Udaberria lehertu zen nire etxean. A true story (3)
Bigarren bidaia egin nuen botikara, nire etxearen jabetza hartu gura zuen naturaren kontrako zerbait hilgarriaren bila. Zepo klasikoak, zepo diseinuzkoak eta zepo minimalistak aurkitu nituen, baina ez nuen adorerik izan halakorik erosteko. (Gorpu bat jaso behar banuen, nahiago nuen gorpu smashatu bat ez izatea, aukeran). Inurrien aurrekariak bihotz emanda, pozoira jo nuen berriz ere. Harriagarri hurbil sentitzen nuen bat-batean Borgiarren leinua. Itxura inozenteko bolatxo batzuk erosi eta Superboyren urtebetetzetik sobratutako kartoizko platertxo koloretsuetan jarri nituen. (Aurrera baino lehen, esan dezadan Superboy dela behinola Babyboy izenaz ezaguna zen izaki bera: izen aldaketa zor zaio bere ahalmenen garapen harrigarriari, apirilean begi bistan jarri zitzaidana eta egokitze onomastiko hau ekarri duena, ezinbestean). Plater festiboetan ipini nuen merienda hilgarria, hortaz, infernuko pizti hori hobeto engainatuko nuelakoan piƱataren usainetan, eta nire zereginekin ahalik eta normalen jarraitzen ahalegindu nintzen.
Egundoko gau txarra izan zen domeka horretakoa. Hasteko, ikaragarri kostatu zitzaidan loak hartzea, erraz ulertuko denez (esaera zaharra apur bat doituz, "sagua etxean daukanak bizarra lepoan"). Gauaren erdian zarata batek itzartu ninduen eta segituan jaiki nintzen, argiaren giltza aurkitzeko borrokan angustiazko segundu batzuk eman eta gero. Etxean dena ageri zen trankil eta normal eta ohera itzuli nintzen, amets gaizto itzel baten sarean jausiko nintzela susmatu barik.
Ametsean goiza zen eta lanera joateko altxatu berria nintzen. Egongelara heldu eta era guztietako marruskarien gorpuak aurkitzen nituen nonnahi: saguak, arratoiak, kattagorriak, txintxillak... (eta nondik nora nekien nik hainbeste marruskari mota daudela munduan, batzuk nahiko politak, bide batez esanda? Bada, apirilean Superboyrekin Bronx Zoo-ra egindako bisitatik. Bertan ziren animalia mota ugarien artetik, Superboyk zer-eta Marruskarien Etxea aukeratu baitzuen bisita xehetua egiteko. Fuera estereotipoak!). Ikuskizun lazgarria zen nire ametsekoa. Gainera, gorpu guztiak bustita zeuden, nonbait uholdeak ere bainituen etxean. Hori gutxi izan balitz bezala, egongela bera oker zegoen. Esan nahi dut maldan behera zegoela, Artxandako jolasparkean egon zen Etxe Magnetiko hura bezala. Superboy eta biok (bera ere baitzegoen nire ametsean, horri guztiari begira izututa baina konpostura galdu barik, neure atzean erdi ezkutatuta) tinko eutsi behar genion gure lekuari aldapan behera irristan ez joateko, gorpuzki guztiekin batera. Halako batean, gure albotik kamioi edo furgoneta bat pasatzen zen aurrerantz (bai, nire apartamentuko egongelan; ametsak, amets dira) eta animalia horietako handiena eta ederrena, karamelu koloreko urtxintxa erraldoi antzeko bat, zapaltzen zuen. Txof. Sabela urratuta, barrukiak kanpora ateratzen zitzaizkion eta uragaz nahastu.
Izerdi patsetan esnatu eta goizeko seirak zirela ikusi nuen pozarren. Biba, biba!! Astelehena da, hiru ordu lo eginda nago eta ziztuan prestatu eta irten behar dut, ikastaro batera joateko! Iupiii!! Une hartan sekulako plana iruditu zitzaidan.
Ah, baina ez zen hain erraza izango. Etxetik irten eta kitto? Ez, ez, neska.
Gosaldu, dutxa hartu, jantzi eta ohea egitera joan nintzen. Burkoa hartu eta...
aarrrrgjjjjjj!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!
"Ene bada" otzanegia, artikulatuegia zen ikusi nuena adierazteko. Nire almohadaren azpian sagutxoaren oparia zegoen, baina ez ume batzuei hagina jaustean Perez delako batek ekartzen ei dienaren estilokoa. Nirea biologikoagoa zen, barru-barrutik ateratakoa, hori ezin ukatu. Umilazioak eta higuinak badaukate izenik: sagu batek zure aurpegiaren alboan kaka egitea.
(to be continued)
Iruzkinak
Lost Hawk 2007-05-30 16:55 #1
<br /><br />Ba superboyk ederto batean egin zuen xagutxoarena bere esku esgintzedunarekin hammelingo... pianujoloarenean...<br />
Utzi iruzkina: