu eskola eta institutuetatik eta loria urte batzuen ostean (zeinetan burmuin garbiketa ez den nolanahikoa izango), zakarrontzira botatzen ditu gastatu zaizkionean. Ondo pentsatuta, ez da oso harrigarria, kapitalismo gordinak horixe egiten baitu beste dimentsio guztietan, ezta? Eta bi faktore horiexek direla eta, azaldu zidan lagunak, deskontentu ahotsak ugalduz joan dira patriaren ideiarekin engainatuak eta erabiliak sentitzen diren beteranoen kolektiboan.
Bere kronikarekin jarraituz, BWRek esan zidan hizlarietako batzuk etorri berriak zirela Hegoafrikako antiglobalizazio forotik, eta oso barregarria zela, ze guztiz apurtuta zeukaten ahotsa, pitzatu egiten omen zitzaien etenbarik, eta BWRek ezin omen zion barreari eutsi (nahiko ganorabakoa da BWR hau batzuetan). Dana dala, bere inguruko inork barrerik egiten ez zuenez, diskrekzioz jokatzea erabaki zuen.
Garbi dago BWRek seigarren deialdian aprobatu zuela, ze, argazki makina eroan arren, bezperan pila kargatzen ipini ez zuenez, manifestazioa hasi aurretik amaitu zitzaion. Beraz, hasi aurreko argazkiak baino ez zituen atera, lastima. Blogari gutembergtarra ez banintz, eskegi egingo nituzke hemen manifestazioaren aurreko argazki horiek, giroaren ideia bat ematen dutelako. Lastima, nik ez nuen blogari azterketa sekula gainditu, ezta graziako deialdian ere. Frogarako, nire artikulutxoen luzeera. I have to think about it while I am Basquing in the sun...
EIIII, BEGIRATU EA HEMENDIK IKUS DITZAKEZUEN:http://tinyurl.com/2v7ufj
Iruzkinak
Lost Hawk 2007-02-13 11:29 #1
Oso ona da!<br />Bidali, mesedez estekaren bat Berria-ra, edo norbaitek bidal dezala, mesedez, mesedez! Mainstream-eko berri esatarien alternatibak eman behar dira. Nik ez dakit zelan egiten den, baina hau oso inportantea da, eta argazkiok zelan eskegi norbaitek azalduko balizu, hobeto. Ez da txantxa.<br />
Lady Marion 2007-02-15 11:03 #2
Ba, zorionekoa Wataga tenientea gartzelara badlin badoa, bakarrik, zeren, gerra garaian ez al da heriotza izaten horrelakoetan aplikatzen den zigorra? Nire inorantzian galdetzen dut, baina "antzina" horrela zen...
Ana Morales 2007-02-22 05:38 #3
Bai ba, zorionekoa. Egia esan, nik ere ez dakit zelan dagoen kontu hori gaur egun. Dena dela, ez zaie komeni horrekin zarata asko egitea ere... Ez pentsa, Watadaren gerra kontseiluaren albistea bera isil-isilik joan da hemengo medioetan. MoveOn erakundea arduratu da aireratzeaz. Behinola ikusi nuen Berria-k ere bazeukala link bat.<br />
Utzi iruzkina: