Telemom
Behinola Telemom ikusi nuen. Aurpegiera xelebre xamarra zeukan, erdi triste erdi pozik, begiak ilun eta ahoa argi, edo ahoa ilun eta begiak argi, ez naiz akordatzen.
"Zer duzu, Telemom?" esan nion.
"Babyboy-rekin egon naiz berbetan telefonoz".
Ia hilabete bi dira Telemomek ez duela Babyboy ikusi. Batzuetan Telemomi protestaka hasten zaio bihotza, tximur eta lehor. Esaten dio ea zelan gura duen taupa-taupa aurrera jarraitzea, potolo eta gorri, mailuki fresko eta urtsu baten moduan. Horrela segituz gero, granate eta siku geratuko dela, mahaspasa eginda. Horixe esan zion berriro ere Telemomi, hark Babyboyrekin telefonoz berba egin zuen azkenekoan.
"Bidali didazu irudia, Babyboy?" galdetu ei zion Telemomek Babyboyri telefonoan.
Izan ere, Babyboy artista handia da, batez ere sormenari dagokionez, eta itzelezko irudiak egiten ditu. Telemomek bat eskatu zion postaz bidaltzeko, horrela mahaspasa apur bat mailukituko zitzaiolakoan.
"Ez, Telemom. Ezin izan dut. Oso gatxa da, ez dakizu ondo. Goizean altxatu, armozua jan, jantzi, arineketa batean aldapan gora... gero bat-batean, konturatzerako, gaua heldu da eta ez dut astirik izan. Baina eginda daukat eta gutunazalean sartzea baino ez da falta. Erdi txoria erdi arraina da".
"Ene, hori itzela da, Babyboy! Irrikatan nago jasotzeko. Aizu, Babyboy, ez dakizu zelako gogoa daukadan zu hona etortzeko. Ezin dut beste ezertaz pentsatu".
"Ni ere desiatzen nago, Telemom. Jope! Badakizu zein dan gehien-gehien egiten dudan ametsa? Zu hona etorri zinenekoa. Zelan heldu zinen etxeko atera eta ni zure zain nengoen. Ia-ia gauero egiten dut".
Telemomek tirakada bat sentitu du bular azpian. Bihotza mailuki handi, gorri eta potolo bat egin zaio bat-batean, eta min pixka bat ere eman dio. Diote hazteak min apur bat ematen duela beti.
"Oso ederra da hori, Babyboy", esan du Telemomek, eta itxi egin du ahoa, ze etorri zaion berba luzeegia da esateko --neuregoxoamaitiabihotzalaztanaetxekopozanirebizikoargiaenekutuna-- eta gainera agian ikaratu egingo du Babyboy halan hasten bazaio bat-batean, zeozer larria pasatuko balitz bezala.
Horren ordez, hau esan dio:
"Oso harro nago zutaz, Babyboy. Zure txori-arrainaz eta mutil handi eta ausarta zarelako". Hau esan dio Babyboy laster astebete pasatzera joango delako urrun, mendiko aterpetxe batera, beste hizkuntza batez berba egiten duten neska-mutiko ezezagunen talde batekin, eta Telemomek badakielako hori gogorra egiten zaiola Babyboyri, baina badaki, era berean, Babyboyk aurre egiten diela beti erronka zailei, hankak apur bat dardarka eduki arren. Horregatik jakinarazi gura dio Telemomek oso harro dagoela, baina ez du larregi horretaz hitz egin nahi, ez du ikaratu gura Babyboy. Ze, Babyboy kristalezkoa da: gardena eta hauskorra.
"Oso harro, Babyboy, ze, badakizu gauza bat? Meritua ez dauka beldurrik ez izateak, beldurrari aurre egiteak baino. Hortxe dago koxka. Musu handi bat, Babyboy, ondo-ondo ibili. Asko maite zaitut" (egia esan, Telemomek ez dio esan "asko maite zaitut", "askogutzut" baino. "Askogutzut" hizkuntza misteriotsu bateko berba ezkutu bat da, "asko maite zaitut" esaldiaren esangura bera bider hamaika adierazi nahi duena).
"Nik ere bai, Telemom", erantzun du Babyboyk.
"Baina nik askogutzut, askogutzut, entzun? Ez ahaztu inoiz. Ez ahaztu inoiz", esan dio Telemomek urgentzia pixka batez.
Babyboyk barre egin du telefonoan, harrituta, sinestu ezinik bezala: "Telemom, zelako txorakeria! Zelan ahaztuko zait hori? Hori ezin zait ahaztu!"
Telemomek ere barre egin du, eta horrela, barreka, agur esan diote elkarri, oso modu polita baita elkarrizketa bat amaitzeko. Baina eskegi duenean, Telemom leihotik begira geratu da, Babyboyrekin hitz egin ondoren gehienetan geratzen den bezala, eta pentsatu du hurrengoan kontu handiagoz ibili behar dela, agian ez dela komeni Babyboyri halako gauzak esatea, ez ahazteko kontu horri ekinez gero, beharbada halako batean Babyboyri ez zaiola irudituko hain pentsaezina eta hain ezinezkoa Telemomek askogutzola ahaztea...
Eta orduan Telemomek otoitz egin gura izan dio baten-bati (ez daki nori baina, jainko-jainkosa guztiak haserre ditu-eta) arren egun hori inoiz ez heltzeko edo asko asko atzeratzeko, eta tenkada bat sentitu du berriro bularraldean, berriro mahaspasatzen hasi zaion mailuki gurako bihotz kargante horrena...
Iruzkinak
Lost Hawk 2007-03-06 16:24 #1
Babyboyk egunero dauka pentsamendu bat telemomarentzako,
egia da Babyboy galduz doala aurrizkia, horrek Mukur-Aztoratu ere harritzen du,
behinola dutxan handiegia egin zitzaion M-Ari belakiagaz gorputz hori garbitzekom
ihesi doakion aldia, albo-alboan eduki arren,
egunerokotasunak irensten baitu poesia oro oso estratejia erraz batez,
gogoa zehetasun tentelez beteaz;
baina esaiozu telemomi oraindik Babyboyk badakiela behar bezala begiratzen,
eta beharra alde bitara doala
Esaiozu telemomiri M-Ari denborak eskuetatik egiten diola ihes
eta ez duela ezer altxatzeko ez astirik ez bururik
Orain Berlina urdin bat hartu behar du MAk, ea kalabaza bihurtzen zaion

Utzi iruzkina: