PREST!
Basque Woman in the Sun azkenaldi honetan ohi baino aztoratuago dabil. Berak asko esan, bai, polikronikoa dela, baina gero ardura txikiena sortzen zaionean ez da gai ardura horretaz besterik pentsatzeko: jan, lo, lan, bizi... ardura horren inguruan egiten du dena. Ez da, ez, BWSi ezer latzegirik gertatzen zaionik, ez. Edozein pertsonaren ohiko arazoak, besterik ez. Bizitza. Baina, horixe, azkenaldion kontu asko darabiltza buruan eta dio ez dela gauza kontzentratzeko. Gauzak horrela, eskutxoa eskaintzea erabaki dut (beste hainbestetan bezala).
"Aizu, BWS", esan diot. "Gura baduzu, nik edukiko dizut bloga eguneratuta".
Espero nuen bezala, mesfidantzaz begiratu dit, badakigu BWS zein harroxkoa den. "Ez dakit ba, Basque Woman Reporter. Eskertzen dizut asmo ona, baina...".
"Nik, berriz, ez dizut eskertzen konfiantza", erantzun diot garraztasunez. "Baina lasai: ez dut nik idatziko, zure testuak izango dira".
"Nireak? Nik ezin dut oraintxe ezer idatzi, beteegia daukat burua zeraren...". Bekokia ilundu zaio bere "arazoak" gogoratze hutsarekin.
"Ez orain idatzitakoak, aspaldian baino. Zuk ez zenuen ba urtebetez idatzi hilean artikulu bat Prest! aldizkarirako?"
"Bai...".
"Bueno, ba testu horiek eskegi ditzakegu. Zuk eman dokumentuak eta nik ipiniko ditut".
"A, ze ideia ona!" argitu zaizkio begiak BWSi (ez diot esan ideia Lost Hawkek eman zidanik; gutxitan aitortzen dit ezer onik emakume honek, eta unearen eztia dastatu nahi nuen). "Baina, zera...", jarraitu du beherantz begira. "Eeem... ez dakit non dauzkadan, uste dut galdu egin ditudala testu elektronikoak".
Horra hor BWS bere betetasun diztirantean. Enfin. Eskerrak profesionala naizen eta bere burua estimuan daukan edozein kazetarik bezala, kontaktuak ditudala. Dei bat hemen, mezu bat hor, eta berehala harremanetan jarri naiz Prest! aldizkariko zuzendari prestu Hektor Ortegarekin. Hori bai kazetari fina: berehalako batean helarazi dizkit BWSek urtebetean idatzitako testu guztiak. Eta eurekin batera, xehetasun jakingarri bat: hilabete bat falta da. Dirudienez, BWSek kale egin zuen hilabete batean.
"Bai, nahiko alprojatxoa zen lan egiteko" adierazi dit Ortega jaunak elkarrizketa esklusiboan. "Beti ibili behar ginen haren atzetik. Azken-azken unean entregatzen zituen beti artikuluak, eta, gainera, hirutik bitan luzeegiak ziren. Ondo zekien 300 berba zela muga, baina, hala ere, beti moldatu behar genuen orrialdea bere artikuluari espazio gehiago uzteko. Nahiko sasoi estresagarria izan zen hura, bai. Ah, eta behin aurkeztu ere ez zuen egin artikulua".
"Ezin dut sinestu!", erantzun diot barrutik pozez gainezka.
"Bai, hala da. Ez dut orain xehetasunik emango, baina aleetako bat bere lana barik atera behar izan genuen".
Grabagailua amatatu dudanean BWSi buruzko gauza mamitsu gehiago kontatu dizkit Hektor Ortegak, baina dotoreziak hemen esatea galarazten dit. Begiratua eman diet artikuluei eta, zer esango dut, orraztu eder bat ondo etorriko litzaiekeela iruditu zait. Jakina, burutik pasatu ere ez nik hor eskua sartzea. Gozo jarriko litzateke seƱora. Eta, bestalde, berari esaten badiot orain dela bost urte idatzitako testu horiek zuzendu eta eguneratzeko (batzuk unean-unean gertatutako gauzei lotuta daude), aldapa gora-gora egingo zaio eta azkenean esango dit hobe dela ezer ez ateratzea. Beraz, erabaki dut haien artetik itxurosoenak aukeratzea eta dauden-daudenean ateratzea, nik gura dudan hurrenkeran, hori bai. Eta hurrengo atalean daukazue lehena. Eskerrik beroenak, nola ez, Lost Hawkeri ideiagatik eta Prest! aldizkariari eta bertako zuzendari Hektor Ortega lankide bikainari, testuak eskuratzeagatik.
Hemendik aurrerakoak ez du zerikusirik Basque Woman Reporterrekin.
Iruzkinak
Lost Hawk 2007-10-15 11:27 #1
Kaixo BWS
Arazotxo teknikoak sortzen dira orrira sartzeko, nik uste dut astunegia dela. Posibilitate bat izan daiteke apurtzea bi zatitan, hau da, sarrera eta gero artikuluak eurak bakoitza bere izenburuarekin, hartara erantzunak hobeto eskegiko ziren.

Bestalde esteka hauxe aurkitu dut Prest (Deustukoa) eta Berton (Mahatserrikoa) aldizkariei buruz, aspaldi Hektorrek euskonewsen idatzia:

http://www.euskonews.com/0157zbk/gaia15708eu.html

Oso lan ona, as usual

Utzi iruzkina: