Sojourner Truth: Ain't I a Woman?

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-02-15 05:14
2

Akron, Ohio, 1851. Emakumeen Eskubideei buruzko Biltzarra. Hizlari eta entzuleak eliza batean daude bilduta, mahaiburua Frances Gage ekintzaile feminista dela. Gagek egun haietan gertatukoaren berri jaso zuen The History of Woman Suffrage liburuan:

Gure mugimenduaren buruzagiak dardarka jarri ziren ikusi zutenean emakume handi, ihar, beltz bat sartzen. Soineko grisa eta eguzkirako bonet zarpail bat zeramatzan, eta bonetaren azpian turbante zuria. Erabakitsu sartu zen elizan, erregina baten aireaz joan zen pasabidean gora eta pulpitoko eskaileretan jesarri zen. Etxe osoan hasi zen gaitzespenezko marmarra zabaltzen, eta belarria jarriz gero, honelakoak entzuten ziren: "Abolizio kontuak orain!", "Emakumeen eskubideak eta muturbeltzak!", "Esan nizun, bada!", "Ospa hemendik, beltxarana!"... Behin eta berriro, beldurtiak eta dardaratiak etorri zitzaizkidan estu-estu eskatzen: "Ez utzi berba egiten, Gage andrea, hondatu egingo gaitu! Herriko egunkari guztiek nahastuko dute gure kausa abolizioarekin eta muturbeltzekin eta salatu egingo gaituzte!". Nik erantzun bakarra eman nuen: 'Ikusiko dugu denbora datorrenean'.


Hitzaldien bigarren eguna da. Frances Gage dago, bezperan legez, mahaiburu. Giroa pil-pilean dago. Eliza metodista, baptista, episkopaliar, presbiteriar eta unibertsalistako ministroak etorri dira biltzarrera eta kontraerasoari ekin diote, euren ustezko jakituria eta jainkozkotasunak ematen dien autoritateaz. Bat hasi da argudiatzen gizonek eskubide eta pribilegio gehiago izan behar dituztela emakumeek baino, "adimen sendoagoa" omen dutelako; beste batek gauza bera aldarrikatu du, baina "Kristoren gizontasunagatik"; izan ere,  Jainkoak emakumeen berdintasuna gura izan balu, Bere borondatearen zantzuren bat emango zuen gure Salbatzailearen jaiotza, bizitza eta heriotzaren bidez. Hirugarren batek lehen emakumearen bekatuaren ikuspegi teologikoa azaldu du...

Hona, berriz ere, Frances Gagen hitzak:

Garai hartan oso emakume gutxi ausartzen ziren "bileretan berba egiten"; eta bazirudien herriaren irakasle augustuok gaina hartzen ari zitzaizkigula, eta bitartean, galerietan zebiltzan mutilak eta bankuetan jesarrita zeuden burlatiak ederto pasatzen zebiltzan "buru gogorrok" deseroso -hala uste zuten behintzat- ikusita. Gure arteko bigunenetako batzuk duintasuna galtzear zeuden eta trumonada usaina zegoen airean. Eta orduan, Sojourner Truth bere txokotik hasi zen altxatzen astiro-astiro, ordura arte burua apenas jaso bazuen ere. "Ez utzi berba egiten!" esan zidaten arnaska dozena erdi batek belarrira. Astiro eta solemne etorri zen aurrealdera, bere bonet zaharra kendu eta lurrean utzi zuen eta bere begi handi eta adierazgarriez begiratu zidan. Goian eta behean gaitzespenezko txistuak entzun ziren. Aulkitik altxatu eta zera esan nuen: 'Sojourner Truth', eta entzuleei eskatu nien apur batean arren isiltzeko.

Iskanbila segituan baretu zen eta begi guztiak harengan jarri ziren. Amazona bat zirudien ia: metro eta laurogei bat zentimetro luze, burua tente, begiez goialdeetako airea zulatuz, ametsetan dagoenaren erara. Lehenengo hitza esan zuenean isiltasuna erabatekoa egin zen. Doinu sakonaz egiten zuen berba, ez ozen, baina bai bertako guztien belarrietaraino heltzeko moduan, are eta ate-leihoetan pilatutako jendetzaren artetik kanpora zabaltzeko moduan ere bai.

Sojourne Truthen egun hartako hitzaldia History of Woman Suffrage liburuan jaso zuen Frances Gagek. Harrez gero, oso ezaguna egin da "Ain't I a Woman" izenaren pean (poema formako bertsioa ere badago).

Hona hemen, bada, Soujourne Truth edo ebidentziaren indarra (parentesi karratuen artekoak Gageren azalpenak dira):

<<Tira, umeok, hainbeste zaratarekin zeozer egon behar da ba hemen txarto dabilena. Uste dut Hegoaldeko beltzak direla eta Iparraldeko emakumeak direla, danak euren eskubideak gora eta behera, gizon zuriak tente-tente ipiniko direla arin batean. Zertaz da, baina, berbeta hau dana?

Horko gizon horrek dio andreei lagundu egin behar zaiela kotxeetara igotzen, altzoan hartu behar dituztela ubideen gainetik pasatzeko eta lekurik onena eman behar zaiela toki guztietan. Inork ez dit ba egundo kotxeetara igotzen laguntzen, edo altzoan hartzen putzuen gainetik pasatzeko, eta inork ez dit ba ematen lekurik onena inon ere!

[Eta bere luzera osoan tentetuta, zeruan lehertzera doan trumoiaren doinuaz honela esan zuen:]

Eta ez naiz emakumea ala?

Begiratu niri! Begiratu beso honi! [eta eskumako beso zaildu eta gihartsua bilustu zuen sorbaldaraino]

Goldean egin dut, erein egin dut eta uzta batu eta biltegietara eroan, eta inongo gizonek ez zidan gaina hartzen! Eta ez naiz emakumea ala? Gizon batek adina lan eta gizon batek adina jan nezakeen... jateko zeozer edukiz gero... eta gizonak baezain ondo jasotzen nituen latigo kolpeak!! Eta ez naiz emakumea ala? Hamahiru ume egin nituen eta ia guztiak esklabu salduta ikusi, eta nire amaren bihotzeko min berberarekin negar egin nuenean Jesusek beste inork ez zidan entzun. Eta ez naiz emakumea ala?

Gero buruaren kontu hori ateratzen dute, zera, zelan deitzen diote? ["intelektoa", esan ei zuen ahopeka hurbileko norbaitek] Bai, laztana, horixe. Zer zerikusi dauka horrek emakumeen eskubideekin edo beltzen eskubideekin? Nire basoa pintakoa bada eta zurea kuartokoa, ez zinateke ba gaiztoa izango utziko ez bazenit nire baso erditxo hori behintzat betetzen? [Eta hori esatean atzamarra luzatu zuen modu esanguratsuan, aldi berean zuzen-zuzen begiratuz berba egindako abadeari. Aldeko oihuak gero eta ozenagoak ziren].

Baina beltzez jantzitako gizon txiki horrek, horrek dio emakumeek ezin dituztela izan gizonen eskubide berberak... Jesukristo emakumea izan ez zelako!

Nondik etorri zen ba zure Jesukristo?

Nondik etorri zen zure Jesukristo?

[Trumoi eztanda batek ezin izango zuen jendetza hura isilarazi emakume horren doinu sakon eta izugarriek bezala, hantxe zutunik, besoak zabal-eginda eta begiak sutan. Ahotsa areago goratuz, honela esan zuen:]

Jainkoak eta emakume batek egin zuten. Gizonak ez zuen zerikusirik izan!

[Zelako muturrekoa izan zen hura gizon txikiarentzat! Beste bat ere atera zitzaion orduan kontra eta Soujourner Truthek, harexeri zuzenduz, Ama Eva defenditzeari ekin zion. Ezin izan nuen dena jaso, baina esandako guztia harirakoa zen, zorrotza eta solemnea, eta esaldi bakoitzak gortzeko moduko txalo zaparradak sortzen zituen. Eta honela amaitu zuen:]

Jainkoak egindako lehen emakumea mundua azpikoz gora jartzeko bezain indartsua izan bazen bera bakarrik, hemengo emakume guztiok elkar hartuta [eta mintzatokitik entzuleei begiratu zien alderik alde] gai izan beharko ginateke ostera ere munduari buelta eman eta eratara jartzeko! [Honi biba eta txaloen zaparrada luzeak jarraitu zion]. Eta orain emakumeak hori eskatzen dabiltzala, hobe dute gizonek hala egiten uztea!

Obligatuta geratzen naiz zuekin eta eskerrik asko entzuteagatik eta orain Sojourner zahar honek ez dauka ezer gehiago esateko>>.

Sojourner Truth: New Yorkeko plantazio batean esklabu jaiotako emakumea. Abolizionista, sufragista, heriotza zigorraren aurkakoa,  herririk herri ibilitako hizlari bikaina eta aktibista nekaezina. Bideak ibiltearen ibilteaz, zauritu egin zitzaizkion hankak eta, Kellog Doktoreak Battle Creek-eko bainuetxean osatzeko ahaleginak egin arren (bere azalaren beraren injerto bat eginik diotenez), hil egin zen azkenean 82 urte zituela. Soujourne Truth, otsoen eta hotzaren otsail honetan, African American History Month honetan, ez daukat nahiko kapelarik zure aurrean eransteko.

May all the African American People nicely go Basque in the sun.

Jackson Pollock

Jackson Pollock 2007-02-16 08:41 #1

Rory Block blues woman-ak "Ain't I a woman" izeneko diskoa egin eban 1992an, eta bertan esaten dau Sojourner Truth-en berbak irakurri ebazanean negar egin ebala. Disko bat egin behar ebala eta diskoari "Ain't I a woman" izena ipini behar eutsola sentitu ei eban, jendeak horrelako berbaldiak ez dauzalako ahaztu behar. Bere ustez, Sojourner Truth-ek afroamerikarren alde, emakumeen alde eta, azken finean, gizakien alde egin eban berba.<br />

Ana Morales

Ana Morales 2007-02-22 05:35 #2

Eskerrik asko erreferentziagatik, Jackson, aukera eduki bezain laster, eskuratu egingo dot disko hori. Neuri be negarra jatort irakurtzen doten bakoitzean. Eta, pentsa, urri aldera Ms Aperry eta GBK-rekin batera, New Paltz izeneko herri eder bat bisitatzera joan nintzan, New York estatuko iparraldean. Hemendik dagozan etxerik zaharrenetako batzuk dagoz hor, hamazazpigarren mendekoak. Etxe ederrak eta herri polita, zinez. Holandesak ei ziran kolonoak. Gustura ibili nintzan han hemenka argazkiak egiten eta etxe zaharrak ikusten... <br />&nbsp;&nbsp;&nbsp; Etxe eder haietako batek basementa eukan, eta leiho txiker eta tristetik begiratuz gero, gela ilun eta bilusi bat ikusten zenduen, ziega bat ia. Karteltxo batek (nahiko modu diskretuan, konparatuta ordura arte kolonoen lorpenei buruz ikusitako kartel "zelebratorioekin") adierazten zauen "segurutik" bi edo hiru esklabu izango zituela jaube horrek, eta hori izango zala euren bizilekua. Eta, beitu, hara non jakin dodan Sujourner Truth saldu zauienetako baten (hainbat jauberen eskutik pasatu zan eta) nora-eta New Paltz idiliko horretako jaube baten mendera heldu zan... <br />&nbsp;&nbsp;&nbsp; Beste kontu bat: jope, behinola zure lanak ikusten egon nintzan MOMAn. Bihurria zeu: koadroetako batean giltza bat, zigarro mutur bat, txanpon bat eta tapoi bat antzeman nituen inkata zure margo eskultoriko lodi horretan... Ondo pasatzen zenduen gero...! Nik be bai, alajaina!!<br />


Utzi iruzkina: