Udaberria lehertu zen nire etxean. AZKENA
Baten partez, sei superpintza erosi nituen. Oso stylishak ziren, grapagailu itxurakoak. Muzin egin nien "rat size" zioten tramankulu inponenteagoei, gogorregia baitzen nire etxean halakorik ibil zitekeelako hipotesia. Etxera heldu eta gela guztiak arakatu nituen oin puntetan, lapur baten mugimendu klandestinoekin. Urtebetetze platertxo guztiak euren lekuan zeuden, itxuraz batere ukitu barik. Sei superpintzak kokatu nituen etxean zehar eta ohera joan nintzen. The Invasion of the Body Snatchers filmeko protagonista gizajoak bezala, amore eman nion logurari ezinbestean, hori nire galbidea izan zitekeela jakin arren. Hori bai, argia piztuta egin nuen lo, berez oso neurri eraginkorra ez zirudiena egia esan, kontuan hartuta aurrekoetan bisitaria aisa paseatua zela nire muturren aurrean dvd-ak ikusten nengoen bitartean.
Hurrengo egunean superpintza guztiak hutsik zeuden, platertxoak ukitu barik eta, oro har, ez nuen aurkitu Presentziaren ezelako arrastorik, ez biologikorik ez bestelakorik. Hala ere, iluntzean etxera itzuli aurretik hirugarren bisita egin nuen botikara. Dagoeneko nahiko ondo ezagutzen nuen sailera joan eta beste modalitate bateko harrapagailuak erosi nituen. Errektangulu formako kartoi batzuk ziren, gainean zeukaten papertxoa kenduz gero guztiz pegamentu indartsu bat agerian uzten zutenak. Zeuden-zeudenean erabil zitezkeen edo, markatuta zeuzkaten puntu batzuetatik kartoia tolestuta, kanpindendatxoaren forma eman. Ideia zen piztitxoa hor gainetik pasatzean pegatuta geratuko zela. Zortzi erosi nituen. Etxera heldu, eskulanetako ikasle aurreratuaren fineziaz zortzi kanpindendatxo egin eta etxetik banatu nituen. Lana amaitu nuenean, harro begiratu nion nire inguruari: bolatxo mortalez betetako bost plater, sei superpintza eta zortzi kanpindentxo itsaskor. Kas-kas-kas, ikusiko duzu orain. Ohera joan nintzen.
Astea bestelako nobedade barik joan zen. Lantokira heldu bezain laster, bulegokideak GALDERA egiten zidan egunero eta ezetza adierazi behar nion buru keinu etsiez. Etsipena, hala ere, laster hasi zen aienatzen esperantzari lekua uzteko, oso berezkoa dudan pentsabideari jarraiki. Igual joan egin da. Beharbada, azotean egiten ibili diren lanen ondorioz despistatuta sartuko zen nire etxera eta orain berriz ere joan da etorritako bide beretik sekula gehiago ez itzultzeko. Bai, seguru. Tira, igandera arte edukiko ditut tranpak (nahiko itxura beldurgarria zeukan nire apartamentuak, egia esan) eta ezer ageri ez bada, kendu egingo ditut eta amaituta asuntoa.
Zapatuan euria egin zuen tarteka, eta goizaldean trumonada ere entzun nuen ametsen artean. Eta une batez txin txin txin batek pentsarazi zidan berriz ere neukala itoginen bat sukaldean, apirilean New Yorken izandako uholdean gertatu bezala. Edozelan ere, eguzkiz betetako goiza ekarri zuen igandeak. Umore onez altxatu nintzen ohetik eta sukaldera joan nintzen armozua prestatzen. Orduan entzun nuen txin-txin-txin metaliko hura berriro ere. Itoginarena gogoratu eta gorantz begiratu nuen, baina han ez zen tanta zantzurik bat ere. Orduan bonba atomiko bat lehertu zen nire buruan. Sukaldetik irten eta egongelara joan nintzen salto batez.
AAAAAAAAAAAAAAARRRRRRRRRRRRRRRJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJJ
Kanpindendatxoetako batean apopilo bat zegoen!!!!!!!!!!!!! Eta txin-txin-txin delako hura bere burua askatzeko egiten zebilen ahaleginen ondorioa zen, haren alauriak!!!! Esfortzuaren esfortzuaz kanpindendatxoa mugitu ere egiten zuen aurrera eta atzera. Langelara joan nintzen korrika, eta munduari laguntza deia luzatzeko premia desesperatuak eraginda, ordenagailua piztu nuen. O, baina txin-txin hura bertara ere heltzen zen, ez zegoen modurik ez entzuteko. Orduan, Crestanello-renean hartutako entrenamendua profitatuz, poltsa hartu, txokoloak jantzi eta ospa egin nuen etxetik. Bai, jaun-andreok, bai, pijaman. Abantaila hori dauka hiri honek.
Terraza batean jesarri nintzen eta gosaria eskatu. Antsiedadea nolabait baretzeko edo, poltsan beti daroadan koadernotxoa hartu eta istorio lazgarri hau idazteari ekin nion. Gero, beste kafe batera joan nintzen eta bigarren gosaria hartu nuen. Dendarik denda ibili nintzen gero, artesautza merkatu batera joan eta, ideia barik geratu nintzenean, live music zeukan Jehovaren lekukoen meza batera ere sartu nintzen. Oso nabarmena izango zen lekuko berria nintzela, harrera amoltsua egin baitzidaten bosteko estuak emanez eta irribarre beroak eskainiz. Nik, neure aldetik, txaloka egin nuen bat bateriaren erritmoarekin egoerak hala eskatzen zuenean.
Handik irten nintzenean etxera itzultzearen ideiarekin ohitzen saiatu nintzen. Ez nekien ze ordu zen (ez neukan erlojurik ez telefonorik), baina ideia basamortu bat zen nire burua eta zerbait egin beharko nuen etxeko gauza hartaz. Beraz, ahoa siku eta tripak nahastuta, etxera joan nintzen. Atea zabaldu bezain laster jakin nuen Izakiak emanak zituela bere onenak. Ez dut deskribatuko agonia eta esfortzu titaniar haiek zer eragin zioten bere gorpu txikiari. Mahai gainean zegoen telefonoak bi gauza erakutsi zizkidan: bata, bost ordu emanak nituela kalean pijaman, eta bestea, Innaki Mecanicsek zortzi bider deitu zidala. Telefonoa hartu eta deitu egin nion, nire apartamentuan gertatu berri zen tragediaz ezer ez kontatzea erabakita, batez ere bere lagun Lady Righteus ez larritzeagatik. Erantzun zidanean ahalik eta doinu kasualenaz esan nion goiz osoan ibilia nintzela kalean eta telefonoa utzi nuela etxean. "Baina zer moduz, bestela?" galdetu zidan. Nik "Ondo, ondo, hain eguraldi polita egiten du, denbora konturatu ere egin barik doakizu harantz eta honantz kalean". Eta berak: "A, tira, pozten naiz, larrituta egon gara. Ondo orduan?" Nik: "Bai, ederto, nobedade barik". Eta berak: "Ez, telefonoa hartzen ez zenuenez, pentsatzen ibili gara ez ote zen gauza konplikatuko eta agian urgentzietara joan behar edo...". Eta nik: "Zer? Konplikatu? Urgentzietara?" Eta berak: "Bai, ebakuntzagatik".
Jainkoa! Ahaztuta neukan. Ostegunean miopiaren ebakuntza egina nuen eta akordatu ere ez nintzen egiten. "Bai, bai, primeran, primeran! Ederto ikusten dut, zoragarri".
"Ze ondo! Orain gauza guztiei interes berriaz begiratuko diezu, begi berriez esatea legez".
Buelta eman nuen eta atzean zetzan gorpuzkiari begiratu nion.
"Bai, horixe. Eta orain, nire begi berri hauekin etxe guztia lixibaz goitik eta beheraino garbitzeko asmoa daukat. Zer deritzozu?"
"Udaberriak kemenez bete zaituela, bejondeizula!"
Eta horrelaxe eman nuen igande arratsalde hura: disposing of the body eta lixibaz bustitako lanbasaz igurtzitzen izkina guztiak.
Eta pozoia erretiratu nuen, eta tranpak.
Tira, batzuk.
Bistakoenak bakarrik. Batek armaren bat eduki behar du etxean bere burua defenditzeko, Charlton Hestonek behin eta berriro dioskun bezala.
Eskerrak nire mega azotea berrituak episodio dramatiko hori ahazten laguntzen didana, while I lie up there, koitadatxoa ni, bikinian Basquing in the sun.
Iruzkinak
GregoryFlatiron 2007-06-05 15:20 #1
Kar kar kar!

Oso ona :-P Azkenaldi hontan zure istorio ugari irakurtzen ari naiz hemendik eta handik...

regards!

Flatty.

Ana Morales 2007-06-05 22:10 #2

Flatty, ze istoriotxo zabiltz irakurtzen?!! Pa eta pa.

ana

Utzi iruzkina: