Russian thinking

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-04-30 03:56
2

Errusiera ikasten hasi naiz, eta, leku guztiz berri batera heldu den turista bezala, aho zabalik nabil bere kaleetan zehar, inguruetara miraz eta harriduraz begiratzen. Pauso bat eman, eta zubi, etxe edo kantoi interesgarri bat aurkitzen dut.

Izan aditzaren etorbidea misteriotsua da oso. Errusieraz izan aditza ez da erabiltzen orainaldian. Adibidez, Ni itzultzailea naiz esan gura baduzu, Ni itzultzailea esan behar duzu, gure artean Tarzanek inmortalizatu zuen estiloan: Ja perevodtxitza. Eta, ni euskalduna naiz esan nahi baduzu, ba, gauza bera: Ni euskalduna, Ja baskonka. Eta berdin Ni ama, Ni emakumea, Ni Anna Moralovna.

Batek esan lezake errusieradunek neurrizkotasun pudoroso baten atzean babestu nahi luketela euren burua definizio esentzialen ausardia harroxkotik. Irribarre erdiaz eta burua alde batera okertuz esango balute bezala: Zer diozu? Zarela zer...?? Oraintxe? Eta non dago oraina? Non dago izatea?

Idatziz ere, marra diskretu bat egiten dute subjektu eta atributuaren artean, batetik bestera doan amildegiaren zorabioari aurre egiteko zubitxo errukitsuaren antzera: Ja _____ perevodtxitza.

To "izatearen arintasun jasanezina" edo, zehatzago esanda, "orain + izatearen" ezinezkotasuna. Izan ere, esaldia amaitzen dudanerako, oraina iragana da eta etorkizuna, berriz, ez da heldu. Denbora eta izatea egiten dira des, zigarroaren kea bezala.

Izan aditza sorpresaz beteta dago errusieraz. Gauza bat zelan esaten den galdetzeko, ez dute esaten "zelan esaten da hori?" baizik eta "zelan izango da?", izan aditza geroaldian jokatuz. Kak  budet? Esperantza gutxi, nonbait, definizioen iraupenean. Flan dardaratiak dira mundua eta bere izakiak errusieradunen ezpainetan.

Baina, itxaron: ondo pentsatuta, ez dut egia osoa esan. Kasu batean bai erabiltzen da errusieraz izan aditza orainaldian, baina singularreko hirugarren pertsonan bakarrik, eta, hara non, guztiz bestelako gauza bat adierazteko, zer-eta jabetza. Baina, adi honi: gauza bat daukazula adierazi gura duzunean, izan aditza darabilzu orainaldian eta singularreko 3. pertsonan, bai, baina daukazun gauza hori bihurtzen duzu izan aditzaren subjektu, ez zeure burua, panparroi hori. Zu, gauza horren alboan besterik ez zaude. Argiago esan dezadan: "Nik laguna daukat" esateko "nire alboan laguna da" esan behar duzu. U mina iest druk.

Zu hortik pasatuko bazina bezala, kasualitatez edo. Edo, hor nonbait zaudelarik, zigarro bat erretzen urrunera begira agian, edota aspaldiko lagun horri telefonoz deitu behar diozula pentsatzen, halako batean gauza hori, orainaldiko izan aditzaren subjektu izateko bezainbesteko kategoria daukan gauza ilustre hori, zure alboan paratuko balitz bezala. Eta orduan esaten duzu, "kontxo, nire alboan xxx dago! " Espresioak berak edukitzearen badaezpadakotasuna iragarriko balu legez, azaharearen zigilua erantsi nahiko balitzaio bezala edukitze horri, ez dezagun ahaztu patuaren dadoak modu askotara jausi daitezkeela.

Beharbada horregatik guztiagatik, errusieradun bati galdetzen zaionean "zer moduz?" ez du erantzuten sekula amerikarren optimismo uholdearekin. Amerikarrei galdera errutinario hori egiten diezunean, ematen du euren bizitzako egunik eguzkitsuenean harrapatu dituzula: good, really good, wonderful, just great!!! erantzuten dute beti, nahiz eta askotan begirada ortzemugan galduta izan eta irribarrea izozturik. Errusieradunek, aldiz, "kili-kolo" edo "txarto-ez" erantzun ohi dute, edo, asko gustatzen zaidan espresio bat erabiliz, "normal".

Egin dut hizkuntzaren filosofia merke eta faltsua eta barkatu, baina tentazioa handiegia izan da. Sinpatia handia hartu diot erlatibismo lotsagabeari hitz emanda dirudien hizkuntza honi, -a bukatzen diren hitz guztiak arauz femeninoak dituen eta salbuespenen artean hain justu "gizona" esan nahi duen mujjina hitza daukan hizkuntza honi.

Halalako tontakeriak bururatu zaizkit udaberri zalantzati honetan while I was Basquing in the sun.

aperri

aperri 2007-05-08 13:26 #1

Barkatu, Morales,

aspaldi idatzi duzu pasarte hau, baina gaur irakurri dut... Azken boladan ez diguzu idazlan askorik eskaini eta ia galduta izan dut zure blogera sartzeko ohitura. Hala ere, jakin ezazu, ez zaitugula ahaztuta; badakizu-eta zu, gurean, "mari presente" zarela, adiera eta asmorik onenarekin adierazita, noski!

laster arte

Lost Hawk

Lost Hawk 2007-05-24 14:01 #2

...eta dinot nik bada zer egon ote daitekeen errekuperatze lanez New York inguruan:

- Ellis Islandak direla (interpretariek erabilitako hizkuntzen artean ez ote zen euskara ere ibiliko),

- edo erretorika femeninoaren liburutzat har daitekeen sukaldaritza apunterik hortik zehar...

animo ba!!!

Utzi iruzkina: