Transfer

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2008-01-15 21:03
5

Azaroko ostiral gris eta goibela zen. Lanetik atera nintzenean gaututa zegoen, egundo ulertu ez dudan eta energia aurrezteko omen den ordu aldaketari esker. Lainoak, euria, giro bustia, goardasolen basoa zebrabideetan. Grand Centraleko metrorantz nindoan astiro, ni ere eguna bezala goibel, ingurukoei zeharka begiratuz, ostiral gauerako nik baino askoz ere plan hobeak zituztelako errezeloetan. Negu ofiziala artean etorri barik egon arren, igartzen zen ate ostean zegoela, izotzezko atzazal zuriak zirrikitutik sartu guran.

Ez dakit zergatik, baina, kaletik nenbilela, ostera etorri zitzaidan gogora azken boladan bueltaka eta bueltaka ninderabilen Malcolm X-en hitzaldia. Haren pentsamenduaren zorroztasunak sortzen zidan miresmena haren kontrako isiltasun eta desitxuratze kanpainak eragiten zidan suminaren parekoa zen. Gizon ikaragarri argia, umoretsua, baina mesederik eskatzeko gogorik ez zeukana. "Ni ez naiz amerikarra", esana zuen, eta ai-ai-ai, ze pupa egiten zuen horrek. Zuk onartzea eskatzen duen pertsonak aukera ematen dizu tolerantea izateko. Zure onarpenaz saritu dezakezu, zu bezalakoa izateko behar beste meritu eginez gero. Baina, kontxo, onartua izateko batere interesik ez duenak ez dizu ezer ematen. Areago, zalantzan jartzen du zu unibertsoko onena zaren egia eztabaidaezin hori. Eta eskatzen etorri beharrean, berea erreklamatzen datorrenak, berriz, ematearen keinu bihotzbera ere ukatzen dizu. Ezin zaitezke ona izan!! Eta horrek amorru handia ematen du. Nik neuk neukan ikusita amorru hori: African-American? Zer uste dute horiek direla? Bereziak? Historia aipatua nien eta Hura guztia orain dela 100 urte amaitu zen! izan zen erantzuna. Zor historikoa aipatu nuen eta Alferrikaldutako umeak dira horiek erantzun zidaten. Memoria historikoa, arbasoekiko lotura, kulturaren harrotasuna aipatuak nituen eta Asmazio hutsa da guztia! Fikzioa! esana zidaten.

Askotan gertatzen zaidan legez, sutuz joan nintzen nire barruko irudimenezko eztabaidan (nire bizitzako une eta leku desberdinetan pertsona desberdinekin gai horretaz izandako hika-mika guztiak biltzen zituena). A, baina esatekoak eta bi gehiago esaten nizkien nire kontrario guztiei. Aho bete hortz uzten nituen nire argudioekin. Berakatzak zuentzat bigot zikinok!!!

Ozen berba egiten hasia nintzela jabetzearekin batera, nire ohiko metro sarrera pasatua nuela ere ohartu nintzen. Bosgarren etorbidea 42. kalearekin biltzen den kantoian nengoen. Ezkerretara begiratuta, Empire State Building-en mamua ageri zen, tontorra lainozko izaretan bildua. Eskumatara eta apur bat atzerago, Chrysler Building-en gezi punta lausoa, alabastrozko lanpara batean piztutako argia bezala. Erraldoi bi horien forma desdibujatuei begira, bat-batean larri jartzen hasi nintzen. Buruko arina zetorkidala antzemanik, aurrez aurre neukan liburutegi publikoko eskailerak igotzen hasi nintzen, barruan une batez jesartzeko esperantzaz. Atera heldu nintzenean begi zuriko andre nagusi batek agurtu ninduen irribarre goxoaz eta buru keinu batez. Aurrera, barruan epel dago, esan zidan. Bitxiena da hitz horiek ez zituela ahoskatu. Eskuez esan zituen, nolabaiteko keinuez, baina, ez dakit zelan, ulertu egin nion.

Arrazoia zeukan. Barruan epel eta goxo zegoen. Alabaina, daramatzazun poltsa guztiak arakatzen dizkizun betiko zaindaria eta bebarru itzela aurkitu beharrean, egongela txiki bat aurkitu nuen. Mahai zuri batzuk zeuden, jateko gauza goxoez hornituak (amerikar alternatiboen tofu eta azenario saihestezinak barne) eta lore sortez apaindua. Edariak ere baziren, eta hainbat lagun zeuden hizketa ederrean bizpahiruko taldetxotan han-hemen. Etorri, zure zain egon gara, esan zidan lehengo dama berak, ostera ere eskuez. Igitai eta mailuaren eranskailu txiki bat zeukan paparrean. Besotik heldu zidan eta besteengana eraman ninduen.

Hartu egizu kopa bat txanpan! esan zidan irribarre zabalaz bi metrokoa iruditu zitzaidan andre beltz mardul batek. Eskerrik asko, esan nion pozik. Bitxia da, baina ez nuen sentitzen normalean ezezagunen artean izan ohi dudan barruko larritasuntxoa. Lagun artean bezala nengoen, artean edan barik neukan txanpanak dagoeneko bere eragin askatzailea sortu balu bezala. Gura duzu zuk beste bat, Helen? galdetu zion kopa eman zidan andreak bertaraino eraman ninduen beste emakumeari. Bera ere eskuez mintzo zitzaion Heleni, baina modu bitxi batean, haren eskua hartuta eta ahurrean markatuz zeinuak. Izan ere, Helenen begiak tinko zeuden puntu bati josita. Orduantxe egin zitzaidan argia: Ene, zu Helen Keller zara eta! esan nion hunkituta. Barkatu, zera..., erantsi nuen lotsaz, eta Helenen eskua hartuta, zeinu hizkuntzaz errepikatu nion esandakoa. Harrigarria da horretan neukan eskudantzia, baina, ez dakit zergatik, ni ez nengoen batere harrituta.

Horixe bera naiz, bai -erantzun zidan Helen Kellerrek zeinuz- pista ederra eman dizu Sojournerrek, e? Beste aldera jiratu nintzen eta txanpana emana zigun andre sendoari erreparatu nion berriro. Jakina, zelan ez nintzen, bada, konturatu: hantxe zegoen nire Sojourner Truth miretsia!

Barreka hasi ginen hirurok eta topa egin genuen pozik. Orduan smoking zuriko kamarero bat hurbildu zitzaigun, vol-au-vent-ez betetako erretilu bat eskaintzen: Gau on, ene xarmantak, esan zigun irribarretsu, Ttipiak dira bainan biziki dastagarriak. Hartu, hartu lotsa gabe.

Esaneko, bana hartu genuen gutiziaz. Beti esaten dut: ez dago Patching Placeko euskal kamareroak baino zerbitzari atseginagorik, entzun nuen orduan nire alboan. Ile beltz eta luzeko gizon batek esana zuen. Alkondara zuria zeraman, eta praka-jaka marroiak, gorbatarik gabe. Iduneko urdin bat zeukan samari estu lotua. Eskerrik aunitz, Squanto, zu bai zalduna, erantzun zion kamareroak. Izan nintzen, Piarres, izan nintzen zaldiduna, bai... erantzun zion Squantok begi ameslariez.

Oso animatua zegoen giroa eta ni ere gero eta biziago nengoen, txanpanaren eraginez segurutik. Bazter batean Malcolm X eta Martin Luther King ikusi nituen. Ez dakit ze kontu izango zuten, baina algara batean zeuden, negarra dariela barrearen barrez. Eskuaz agurtu nituen. Malcolm X-ek begi keinu batez erantzun zidan, eta Luther Kingek baiezkoa eginez buruaz. Ikasi duzu ezer denbora honetan? esan zidan Malcolmek irribarre maltzurraz distantziatik. Burmuina estutzen hasi nintzen zerbait zuhur eta zorrotza erantzun guran, filosofia oso bat bilduko zuen esaldi biribilen bat edo, baina ezer okurritu ez, eta hau baino ez nuen esan: Ikeako mahai bat eta lau aulki montatu nituen behin!

Tira, hori nahikoa da bilera bat egiteko! Ezta, doktorea? erantzun zuen Malcolmek, Luther Kingeri ere zuzenduz. Horixe baietz, gehitu zuen Kingek. Eta, gainera igonez gero, hitzaldia emateko ere balio du, edo, aulkietan jesarrita, behar beste erresistitzeko.

Honek daukan indarra edukiz gero, mahairik ere ez duzu behar hitzaldia emateko, tartekatu zuen motots handiko andre betaurrekodun batek, Sojourner seinalatuz. Gona luzearen azpian galtzerdi urdin biziak ikusten zitzaizkion, oso nabarmenak. Barkatu, esan nion, Ezagutzen zaitudala uste dut, baina ez nago ziur...

Etorri hona, Frances, gu neskokin topa egitera. Hau Frances Gage dozu esan zidan Sojournerrek, Gage andreari lepoan tapa-tapa eginez bere esku itzelaz. Berba eman zidan Ohioko batzar hartan. Ez zan hura otso zulo makala ba!

Gage andrea, urte askotarako, esan nion. Ikaragarri gustatzen zaizkit zure galtzerdi urdinak. Haren begiek irribarre egin zidaten antioju biribilen atzetik.

Jazzeko pieza alai batek gela betetzen zuelarik, aurrean neukan opil eta croissanten mendixkara luzatu nuen eskua eta bat hartu nuen. Mmm, zein ederra! Berehala ezagutu nuen: nire auzoko Court Streeteko pattisserie frantsesekoa!! Nork ekarriko ote zituen? Eskuan neukan puskari begira nengoen horretaz pentsatzen, halako batean beste pentsamendu batek jo ninduenean. Deskarga elektriko antzeko bat izan zen. Inguruari begiratu nion, festa gisako hartan bildutako jende atseginari eta bat-batean izuak hartu ninduen.

Zer da hau, zer da hau baina? egin nuen aldarri. Izerditan neuzkan eskuak.

Isiltasuna zabaldu zen gelan. Zuek, lagunok, oso maiteak zaituztet, oso atseginak izan zarete nigaz eta asko ikasi dut zuen guztiongandik... baina... zera... zuek... hilda zaudete!! Non nago? Hilda nago ni ere? Hiltzear nago? Auto batek jo nau Grand Centralera heldu baino lehen?

Ba, zer nahi duzu esatea... Ni ez naiz inoiz hilko, erantzun zidan Malcolm Xek duin.

Bale, zentzu metaforikoan ez, baina..., zu, teknikoki, zera, hild... hasi nintzen erantzuten.

Aizu, aizu, aizu..., esan zuen Marjorie Elliottek ahots goxoz pianoari ekinez berriro, ni behintzat ez nago batere hilda.

Ezta ni ere, what the fuck!, erantsi zuen izkina batetik Immortal Techniquek hip-hop keinu batez, eta aurrean zeuzkan jiradiskoekin scratching doinuak gehitzen hasi zitzaion Marjorieren musikari.

Gu ere bixi-bixi gaituzu, esan zidan amama batek The Raging Grannies zioen pankarta baten atzetik.

Eta nik? Oso hilda ematen dut? Oh my God, hori esan berri zuena mahai baten gainean nonbaitetik azaldu berria zen go-go boy bat zen, go-go boy huuura, zehatz esanda. Nire larritasunean, parentesi bat egin nuen eskuaz musua bidaltzeko, dolar baten prezio modikoan inoiz laztantzen utzia zidan bere bularraren mirakulua gogoan.

Edozelan ere, nire nahasmendua gero eta handiagoa zen eta zorabioa gainera etortzen igarri nuen berriro.

Orduan, zer? Despedida bat da hau? Mugaren bat zeharkatzera noa? galdetu nien berriro inguruko lagunei antsiaz betea.

Ez estutu, egin dezagun topa! esan zidan Helen Kellerrek adiskidetsu. Gelakide guztiek kopak eta basoak altxatu eta Squantok nirea bete zidan. Topa egin genuen eta, buruko arinari amore emanda, zurrut egin nuen nire kopatik begiak itxita, goitik jausten hasia zen konfeti euriak burua estaltzen zidala.

Begiak zabaldu nituenean kalean nintzen, bakarrik, liburutegi publikoaz bestaldeko espaloian. Euria zen eta blai eginda nengoen. Ezkerretara begiratuta, Empire State Building-en mamua ageri zen, tontorra lainozko izaretan bildua. Eskumatara eta apur bat atzerago, Chrysler Building-en gezi punta lausoa, alabastrozko lanpara batean piztutako argia bezala. Batari begiratu, besteari begiratu eta bat-batean jiraka hasi zitzaidan inguru guztia: kaleak, jendea, eraikinak... Dardara batean nengoen goitik beheraino eta, konortea galtzera nindoala sentiturik, begiak itxi nituen. Ez nuen, baina, konorterik galdu. Une batzuk horrela igarota, zutunik jarraitzen nuen kalean, arnasa hartzen, nire buruaren jabe. Zabaldu nituen begiak ostera, ezkerretara Empire eta eskumatara, apur bat atzerago, Chryslerren irudia bilatu guran.

Begiak itxi nituen berriro aurrean neukana sinetsi ezinik. Ez, ez, ezinezkoa zen. Adorea bildu eta astiro-astiro ireki nituen, lehenago bata eta gero bestea. Alferrik. Egi-egia zen, edo, behintzat, nire zentzumenek egun horretan eskaini nahi zidaten bezain egia, eta haiek nituen errealitaterako zubi bakar. Aurrean, bata ezkerretara eta bestea eskumatara, baina urrunago, La Union y el Fenixeko Kupula eta Santiagoko Katedraleko dorrea neuzkan, hurrenez hurren. Beldur ikaragarria sentitu nuen, bihotzean daramadan eta hazten ikusi ninduen hiri (egia esan, hiritxo) hartako kale mortu eta bustian. Bular esturak itota, negarrez hasi nintzen, aurpegia eskuez estaliz.

Orduan pausoen zarata entzun nuen eta erne jarri nintzen, bihotza taupaka. Posta kaletik figura bat ikusi nuen nigana etortzen, baina, gaua izanik eta beltzez jantzita zegoela, ezin nezakeen ondo bereiztu. Gau bakartian lanean temati segitzen zuen semaforoari kasu egin barik, figurak errepide mortua zeharkatu zuen urrats lasai eta sendoez. Oihal bat zeukan lepotik dingilizka, ibilera kementsuak airean dantzan jartzen ziona.

Ikasi duzu bizikletan, Basque Woman? esan zidan irribarrez aurrez aurre jarri zitzaidanean.

Maitasun geruza batek inguratu ninduen.

Ez ba, Superboy, ez ba. Baina, orain konturatzen naizela, mapak ulertzen ikasi dut erantzun nion.

Eskua luzatu zidan eta elkarri helduta barneratu ginen Bilbo Zaharrean. Gure gainean, kupularen gaineko aingeruaren beso luzatuak Empire State Buildingeko orratzaren antz pixka bat zuela iruditu zitzaidan. Eskumatara, urrunago, katedraleko dorrea distira zuri misteriotsuaz nabarmendu zen zeru beltzaren kontra.

J. Pollock

J. Pollock 2008-01-22 13:32 #1

Ondo etorri, Basque Woman!!

Transferra egin dozu, eta ez da makala izan. Normala da hasieran nahasmendua izatea nagusi zure barruan, munduko beste puntatik etorri zara-eta. Agian, aldi batean urruneko hiri haren falta sentituko dozu, han dana dalako desberdina.

Beharbada, hona itzuli eta lehengo bizimodura bueltatzea pentsatuko zenduan, baina hori zaila izaten da, bizitzak aurrera egiten dauelako eta guk ere aurrera egin behar dogulako. Gure bizitzan egingo doguzan gauzak aurretik programatuta eukitzea gustaten jaku, baina ezin da dan-dana kontrolatu.
Adibidez, nire koadroak. Hasieran
dana pentsatzea gustaten jat: pintzelak, koloreak, formak. Baina gero, koloreak
nahastuten hasten nazenean, sarritan ez dau urteten nik pentsatu neban
tonalidadea. Eta aukeratutako pintzelak ez dau uste neban bezain lodi margozten.
Eta formak ez dira buruan neukazanak. Halanda ze, inprobisatu egin behar izaten
dot, eskueran daukadazen pintzelakaz eta koloreakaz, unean-uneko koadroak
egiten dodaz, eta koadro horreek erakusten dabe nire bizitzaren une bat,
gogoeta bat, sentimendu bat, aldarte bat.<o:p></o:p>

Seguru nago zuk ere topatuko dozula
bidea, mapak irakurtzen ikasi dozulako eta iparrorratza daukazulako. Eta,
igual, bizikletan ibiltzen ikasten dozunean, batzuetan geldiro eta beste batzuetan arin joango zara,
baina ez arinegi, paisajea ere ikusi eta disfrutatu egin behar da-eta.<o:p></o:p>

Eskerrak emon gura deutsudaz, hiri
handian zure lagunentzako lekutxoa egin zendualako eta zure esperientziaren
zati bat erakutsi deuskuzulako.<o:p></o:p>

<o:p></o:p>
Walk slowly<o:p></o:p>

Dream easy<o:p></o:p>

Love truly<o:p></o:p>

Let your spirit shine<o:p></o:p>

(Palace Pier, Peter O’Hanlon)

ana morales

ana morales 2008-02-03 21:56 #2

Eskerrik asko zuri, Jackson. Suerte handia izan da niretzat etxeko txokoak halako adiskidetasunaz berotzen zidaten lagunak gonbidatu ahal izatea. Gogoan izango dut, bai, zure margolanen ausardia. Hor ikusten zaitut, zutunik mihisearen gainean garajean, brotxa lodiak firristi farrasta batetik bestera, alkondaratik jausitako botoia, zigarrokina, txanpona... horiek denak ere pinturari itsasten uzten, bizitza zatitxoak ere ematen koadro miragarri eta beldurgarri horiei...

Muxu handi bat, Jackson. The best is still to come.

Lady Marion

Lady Marion 2008-02-09 20:00 #3

Desio onekin jarraituz, nik behar dudan lema bidaltzen dizuet:

If you are lost, hurt, tired and lonely,
something beautiful is on the way!

(Robbie Williams)

Lost Hawk

Lost Hawk 2008-02-28 19:10 #4

Jastatu dot betiko moduan zure prosa; zure ametsezko murmoiak gogorarazi dit behinola batean, ondino Barnes & Noble nobedade barria zenean guretzako _eta oraindik onen jesarlekuan esrertzen genituenekoan_ hango hormei begira idatzi zenuen Outsiderra ipuina. Elkarrizketatzaile egokiak aurkitu zenituen bai orduan eta bai orain. Geroagogarrenera baina, sartzen jat halako "urdina" saihets batetik, zure azoteako balizko siloian inoiz eseri ez nintzelako. Niretzako kalte, ez dut mezu malenkoniatsurik ordea, txarto hartzen jataz eta. Elkarrizketatzaile egokiak aurkitzea da kontua, mapak irakurtzen eta bizikletan ibiltzen lagunduko dizutenak. Azken batez, hiriaren hondamendiari begiratzeko tentazioak erakarri zuena gatzezko 'gizaintzura' bihurtu zen, hala dio oso mito politak biltzen dituen liburu batek.

2008-02-29 10:14 #5

Siloi horretan jesarri den bakarra zara, L.H.

Utzi iruzkina: