Thanksgiving-Part 2

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2006-11-27 05:22
8

3. Erromesak

Historia liburu tradizionalek, diosku Loewenek, beti diote Erromesak Virginiara joateko asmoarekin atera zirela Ingalaterratik, bertan britainiarren kolonia bat zegoelako dagoeneko. Hala ere, ez ziren inoz heldu bertara. Zelan amaitu zuten bada Erromesek Massachusettsen, Virginiara joateko helburua bazuten? Esaten izan da haize bortitzek desbideratu egin zutela barkua, edo nabigazio errakuntza bat egon zela... Inork ez daki hori hala den, baina bestelako hipotesi bat sendotuz joan da zenbait xehetasun oinarri harturik.
Mayflower itsasontzian 102 lagun zihoazen, eta 35 baino ez ziren Erromesak. Gainerakoak Virginiara fortuna bila zihoazen pertsona arruntak ziren. Virginia anglikanoen kontrolpean zegoela kontuan hartuta, agian Erromesek ez zuten gogo handirik izango bertara joateko... Bestalde, Erromesak oso ondo jantzita zeuden Massachusettsek eskaintzen zituen aukerez (bazekiten Cape Cod-en arrantza ona zegoela, eta gainera lehen aipatutako "izurrite zoragarria" egon berria zela). Bertako topografia ere ondo ezagutzen zuten. Izan ere, Samuel de Champlainek bertako mapak eginak zituen 1605ean eskualde hartan ibili eta gero, eta mapok dexente zabalduak ziren Ingalaterran. Areago: John Smithek aztertua zeukan alderdi hori 1614an eta New England izena emana zion tokiari, eta eskaini ere eskaini zien Erromesei gidari lanak egitea eurentzat. Erromesek ez zuten eskaintza onartu, oso garestia iruditu zitzaielako, baina hark idatzitako gidaliburua bai eraman zuten horren ordez.
Honen guztiaren argitan, azken aldion historialari batzuek bahiketaren hipotesia plazaratu dute. Erromesek Massachusettserako asmoa izango zuten hasiera-hasieratik, eta barkua bahituko zuten behin itsasoan, edo kapitaina sobornatu norabidea aldatzeko.

Land of Promise
izeneko testuliburu batek, halako hipotesi ausarta eta tabu-apurtzailea planteatzen duen eskola liburu bakarrak, gertaera honekin lotzen du The Mayflower Compact izeneko ituna idatzi izana (atzo aipatu nuena, gaur egungo Konstituzio amerikarraren aurrekaritzat jotzen dena ikuspegi tradizionalaren arabera). Izan ere, bidaiarien gehiengoa ez zen batere pozik egongo plan aldaketarekin, eskuetatik kentzen baitzien Virginiako tabako plantazioetan bilatu uste zuten fortuna. Promise-n arabera, motina saihestu guran, Erromesek "goxoki" bat eskain zieten beste kolonizatzaileei: zerotik hasteko aukera, berdintasunean eta demokrazian oinarritutako gizarte berri batean. Barkuan zeuden gizonezko guztiei dei egin zieten elkarren artean oinarrizko lege bat adosteko, inortxo ere baztertu barik ez erlijioagatik ez maila sozial edo ekonomikoagatik (ejem, emakumeez ez ziren gogoratu, baina albo batera utziko dugu gaur xehetasun txiki hori).
Motibazioak motibazio, kontua da Mayflower Compact delakoak oinarri demokratikoa eman ziola Plymoutheko koloniari, eta testu aurreratua da zinez. "Orain:", dio Loewenek, "gure Konstituzioa idatzi zutenek oso kasu gutxi egin zioten Compact-ari". Zergatik jartzen dira hain temoso bada historialari ofizialak testu hori oraingo Konstituzioarekin lotzen? Ba, pedigreea ematen diolako, jakina. Erromesak jende ausart, moral, zintzo eta demokraziazaletzat agertarazi nahi dituzte, eta adjektibo horiek berak erantsi haien "ondorengoei" (gaur egungo estatubatuar angloei, alegia). Gainera, askori ahoa betetzen zaie esatean historian hori izan zela lehen aldia talde batek gobernu berri bat sortu zuela modu kontzientean ezer ez zegoen lekuan, eta gizakien historian sekula ez zela izan halako hitzarmen berdinzalerik. Jakina, dio Loewenek, alde batera uzten baldin baditugu Islandiako Errepublika, Iroquoisen Konfederazioa eta 1620aren aurreko beste asko eta asko (euskal forua tartean, erantsiko nuke nik).
Izan ere, horrela kontatuta, oso biribil eta txukun geratzen da historia. Azalpen honek, dio Loewenek, Amerikaren "apartekotasuna" nabarmentzen du, nazio berezi eta paregabetzat agertzen du, etnozentrismorako hezitzen ditu eskola ume amerikarrak.

Jakina, hori ezinezkoa izango zen "Amerikaren sorrera" Virginian kokatuz gero. Askoz istorio itsusiagoa baita Virginiako koloniena. Lurrean zuloak egin eta egiten ibili omen ziren kolonoak urre bila, lurra zelan landu ez jakinik. Indioak preso hartu eta lurra lantzen irakastera behartu nahi izan zituzten. Gerra kimikoaren aitzindariak ere izan ziren kolonietan, Potomak ibaiaren inguruko tribuei hitzarmen bat negoziatzeko aitzakiatan brindisa proposatu eta tribuko buruzagia, haren familia eta beste 200 indio pozoituta hil zituztenean 1623an. Gosetea etorrita, indioen gorpuak lurpetik atera eta jatera ere heldu ziren... Ez, ez dirudi tipo heroikoa ematen zutenik aurreneko virginiar hauek aberriaren guraso izateko. Horregatik izango da mundu guztiak dakiela Estatu Batuetan zelan zeukan izena Erromesen barkuak, baina inork gutxik, berriz, britainiarrakVirginiara eraman zituzten hiru barkuen izenak: Susan Constant, Discovery eta Goodspeed.

4. Lurralde basatia

Esaten digu estatubatuarren hastapen mitoak Erromesek lurralde basati, landugabe hura hutsetik "zibilizatu" zutela. Hala ere, New Plymouth izenaz bataiatu zuten leku hartan, Erromesek zelai ondo garbituak, arto soro erein berriak, portu bat eta edateko uraren iturburu bat aurkitu zituzten. Izan ere, New Plymouth hura Patuxet herria zen, gerora hain famatu egin zen Squanto indioaren herria. Horretan, Erromesak ez ziren batere aldendu kolonizatzaileek hamaika bider hartutako bidetik (cf. Cuzco, Mexiko hiria...): alegia, dagoeneko garbiturik zeuden zelaiak hartu euren bizilekuak egiteko, harriak eta basoak urratzen ibiltzeko lana aurreztuta. 1622an New Plymoutheko kolono batek berak honela idatzi zuen: "bizi garen badian lehen bi mila indio inguru bizi ziren".

5. Indioen laguntza

Egia da, Loeweni jarraiki, indioek hasieratik lagundu zietela Erromesei, eta batzuetan jakin ere egin gabe, gainera. Adibidez: Erromesek ostu egiten zizkieten janari zakuak eta tresnak indioei etxeetatik eta lurrazpiko biltegietatik, eta hilobietan gordetako ondasunak ere ateratzen zituzten (alfonbrak, ontziak, arkuak...). Xehetasun horiek Erromesen egunerokoetan daude, eta benetan oso interesgarriak dira batzuetan euren oharrak. Esaterako, batek eskerrak ematen dizkio Jainkoari, indioek lurraren azpian gordeta zeuzkaten arto zakuak aurkitu zituztelako: "It was God's help that we found this corn, for how else could we have done it, without meeting some Indians who might trouble us".

Hala ere, laguntzarik handiena, eta famatuena, Squantok eman zien. Ikus dezagun berriro zer dioen tradizioak:

Squantok ingelesa zekien, New Englandera udaro joaten ziren arrantzaleengandik ikasita. Squantok artoa eta kalabaza eraiten irakatsi zien. 1621eko udazkenean kolonoak eta indioak mahai beraren inguruan jesarri ziren Jainkoari eskerrak emateko: hura izan zen lehen Thanksgiving-a.

Baina Squantok hori baino bizitza konplikatuxeagoa izan zuen. Loewenek dio 1605 inguruan kapitain britainiar batek Squanto bahitu zuela eta Ingalaterrara eroan. Bederatzi urte eman zituen han, haietako hiru Ferdinando Gorges izeneko baten zerbitzuan. Azkenean, Gorgesek Massachussettsera bueltatzeko bidaia ordaindu zion Squantori. 1614an esklabu tratulari batek Squanto eta beste dozena pare bat indio bahitu eta esklabu saldu zituen Malagara (to!!). Hala ere, Squantok ihes egitea lortu zuen eta Ingalaterrara joan zen. Etxera itzultzen saiatu zen Ternuatik baina alferrik, eta azkenean 1619an lortu egin zuen Thomas Dermerrek beragaz eroatea Cape Cod-era egiten zuen hurrengo bidaian. Hala ere, bere herrira heldu zenean, Patuxet-era alegia, Squantok egoera izugarri bat aurkitu zuen: bera zen, bi urte lehenagoko izurriteen ostean, bere herritik bizirik geratzen zen lagun bakarra. Squantori ez zitzaion irtenbide asko geratzen. Ez da harritzekoa Erromesen aldera egin izana. Iraun egin beharra dago eta. Lehenengo urte bietan Squanto funtsezko laguntza izan zen New Plymoutheko koloniarentzat: itzultzaile, enbaxadore, aholkuari teknikoa (Erromesek ez zekiten, ez dezagun ahaztu, zer jan, zer eta zelan erein edo zelan bilatu janaria). Horixe izaten da kolonizazio guztien ondorioetako bat jatorrizko biztanleentzat, ezta? Azkenean, metropoliko oligarkiarentzat lan egiten amaitzea (pentsa, adibidez, Erresuma Batura emigratutako indiar guztiak...).

6. Etnozentrismoa

"Udazkenero", diosku Loewenek, "eskerrak ematen dizkiogu Jainkoari herri legez eman dizkigun bedeinkazioenatik (...) Thanksgiving-ek gure etnozentrismoa ospatzen du". Hastapenen mito honek historiaren eremutik erlijio zibilaren eremura eroaten gaitu, erritual zibil baten bidez gauzatzen dena. Hala ere, errito zibil honek baztertu egiten ditu indioak. Thanksgiving-en irudi arketipikoan indioak erdi bilutsik eta Erromesek eskainitako janaria pozik onartzen ageri dira, eta imajina hori honako uste hau eraikitzera dator: Erromesak (hau da, Estatu Batuar zuriak, anglosaxoiak, gu versus the others) izan zirela indioak beharrezko gauzekin hornitu zituztenak, guztiz alderantziz denean.
Gainera, Erromesek ez zuten ekarri ospakizun hori: Ekialdeko kostako indioek mendeak zeramatzaten uzta ospatzeko festak egiten udazkenean. Gaur egungo ospakizuna 1863tik honakoa da, Lincolnek jaiegun ofizial hori ezarri zuenean herriari batasuna eman guran Gerra Zibilaren erdian. Erromesak ez ziren aipatu ere egiten jai horri loturik, eta ez zituzten tartean sartu 1890etara arte. "Pilgrim" terminoa bera ere ez zen erabiltzen hasi honi loturik 1870etara arte.

Eman diezaiogun berba ostera ere Loeweni:

"Thanksgiving leiendak etnozentriko egiten gaitu amerikarrok. Azken batez, gure kulturak Jainkoa baldin badauka bere alde, zertarako hartu aintzat beste kulturak?"

Eta jarraitzen du esanez batzuetan horren zuzeneko prezioa zentsura dela: 1970ean Massachusettseko Merkataritza Sailak eskaria egin zien wampanoag indioei hizlari bat aukeratzeko, Erromesen etorreraren 350. urteurreneko ospakizunetarako. Frank James aukeratu zuten, baina agintariek hitzaldia lehenago idatziz aurkezteko eskatu zioten. Irakurri ondoren, ez zioten baimenik eman hitzaldia egiteko. Hauxe zen Jamesek idatzi zuena:

"Gaur ospakizun eguna da zuentzat... baina ez da ospakizun eguna niretzat. Atzera begiratu, eta bihotz pisutsuagaz ikusten dut zer gertatu zitzaion nire herriari... Lau egun eskas besterik ez zeramaten Erromesek Cape Cod-eko kosta miatzen, eta ordurako lapurreta eginda zeuden gure arbasoen hilobietan, eta guri ostuta artoa, garia eta babak... Massassoit, wampanoag-tarren buruzagi handiak, bazuen horren berri; hala ere, berak eta bere herriak abegia egin zieten etorri berriei, eta adiskidantza eskaini zieten... Ez zekiten 50 urte igaro barik wampanoagtarrak eta etorri berriengandik gertu bizi ziren beste indio batzuk hilda egongo zirela, haien armen bidez edo haiengandik hartutako gaixotasunez... Gure bizimodua ia galduta badago ere eta gure hizkuntza ia hilda dagoen arren, gu, wampanoagtarrok, oraindik gaude zutunik Massachusettseko itsasertz hauetan.
... Gertatu dena gertatu da eta ezin liteke aldatu, baina orain Amerika hobe baten alde dihardugu lanean, Amerika indiarrago baten alde, non jendea eta natura berriz ere izango diren inportanteak".

Beraz, lagunok, Thanksgiving egunean, nik gogo gutxi eduki nuen indioilarra jateko. Baina ez pentsa, ez, eskerrak emateko gogorik izan ez nuenik. Estatu Batu hauetan dauden Loewen bezalako pentsalari ausart eta zorrotzei eskerrak emateko gogo ikaragarria etorri zitzaidan, eta kapitulu pare hau idaztea izan zen bururatu zitzaidan Thanksgiving horretarako modurik aproposena. It just came to my mind while I was Basquing in the sun.

Beste gaizto bat

Beste gaizto bat 2006-11-27 09:19 #1

Segi, segi gaiztoa izaten eta horrelako liburu interesgarriak irakurtzen! Modu horretara ezagutuko ditugu zure irakurleok Loewe eta horren ondoren irakurriko dituzunak.

M. S.

Jackson Pollock

Jackson Pollock 2006-11-28 08:56 #2

Jakina, gauzak ez dira izaten agertzen diren bezain sinpleak. Horregatik esaten zozkun unibertsitateko irakasle batek, "ez galdetu Zer?, Nor? edo Noiz? Galdetu Zergatik?"

Lost Hawk

Lost Hawk 2006-11-28 22:27 #3

Gainera, Virginia Tabakoaren lurraldea da (Zalakainen osabari ez zioten uzten nafarroan ereiten, eta horregatik erosi behar dugu erretzaileok Marlboro eta brand abarrak); txarrena ez da plantazio handien esklabutza pekatua; Virginian gehienak baserri txikiak ziren, pare bat esklaburekin... kristau onak denak seguruenez.

Kontua da ze, nork irakatsiko zien tabakoa lantzen eurparrei? bakea barik gerrarako da baina...

Lost Hawk

Lost Hawk 2006-11-28 22:59 #4

Squantoren 'narratiba' Equiano-renarekin jar daiteke harremanetan, badakizu Vincent Carrettak editatutakoa Pinguin-en.

Aristotelek ere bazekiten esklabutza txarra zela, bera makedoniarra izanik ezin zuen-eta boturik eman Athenasko demokrazian. Aristotelerengandik dakigunez dakiguna, bete betean esan daiteke beldur barik Europako ekonomia esklabutzan oinarritu izan dela beti, salbuespenik gabe. Gero AEBetako mendebaldeko trena eraikitzeko txinatarrak erman zituzten, eta horiekin asmatu zen gaurdaino dirauen esklabutza sistema berria: emigrazioan oinarritua. Legea zure alde daukazu, eta egiten duzuna beste hauxe da, lana pribilegio bilakatu, eta horixe izaten da sarrera ordain-saria.

Ana Morales

Ana Morales 2006-11-28 23:13 #5

Buf, Lost Hawk, zelako sustoa hartu dudan zure lehen mezua irakurtzean! Hasikeran ulertu dot neuk gogorarazten nizula euskaldun fanatiko hori, gure arbaso Arriaga beldurgarria!! (zelako perlatxoak izan ditugun gero; Pierre de Lancre maitatua ere euskaldunen ondorengoa zen, gogoratzen?...)Bai, akordatzen naiz Arriagaz, Lost Hawk, zuk zeuk eman zenidan haren berri eta.
Objektu sakratuak apurtzea dela eta: Ms Aperry Sagar Handian egon zenean, NYeko zinemaldira joan ginen ta han erdi dokumentala erdi fikzioa zen pelikula bat ikusi genuen, Knud Rasmussen esploratzaile eta zientzialari daniar/inuitaren diarioetan oinarritua. 20ko hamarkadan lau edo bost bidaia egin zituen Estatu Batuen menpeko lurralde arktikora, Thuletik abiatuta. Bueno, ba pelikula horretan ikusten zan atzerritarren eragina zelan hasi zen sartzen inuiten kulturan merkataritzaren bidez, eta zelan hasi ziren kolokan jartzen euren bizimodua, ohiturak eta sinesteak. Gosete handi eta krudel batean, ikusita kristautu direnek janaririk badaukatela (atzerritarrek emanda), azkenean xamanak uzten du bere ezpiritu zaindariak indar barik geratu direla, eta abandonatu egin behar dituela. bihotz erdiragarria da zelan apurtzen dituen xamanak objektu sakratuak eta azkenean belaunikatzen den mezan (meza beste inuita kristautu bat ematen zebilen, eta ez zion janaririk emango harik eta belaunikatu arte...)

Lost Hawk

Lost Hawk 2006-11-28 23:27 #6

Katolikoen poza.

Badago hala ere, poz maltzur bat, Atlantikoaren alderik etonozentrikoenetik egin ohi den kritika anti-amerikarra, zeinek balio duen europar nazionalismoa eraikitzeko (eta ez da zure kasua, azken parrafoan diozun legez); katolikoei (olentzero eta jaiotzak eta hator-mutil-etxera-k eta ospatzen dutenei) ahaztu egiten zaie zein izan daitekeen jatorri mitoa talde protestantearen inguruan josteko arrazoirik emankorrena.

Katolikoen munduan (orain laikotasunez mozorrotuan) apezpiku edo epistikuak daude, hau da, epi-scopus edo ikuskatzaileak. Horrek hierarkia ezartzen du, eta hierarkiak obedientzia eta zentsura; hortik alderik txarrenenetakoa arrazoitzeko modua perbertitzean datza, katolikoek ez dute zertan arrazoitu, nahikoa dute nork esaten duen aipatzearekin (horretaz asko dakigu Euskaltzaindiaren arauak inoiz arrazoitzen saiatu garenok, ezta?, encima son monarquicos!). Adibidez, katolikoen burokraziak ez du ezer komunikatu behar, nahikoa du nork agintzen duen erakustearekin; ulertze lan hermeneutiko guztiak zergadunaren lepora datorkio zama (hortxe datza italo calvinoren antilinguaren 'deskubrimendua', anglosaxoiak xvi menderako plain englishekin konponduta zutena). Bale.

Orduan, imajin dezagun, egin dagigun, talde administratiboki artikulatu bateko kideak garela, esan dezagun forudun bizkaitarrak, eta beraz auzotzeko betebehar batzuk eskatzen zaizkiola etorri berriari (Hui! aldendu egingo dut apur bat auzia).

Aber, imajina dezagun ameriketara heldu berri den talde marjinatu bateko kideak garela, protestanteak. Alde batetik Erromako hierarkiatik babestu behar gara, eta horretarako esaten dugu ez dagoela listoen zerrendatze bat, baina bestetik talde horretan sartzeko probak ere eskatuko ditugu, demostratu behar delako benetan sinestuna zarela. Ba hortxe bertontxe daukagu sistema bat zeinetan demokraziarako ingurune soziala ez ezik emakumeei ere berba lehenago eskainiko dion, casa-de-la-praderako eskola-elizan gertatu zen legetxe, hain zuzen, han (eta ez Eupeme Deunaren zin-elizan) denek hitz egin ahal zutelako, bizar-zakilik izan zein ez.

Horixe da benetan puritanismoa (eta ez dauka Clintonen softpornarekin zerikusirik).

Ana Morales

Ana Morales 2006-11-28 23:42 #7

Guziz ados, Lost Howk. Ezin dot jasan europar batzuen autokoplazentzia akritikoa. Horregatik amaitu nuen parrafo horrekin. Dana dela, hori idaztean gogoan dauzkazu lehen emakume predikatzaileak (hain zuzen eliza ofizialetako disidenteak, quakeroak etab) eta horretaz, i m sorry, baina europar librepentsalari askok ez daukate ideia zipitzik ere. Puritano hitza ikasi, horiei leporatu eta euren zilborrari begira jarraitu. Lehengoan batek esaten zidan "a ze arraroa den anglikanoen burua UK'ko erregina izatea", ezta? hau da, eremu zibileko burua eremu erlijiosoan sartzea... Bueno, gaur bertan Nazio Batuetako batzorde baten bileran egon naiz. Eztabaidagaia: Israelen jokaera Palestinan. Botazioa izan denean panel elektronikoan begiratu dut eta hara non ikusi dudan la Santa Sedek botoa zeukala... Eta nor da horko burua?

2008-11-04 20:11 #8

Utzi iruzkina: